Gibelapenezko kartzela zigorrak U-14ko bi gazterentzat

Urrian epaitu zituzten bost gazte, hainbat ekintza leporatuta. Isunak ordaintzera eta frantses hiritartasuneko ikastaroak egitera zigortu dituzte, eta manifestaldietan parte hartzea debekatu diete, hiru urtez. Elkarretaratzera deitu dute 19:00etarako.

Bost gazteen kontrako epaiketa Baionako auzitegian egin zuten, 2024ko urriaren 14an. GUILLAUME FAUVEAU
Bost gazteen kontrako epaiketa Baionako auzitegian egin zuten, 2024ko urriaren 14an. GUILLAUME FAUVEAU
Leire Casamajou Elkegarai.
Baiona
2025eko urtarrilaren 14a
15:30
Entzun

Andeatzeak eta bortizkeria egozten zizkieten bost gazteei bere erabakia eman die Baionako Auzitegiak: bostetatik biri hamabost hilabeteko kartzela zigorra, gibelapenarekin —bost urteko epean beste zigorrik jaso ezean ez dute bete beharrik izanen—. Horiek biek eta beste batek frantses hiritartasuneko ikastaroa ere egin beharko dute, eta manifestaldietan parte hartzea debekatu diete hiru urtez —Pirinio Atlantikoetako departamenduko eremurako balio du debekuak—. Azken biei interes orokorrekotzat jotako lanak egiteko zigorra ezarri diete, 140 orenez.

Horrez gain, isunak ere ordaindu beharko dituzte: gibelapenezko kartzela zigorra dutenek, 500 euroko isuna; interes orokorreko lan orenak dituztenek, 1.000 euroko isuna, 500 euroko gibelapenarekin; eta bosgarrenak, 25 euroko isuna 68 egunez, egunero, kartzela saihesteko —1.700 euro dira orotara—.

Hamar egun dituzte erabakiari helegitea jartzeko, baina oraino ez dute erabaki zer eginen duten. Elkarretaratzera deitu dute gaurko erabakien salatzeko, Baionako Herriko Etxe aitzinean, 19:00etan.

«Ez gaituzte entzun»

Auzipetuek eta abokatuek ez zuten hainbesteko zigorrik espero. Gabi Aizpurua auzipetuaren ustez, defentsak aurkeztu zituen «agiri eta frogak hor ez balira bezala» hartu dituzte erabakiak; Ilazki Ortego abokatuak bat egin du adierazpen horrekin: «Badira kondena batzuk ezin direnak ulertu: manifestaldi batean parte hartzeagatik kondenatu dute bat, eta justifikatua genuen ez zegoela hor, lanean zegoela. Ez gaituzte entzun».

Gainera, egotzi zizkieten egitateetarik batzuez hobengabetu dituzte, defentsak auzi denboran aurkeztu zituen zenbait elementuri jarraikiz. Beraz, Ortegori ezin azaldua zaio «prokuradoreak hasieran eskatu zuen zigorra hala ere ezarri izana» [hamabost hilabeteko kartzela zigorra gibelapenarekin].

Oroitarazteko, hiru egitatek osatzen zuten akusazioa. Lehena, 2022ko uztailaren 14an Donibane Lohizunen (Lapurdi) izandako manifestazioa. U-14 kolektiboak manifestazioa antolatu zuen, eta burua estalia zuten zenbait pertsonak pinturaz betetako arrautzak bota zituzten zenbait higiezin agentziaren kontra. Bigarrena 2023ko martxoaren 23an erretreten erreformaren kontra Baionan egin zen manifestazioari dagokio. Gertatu ziren istiluetan parte hartu eta segurtasun agente bat baino gehiago zauritzea leporatzen diete. Hirugarrena 2023ko uztailaren 12an Hendaiako tren turistikoaren kontra margoketa bat egitea da, eta gidaria lurrera erorarazi eta zauritu izana —auzipetuetako bat akusazio horretatik kanpo utzi zuten—.

Aizpuruak salatu du «nahiz eta esperantza handirik ez ukan, hamabost hilabeteko kartzela zigorra pisua» iruditzen zaiela. Eta gehitu: «Mehatxu eta zigor guztien aitzinean, igo eta aitzina segituko du herriaren borrokak».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.