Gibelapenezko kartzela zigorra eta 13.000 euroko isuna iruzurrezko alokairuengatik

Homies Holidays etxe agentzia eta haren zuzendari Julie Hoang erruduntzat jo ditu Baionako auzitegiak. Parte zibila, hots, bi alokatzaileak eta Alda pozik agertu dira erabakiarekin.

Iruzurrezko alokairuak egiteagatik epaitu dute Homies Holidays agentzia. GUILLAUME FAUVEAU
Iruzurrezko alokairuak egiteagatik epaitu dute Homies Holidays agentzia. GUILLAUME FAUVEAU
Leire Casamajou Elkegarai.
BAIONA
2024ko urriaren 29a
20:00
Entzun

Hiru hilabeteko kartzela zigorra gibelapenarekin eta 13.000 euroko isuna, zigor hori eman die Baionako auzitegiak Homies Holidays Miarritzeko (Lapurdi) etxe agentziari eta haren zuzendariari. Agentziak berak 10.000 euro ordaindu beharko ditu, eta Julia Hoang zuzendariari dagozkio kartzela zigorra eta baratzen diren 3.000 euroak.

Alde batean, parte zibila osatzen dute Xantiana Cachenaut abokatuak ordezkatzen dituen bi alokatzaileek eta Aldak. Beste aldean, defentsa osatzen dute Julie Hoang Homies Holidays agentziako buruzagiak eta baita enpresak berak ere. Iruzurrezko alokairuak izenpearazi izana ez ezik, egoiliarrei mehatxuka aritu izana ere leporatzen dio parte zibilak akusatuetarik bati, Hoangi. Kartzelaz eta isunez gain, Hoangek euro sinbolikoa ordaindu beharko dio Aldari, eta parte zibileko bi alokatzaileei, berriz, 1.300 eta 1.800 euro, kalte moralen eta abokatu gastuen estaltzeko.

Aldako Xebax Christy poztu da auziaren ilkibideaz: «Erakusten du etxebizitzaren egoeraz kontziente direla, eta salatu dute. Azpimarratu dute, halaber, Alda bezalako elkarteen lana beharrezkoa dela. Seinale bat da igortzen dena iruzurra egin nahi luketen jabe eta agentzia guztiei, errateko orain kondenak badirela, isunak bai baina baita presondegi kondenak ere».

2022an salatu zuen iruzurra Alda auzoetako mugimenduak. Miarritze eta Bidarteko (Lapurdi) bi kolokaziotako sei eta lau egoiliar izan ziren trikimailuaren biktimak, hurrenez hurren. Bi etxebizitzetako alokatzaileei, Homies Holidays agentziak aitzin-abisu aitzindatatua izenpearazi zien alokairuaren kontratuaren izenpetzeko momentu berean, 2021eko urrian eta azaroan. Hala, alokatzaileei urte osorako alokairu kontratua eginik ere, etxe agentziak xedea zuen bere alokatzaileak uda garaian kanporatzeko, turistei karioago alokatzeko asmoz —Miarritzeko eta Bidarteko bi etxebizitzak Airbnb plataforman alokatu zitezkeen 2022ko udarako—. Ordea, legeak debekatzen du praktika hori, eta, horretaz oharturik, Homies Holidays agentziari idatzi ziotenean alokatzaileek, orduan jin zen mehatxuen aldia Hoangengandik.

Zuritu nahian

Auzia hasteko, presidenteak hartu du hitza, eta Hoangi eta Homies Holidays enpresari leporatzen zaizkienak oroitarazi ditu. Hoangen aldia izan da orduan, eta aitortu du alokairu kontratu horiek izenpearazi izana, baina argudiatu du erranez «noziorik ez» zuela gaiaren inguruan. Prokuradorea altxatu da orduan, eta galdetu dio: «Aitzin-abisu bat aitzindatatzea normala iruditu zaizu?»; akusatuak erantzun dio «bi aldeen artean adosturik» izan zela, etxebizitza alokatzera zihoazenen eta Hong beraren artean, hots.

Aldako Malika Perrauten aldia izan da gero, eta «bi aldeen artean adosturik izan» den hori argitu du: «Halako praktikak ez dira bakanak, eta, usu, sinetsarazi nahi digute ‘laguntzeko’ ari direla, baina legea, orduan? Aitzin-abisu aitzindatatuek presiopean jartzen ditu beste aukerarik ez duten jendeak, etxebizitzaren egoera ezin jasana baita. Ez dute paperaren izenpetzeko gogorik, baina ezin dute bestela egin, hilabeteak eman baitituzte etxebizitza baten bila». Nolanahi ere, presiopean izenpetu edo ez, paper hori ez da legezkoa.

«Zinez agerikoa da horien ardura ezabatu nahi luketela akusatuek, baina ene bezeroek egiaren berrezartzea galdetu didate: alokatzaileen proposamena izan zela erratea gezurra da»

XANTIANA CACHENAUTParte zibileko abokatua

Cachenaut jaiki da ondotik. Defendatzen dituen bi alokatzaileen profilak zehaztu nahi izan ditu hasteko: «Ez zuten elkar ezagutzen, baina egoera berdintsu batengatik batu dira: Ipar Euskal Herriko etxebizitzaren egoerari lotutako prekaritatea. Gogoz ez, baina biek kolokazioaren hautua egin behar izan zuten, eta orduan ezagutu zuten Homies Holidays. Zinez agerikoa da horien ardura ezabatu nahi luketela akusatuek, baina ene bezeroek egiaren berrezartzea galdetu didate: alokatzaileen proposamena izan zela erratea gezurra da; hamarrek erran dute aitzin-abisuaren izenpetzea alokairu kontratuaren egun berean eginarazia izan zaiela». Kasik hauturik ez zutelarik gehiago, hots.

Prokuradoreak, orotara, 18.000 euroko isuna galdegin du —5.000 gibelapenarekin—, eta erabakiaren anuntzio ofiziala berritan iragartzea datozen hiru hilabeteetan. Defentsaren aldia heldu delarik, asaldatu da abokatua: «Irmoki salatzen dut afera honen judizializatzea eta ene bezeroa adibidetzat erabiltzea». Ordea, auzitegiak beste gisan ikusiko zuen kasua, eta prokuradoreak galdetu zuena baino zigor handiagoa ere ezarri die akusatuei.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.