Eneko Calle. Euskadiko GGKEen Koordinakundea

«GGKEek aliantzak sortu behar ditugu herri mugimenduekin»

Eneko Callek esan du koordinakundearen lana aldatu egin dela duela 30 urte sortu zenetik: hasieran asistentzialista zela azaldu du, eta orain gehiago egiten dutela lan giza eskubideen inguruko proiektuetan.

Ibai Maruri Bilbao.
Bilbo
2018ko urriaren 12a
00:00
Entzun
Hogeita hamar urte bete ditu Euskadiko GGKEen Koordinakundeak. Eneko Calle (Urduliz, Bizkaia, 1987) lehendakariordearen ustez, «indartsu» iritsi dira urteurrenera. Baina erronka berriak dituzte parez pare: besteak beste, iruditzen zaio gardentasunean indarra egin eta komunikazioa hobetu behar dutela, herritarrengana hobeto eta zuzenago iristeko.

30 urte aztarna uzten. Lelo hori aukeratu duzue urteurrenerako. Zer aztarna utzi duzue?

1988an, 11 erakundek sortu zuten erakundea, eta gaur egun 79 elkarte gabiltza elkarlanean. Hori da utzi dugun aztarna nagusietako bat: elkarte kopurua. Lorpenak zailak dira zenbatzen. Azken batean, guk pertsonekin egiten dugu lan. Hegoaldeko hainbat eragileren prozesuetan laguntzen dugu, eta aldaketa horiek luzera begirakoak dira. Koordinakundea sortu zenean, lankidetza asistentzialista zen, eta larrialdiak edo laguntza humanitarioekin harremana zuten proiektuak egiten genituen. Horiek errazagoak dira zenbatzeko. Gaur egun, giza eskubideen ikuspegiarekin egiten dugu lan, eta azkenean hor sartzen dira prozesuak, herri mugimenduak, hegoaldean dauden eragileak, eta hori ezin daiteke zenbatu. Lorpenak asko izan dira.

Zein asmorekin sortu zen koordinakundea?

Eragite politikorako, batez ere. 1974. urtean NBEk onartu zuen gobernuek aurrekontuen %0,7 lankidetza politiketara bideratu behar zutela. Hori mugarri garrantzitsua izan zen. 1990eko hamarkadan, kanpaldiak egin ziren Euskal Herrian hori eskatzeko.Eta 2007an onartu zen Eusko Legebiltzarrean Lankidetzarako Politika Publikoen Legea —beste mugarri bat, handiena—. 2012. urtea helburu gisa ezarri zen: ordurako, administrazio publikoekberen aurrekontu guztiaren %0,7 lankidetzara bideratu beharko zuten. Ez da betetzen. Baina hori izan zen funtzio nagusia. Eta GKEek egiten dugun lanaren berri elkarri ematea ere bada beste helburu bat, elkarlanerako espazio bat sortzea. Hori da koordinakundea.

Helburuak aldatu egin dira urteak igaro ahala?

Noski, jendartea eta testuinguruak aldatu egin baitira. Guk testuinguru aldakorretan egiten dugu lan, klima aldaketak sortzen dituen hondamendiengatik, herrialdeetan gertatzen diren aldaketa sozial eta politikoengatik, gerrengatik... Profesionalizatu ere egin gara. Eta hori da herritarrengandik iristen zaigun kritiketako bat: aldendu egin garela apur bat jendartetik. Burokraziagatik gertatu da. Egia da profesionalagoak garela. Kalitatezko lankidetza egiten dugu orain. Gure hizkeran gauzak aldatuz joan dira, gu ere hazten baikoaz. Gauzak gaizki ere egin izan ditugu askotan, eta hobetzen saiatu gara. Mekanismoak sortu ditugu gure praktika txar horiek hobetzeko. Oso momentu onean gaude orain. Arazoa da nazioarteko agendak eta testuinguruak ez dutela laguntzen. Hor daude migratzaileak, errefuxiatuak, klima aldaketa. Eta badugu erronka bat: hegoaldean salatzen genuen pobrezia orain gure etxean ere badago. Aliantza sakonak eratu behar ditugu Euskal Herriko herri mugimenduarekin, gure auzoetan pobrezia dagoelako, gure auzoetan jendea etxetik kanporatzen ari direlako. Hegoaldekoa eta hemengoa sistema bera direlako gertatzen da.

