GHK-k dio lixibiatuak «modu erabat zuzenean» bidaltzen dituela Artaxoara

Nafarroako Gobernuak Ecofert enpresari zabaldutako espedientearen berririk ez duela esan du Gipuzkoako Hondakinen Kudeaketak: «Irregulartasunen bat badago, ez du zerikusirik Gipuzkoatik lixibiatua eramatearekin».

Ordezko transformadoreak, Zubietako erraustegiaren kanpoaldean. BERRIA
Zubietako erraustegia, artxiboko irudi batean. BERRIA
Ion Orzaiz.
2023ko abenduaren 21a
12:30
Entzun

Nafarroako Gobernuko Ingurumen Departamentuari kontra egin dio GHK-k, Zubietako erraustegia kudeatzen duen sozietateak: ohar bidez, «erabat» ukatu du lixibiatuen hondakinak «modu desegokian» igortzen aritzea Artaxoako Ecofert Sansoain enpresara (Nafarroa): «GHK-k adierazten du kontzesionarioa arduratzen dela tratamendu mekaniko biologikoko instalazioko lixibiatua Nafarroara eramateaz, modu erabat zuzenean eta legalki. Beraz, argitzen du lixibiatu hori ez datorrela balorizazio energetikoko instalaziotik».

Iragan azaroaren 13an, EH Bilduko legebiltzarkide Adolfo Araizek galdera bat erregistratu zuen Nafarroako Parlamentuan. Zehazki, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari galdetu zion ea Nafarroako Gobernua jakitun ote zegoen «industriako hondakin uren tratamendu biologikotik eratorritako lohiak» igortzen zirela Artaxoara. Eta Jose Maria Aierdi kontseilariak baiezkoa eman zuen: abenduaren 11n erregistratutako erantzunean, esan zuen departamentuak egiaztatu duela Artaxoan «hondakin likidoak» jasotzen ari direla Gipuzkoako Ingurumen Gunetik», eta hondakin ur horiek «era okerrean» kodifikatuta daudela, LER 190812 kodearekin. Aierdik gaineratu zuen kode horretako hondakinak ez daudela «gune horretan [Zubietako errauskailuan] ekoizteko baimena dutenen artean».

Hain zuzen, Artaxoara igorritako hondakin urei emaniko LER kodeari dagokionez, GHK-k esan du «zuzena» dela «tratamendu mekaniko biologikoko instalazioaren tratamendu aerobikotik datorren lixibiatua kudeatzeko, balorizazio energetikoaren tratamenduaren aurretik». Gaineratu du Ingurumen Baimen Bateratuan jasota dagoela lixibiatu hori, eta Eusko Jaurlaritzak baimenduta erabili dutela kode hori. Era berean, GHK-k azpimarratu du lixibiatua ez dagoela hondakin arriskutsu gisa sailkatuta, eta, beraz, «eskatutako ingurumen eta segurtasun estandar guztiak» betetzen dituela.

Nafarroako Gobernuko ikuskatzaileek Ecofert enpresari irekitako espedientearen harira, Zubietako erraustegiko kudeatzaileek diote ez dutela horren berririk: «Irregulartasunen bat badago, ez du zerikusirik Gipuzkoatik lixibiatua eramatearekin». Hala ere, azaldu da abian den ikerketan «beharrezkoa den informazio guztia emateko prest».

Urriaren 16an, GuraSOSek jakinarazi zuen Gipuzkoako Foru Aldundiko Iraunkortasuneko diputatu eta Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioko (GHK) presidente Jose Ignacio Asensio ikertzen ari direla Donostiako epaitegi batean, argitzeko bi delitu egin ote dituen: ingurumenaren aurkako delitu bat eta dokumentuen faltsutzea. GuraSOSek ekainean fiskaltzari aurkeztutako dokumentazioan du jatorria auziak. Hori ontzat emanda, salaketa jartzea erabaki zuen fiskaltzak. Asensio ez ezik, Nagore Peñalva Bengoa GHK-ko zuzendari teknikoa eta GHK-ko beste bi arduradun ere ikertzen ari dira kasu horretan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.