GIBaren aurkako botikak farmazietan eskuragarri ipintzeko eskea egin dute

Farmazialariekin batera eskatu dute GIBaren inguruko hiru taldek: Gehituk, Harri Beltzak eta Euskalsidak. Botikak hartzea erraztuko duela diote

Donostian egindako agerraldia, atzo. MAIALEN ANDRES / FOKU.
arantxa iraola
2019ko azaroaren 19a
00:00
Entzun
«Asmoa ez da egungo kontrolak murriztea, baizik eta, haiei eutsiz, pazienteei aukera erosoagoak eta eskuragarriagoak eskaintzea». Atzo goizean agerraldi bat egin zuten GIBa duten pazienteen inguruan ardaztutako hainbat elkartetako ordezkarik EAE Euskal Autonomia Erkidegoko Farmazilarien Kontseiluko arduradunekin, eta erretrobirusen kontrako sendagaiak botiketan eskuragarri jartzen hasteko eskakizuna egin zuten. Justuki,horretarako modua emango lukeen probako egitasmo bat abiatzea proposatu zuten, bidea urratzen hasteko asmoz.

Izan ere, GIBdunek erietxera joan behar izaten dute egun botikak eskuratzera, eta horrek sendagaiak eskuratzeko modua «urritu» egiten duela uste dute. Ordutegi jakin batzuetan joan behar izaten dute; astegunetan bakarrik izaten dute horretarako era, eta etxetik urrun joan behar izaten dute zenbaitetan. Laneko martxan-eta ari direnentzat, zama handia da hori usu. GIBaren inguruko estigma ere oraindik bizirik dagoela gogorarazi zuten, eta botikak behar bezala hartzeko eragozpen izaten dela hori ere zenbaitetan.

Sendagaiak botiketan lortzeko era eginda, ordea, traba horiek arindu egingo liratekeela pentsatzen dute. Portugalen, adibidez, abian jarri dute antzeko egitasmo bat, adierazi dutenez, emaitza onak izan dituena eta eredu gisara har daitekena. Bide honetan aurrera eginda, infekzioaren kontrako borrokaren helburuetara errazago hurbildu ahal izango dela oroitarazi dute. 90-90-90 estrategia deiturikoa da; birusa dutenen %90ek jakitea da asmoa, portzentaje horretatik %90ek tratamendua hartzea, eta tratamendua hartzen dutenen artean %90ek birusa atzemanezina izatea lortzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.