Ingurumena

GHK-ko zuzendaria inputatu dute Arkaitzerrekako isurketaren auzian

GuraSOSek jakinarazi duenez, Zubietako erraustegiaren ondoko errekastoan gertatu zen isurketa zerk eragin zuen zehazteko agindu du Donostiako 5. Instrukzio Epaitegiak, eta beste hiru lagun inputatu ditu

Zubietako erraustegiaren instalazioak. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU
2022ko ekainaren 14a
10:39
Entzun

Cesar Gimeno Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioko (GHK) zuzendaria inputatu du Donostiako 5. Instrukzio Epaitegiak Arkaitzerrekan (Zubieta, Gipuzkoa) izan zen amoniako isurketaren auzian. Ingurumen Fiskaltzak zabalduko auzian, Guardia Zibilaren Seprona unitateari beste bi ikerketa egiteko agindu dio epaileak, auzian akusazio partikular gisa aurkeztu den GuraSOS elkarteak jakinarazi duenez.

Batetik, epaileak agindu du aurkitzeko non egon den hildako arrain eta aingiretan topatu duten kloroalkano substantzia toxiko eta minbizi eragilearen jatorria.

Guardia Zibilaren orain arteko ikerketak zehaztu du arrainetan kloroalkanoen kantitate handiak aurkitu zituztela, eta horiek oso osagai toxikoak direla. Besteak beste, minbizia sor dezakete gizakiengan. Sustantzia hori 2004tik debekatuta dago Europako Batasunean. GuraSOSen iritziz, toxiko horiek erabili diren tokia errauste planta balitz, epaitegiak zentro horren jarduera geldiaraztea agintzeko aukera izango luke.

Bestalde, epaileak agindu du argitzeko zer egoeratan zegoen erraustegia isurketa gertatu zenean, 2020ko maiatzean. Izan ere, GuraSOSek salatu du orduan erraustegia martxan zegoela, baina obrak amaitu gabe eta beharrezko probak egin gabe zeudela. Hortaz, martxan jartzeko baimen faltan ari zen instalazioa, akusazio partikularraren iritziz.

Bidenabar, epaileak beste hainbat lagun inputatu ditu, GuraSOSek jakinarazi duenez. Besteak beste, Cesar Gimeno GHK-ko zuzendaria. Horrez gain, SBE (Steinmuller Bakoc Enrionment) enpresa alemaniarra ere inputatu dute. Erraustegiaren teknologiaren arduraduna zen enpresa hori. Horrekin batera, Boldrochi multinazional italiarra ere inputatu du Donostiako epaitegiak, ikertutako kubetaren instalazioan parte hartu baitzuen. Bestalde, URA agentziako inspektore bat, basozain bat eta GHK-ko proiektuen zuzendaria ere deitu ditu lekuko gisa deklaratzera. Instrukzioa beste sei hilabetez luzatu dute, GuraSOSek jakinarazi duenez. Hortaz, 2023ko urtarrilaren amaierara arte luzatuko litzateke prozesua.

Erraustegia ixteko eskatu du Ezker Anitzak

Arantxa Gutierrez Ezker Anitzako Gipuzkoako koordinatzaileak eskatu du erraustegia berehala gelditu eta ixteko, «ingurumenarentzat eta pertsonentzat arrisku bat» dela iritzita. Halaber, Cesar Gimenoren dimisioa ez ezik, Jose Ignacio Asensio GHK-ko presidente eta Ingurumen diputatuarena ere eskatu du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.