Fenomeno berria izan da zuentzat, etxean baino gehiago nazioartean lan egitera ohituta egon baitzarete.

Bai, eta pixkanaka joan gara aliantzak sortuz. Koordinakundeak beste herri eragile batzuekin hartzen du parte: OEE Ongi Etorri Errefuxiatuak, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Gutuna... Horida bidea: herri mugimenduekin elkarlanean aritu, eta bakoitzak dituen ahalmenak mahai gainean jarri, bateratu eta saiatu pobrezia eta ezberdintasunak sortzen dituen sistema hau aldatzen.

Zer lantzen da proiektuetan?

Hasieran, asistentzialistak izaten ziren, elkartasun tradizionaleko proiektuak. Gaur egun, giza eskubideetan oinarritutakoak dira: osasuna, hezkuntza, giza eskubideen ekintzaileak babesteko programa, hegoaldeko herrialdeetan herri mugimenduak indartzeko proiektuak, oraindik badaude azpiegiturak eraikitzekoak—eskolak, ospitaleak edo ur hornidurarako sistema—. Horiek dira lankidetza arloko esparruak. Baina badago beste bat, oso garrantzitsua: eraldaketa sozialerako hezkuntza. Arlo horretan hemen egiten dugu lan, eskoletan, tailerrak ematen, ikastaroak, alderdi politikoekin biltzen. Lortu nahi duguna da herritarrek kontzientzia hartzea eta alternatibak sortzea. Krisia iritsi zenetik gure lehentasuna izan da alternatibak sortu eta eskaintzea: kontsumo arduratsua, elikadura burujabetza, ekofeminismoa.

Proiektuak finantzatzeko, diru laguntza publikoa jasotzen duzue. Horrek askatasuna mugatzen dizue?

Askatasuna daukagu jasotzen dugun diruarekin nahi duguna egiteko. Baina diru publikoaren mendeko izateak zailtasunak sortzen dizkigu proiektu egonkorrak garatzeko, luzerakoak, ez dugulako bermerik urtero dirua jasoko dugula. Oreka bat behar dugu. Ez dago %0,7 betetzeko borondaterik. Gaur egun, Gasteizko Udala da bakarra, baina ez da urtero egonkor mantentzen. Negoziazio politikoen arabera aldatzen da. Eta, batez beste, EAEn, zazpi administrazio garrantzitsuenak kontuan hartuta, %0,44an daude. 2017an, 63 milioi eurorekin, 350 proiektu ipini genituen martxan. Bidezkoa izateagatik, esan behar dut estatuarekin alderatuta hemen borondate politikoa egon dela krisi garaian ere politika horiek mantentzeko. Estatuan ia desagertu egin ziren. Hemen mantendu egin da, eta azken hiru urteetan igotzen ari da. Eta bada beste kontu bat. Kontuz ibili behar dugu, krisiaz geroztik enpresa pribatua sartu baita lankidetza munduan. Enpresa pribatuek kapitalaren metaketa nahi dute: ez dituzte giza eskubideak eta pertsonak erdigunean ipintzen. Beraz, ez dira lankidetzako eragileak.

Iazko txosten batean salatu zenuten enpresei ematen zaizkien nazioarteratze laguntzetan ez direla lankidetza irizpideak kontuan hartzen. %0,7 hori emateaz gain, zer beste egin dezakete erakunde publikoek?

Gobernu ekintzaren koherentzia politikoa eskatzen dugu: koherentea izan behar da giza garapenaren irizpideekin. Iazko txostenean aipatzen zen nazioarteratzeko diru laguntzetan ez direla irizpideak kontuan hartzen, eta jartzen zaien notetan %1 inguru baino ez zela. Hori arriskutsua da jakinda multinazionalek giza eskubideak urratzen dituztela hainbat lekutan. Adibide bat jartzearren: arma trafikoa. Armak sartzen dizkio Espainiak Saudi Arabiari, eta, gero, Arabiak Yemen bonbardatzeko erabiltzen ditu, eta GKEak hara joaten gara herritarrei laguntzera. Hori ez da koherentea. Ezinbestean aldatu behar dira jokatzeko modu horiek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.