Gipuzkoako Foru Aldundiak 46 milioi euroko zigorra ezarri nahi zien Ainhoa Intxaurrandieta eta Iñaki Errazkin GHK Gipuzkoako Hondakinen Partzuergoko arduradun ohiei —2011-2015eko legealdian, Bildu gobernuan zela, Intxaurrandieta partzuergoko presidentea zen, eta Errazkin, Ingurumen diputatua—. Ekainaren 4an, Espainiako Kontu Auzitegiak errugabetzat jo zituen, esanez ez zirela oker aritu Zubietako erraustegiaren proiektua gelditu zutenean. Epaia iritsi zenean, GHK-k ohartarazi zuen «eskura dituen aukera guztiak» aztertuko zituela 46 milioi euro horiek «berreskuratzeko», baina, txosten juridiko bat eskatu ondoren, helegiterik ez aurkeztea erabaki dute; txostenaren arabera, izan ere, ez da «arrazoizkoa» aurrera egitea.
Bilduk aldundian egin zuen legealdian (2011-2015), geldiarazi egin zituzten aurreko gobernuak erraustegirako abiarazitako lanak —EAJ zegoen diputazioan aurretik—. Erabaki hori okerra izan zela salatu zuten EAJko eta PSEko buruzagiek, eta, azken agintaldian, foru gobernua berreskuratuta, auzitara jo zuten. Kontu Auzitegian salatu zituzten botere desbideratze larriagatik, eta leporatu zizkieten, halaber, azpiegituraren lanen gelditzeak eragindako diru galerak: 46 milioi, haien arabera.
Ekaineko epaian, auzitegiak salatzaileei leporatu zien ez zutela frogatu salatutakoa. GHK-k argudiatu zuen aurreko ebazpenean akatsak zeudela, baina salako magistratuek ukatu egin zuten hori. Lehenago ere Kontu Auzitegiak arrazoi eman zien Bilduko arduradunei, baina iazko urrian helegitea jarri zuen GHK-k. EH Bilduk nabarmendu zuen «ulertezina eta arduragabea» zela «mendekuaren bidean segitzea».
GHK-k ez du joko Bilduko agintariak errugabetu zituen erabakiaren aurka
Espainiako Kontu Auzitegiak ekainean berretsi zuen Intxaurrandieta eta Errazkin ez zirela oker aritu Zubietako erraustegia geldiarazi zutenean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu