Atzo bildu zen GHK Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioa, eta Zubietako erraustegia kudeatzen duen Ekondakin enpresa taldeari isuna jartzea erabaki zuten bilera horretan. Ekondakini Iragan uztailean izan ziren Arkaitzerrekako isuriak garbitzeko eskaerari jaramonik ez egitea egotzi dio GHK-k. Zehazki, «administrazioaren ikuskapenari aurre egitea eta berori oztopatzea» eta hark «idatziz emandako aginduak ez betetzea». Ondorioz, 160.000 euroko isuna ezartzea zigor gisa; 20.000 euro, agindua betetzeke eduki zuen egun bakoitzeko.
Hasiera batean, GHK-k ezeztatu egin zuen isuriak Zubietako errauste plantatik zetozenik—. Aste batzuen ostean, irailean, Gipuzkoako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak isurien auzia konpontzeko galdegin zion GHKri, erraustegiaren jabea denari. Azken horrek Ekondakin kudeatzaileari pasatu zion agindua. GHK-k orain kaleratu duen ohar batean, ordea, onartu du erraustegiaren ondorioz kutsatu zela errekastoa, baina, hala ere, esan du ez duela «kalte ekologikorik» eragin.
Isunari dagokionez, Jose Ignacio Asensio Gipuzkoako Ingurumen diputatu eta GHKren lehendakariak ez du argitu zergatik erabaki duten zortzi eguneko tartea soilik, eta ez egun gehiagokoa. Egun bakoitzeko isuna 20.000-30.000 eurorainokoa izan daiteke, erraustegiaren kontratuan jasotzen denez. Asensioren arabera, gutxieneko kopurua erabaki dute, haren hitzetan, isuriek ez dutelako kalterik eragin Arkaitzerrekako uraren kalitatean.
SGS eta Idom enpresek iaz egindako ikerketa baten arabera, Zubietako errauste planta inguruko lurpeko urek metal astunen, dioxinen eta furanoen kantitate arriskutsuak dituzte. GHK-k, halere, dio substantzia horiek erraustegia martxan jarri aurretik ere ageri zirela eremu horietan egindako ikerketetan.
Ekondakin enpresa elkartearen bazkideak dira: Meridiam Investsment funtsa, Urbaser multinazionala eta Euskal Herriko Altuna y Uria, Murias, Moyua eta LKS kooperatiba.