Euskal presoak

Gibelapenezko isuna ezarri diete trenbidea eten zuten 'bakegileei'

Ekhi Erremundegi Beloki.
Baiona
2023ko urtarrilaren 27a
00:00
Entzun
800 euroko isuna gibelapenarekin. Zigor hori ezarri diete iazko uztailaren 23an Akize (Okzitania) eta Baiona arteko trenbidea trabatu zuten bederatzi bakegileei. Baldintzapeko zigor baten gisakoa da: bost urteko epean maila bereko arau hauste bat egiten ez badute, ez zaie aplikatuko.

Ehunka herritarrek Ipar Euskal Herriko errepide sarea blokeatu zuten egun hartan, Jakes Esnal eta Ion Parot euskal presoak baldintzapean aske utz zitzatela eskatzeko, eta Frantziako Gobernua gatazkaren konponbide prozesuan urratsak egitera bultzatzeko.

Bederatzi bakegileak abenduaren 15ean epaitu zituzten Akizeko Zigor Auzitegian, eta ekintzaren zilegitasuna justifikatu zuten tribunalaren aitzinean. «Premiazko egoerak» bultzatua izan zela alegatu zuten abokatuek, eta Anne Kayanakis prokuradoreak ere ontzat eman zituen azken urteetan gatazkaren ondorioen konponbidean egin diren urratsak.

Hala ere, oraindik ez da erabat bukatu auzi prozedura. Izan ere, SNCF tren konpainiak parte zibil gisa ezartzea erabaki zuen azken momentuan, eta egun hartan izandako galerengatik kalte ordainak eskatu ditu. 160.000 euro eskatu dizkie bakegileei, besteak beste, egun hartan trenek hartutako berantagatik bezeroei itzuli behar izan dieten diruagatik.

Ordubeteko ekintza

SNCFk izandako eragozpenak ekintzarekin lotuak direla ukatu zuen Christophe Deprez abokatuak abenduko auzi saioan. Ekintzak ordubete eskas iraun zuela erran zuen, eta, aitzinetik abisatua izanik, tren konpainia «gai» izan beharko zela hori kudeatzeko: «Lotura frogatu behar da». Uztailaren 3an aztertuko dute auziaren atal hori.

Hori aitzin, otsailaren 2rako dute ondoko zita bakegileek, beste ekintza bategatik. Uztailaren 23an bertan autobidea blokeatzeagatik epaituko dituzte 11 ekintzaile Baionako Zigor Auzitegian.

Horiei babesa erakusteko elkarretaratzea eginen dute egun horretan, 13:00etan, auzitegi aitzinean. «Aietetik izan dugun jarrerari segituz, lurralde honetako gizarteak eta aktore ezberdinek bat eginen dugu auzipetuak diren bakegileekin», adierazi dute ohar batean. «Hobengabetuak izan daitezen galdetzen dugu. Izan ere, ekintza hauek zilegiak izan ziren egoera kontuan harturik».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.