«Gezurren» iturburura, egia argitzeko

Gernikako bonbardaketaren inguruko 31 «gezur» jaso ditu Xabier Irujok 'Gernika. Genealogy of a lie' liburuan. