46 milioi euroko zigorra ezarri nahi zien Gipuzkoako Foru Aldundiak (EAJ-PSE) Ainhoa Intxaurrandieta eta Iñaki Errazkin GHK-ko arduradun ohiei —2011-2015eko legealdian, Intxaurrandieta partzuergoko presidentea zen; Errazkin, aldundiko Ingurumen diputatua—. Ekainaren 4ko sententzia jakinarazi zenean, Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak ohartarazi zuen "eskura dituen aukera guztiak" aztertuko zituela 46 milioi euro horiek "berreskuratzeko", baina, txosten juridiko bat eskatu ondoren, Espainiako Kontu Auzitegian helegiterik ez aurkeztea erabaki dute; txostenaren arabera, ez delako "arrazoizkoa" aurrera jarraitzea.
Bilduk foru aldundian agintean egin zuen legealdian (2011-2015), orduko GHK-ko buruek hartu zuten aurreko gobernuak (EAJ) diseinaturiko errauste plantaren lanak gerarazteko erabakia. Erabaki hori okerra izan zela salatu zuten EAJko eta PSEko buruzagiek, eta, azken agintaldian, foru gobernua berreskuratuta, auzitara eraman zituzten. Kontu Auzitegian salatu zituzten botere desbideraketa larriagatik, eta leporatu zizkieten, halaber, azpiegituraren lanen gelditzeak eragindako diru galerak: 46 milioi, haien arabera.
Ekainean, Kontu Auzitegiak auzi jartzaileari leporatu zion ez frogatzea bere salaketan esaten direnak. GHK-k bere helegitean argudiatu zuen aurreko ebazpenean akatsak zeudela, baina Salako magistratuek ukatu egin zuten hori.
Lehenago ere Espainiako Kontu Auzitegiak arrazoi eman zien EH Bilduko arduradunei, baina iazko urrian helegitea jartzea erabaki zuen GHK-k. EH Bilduk adierazi zuen "ulertezina eta arduragabea" zela "mendekuaren bidean jarraitzea".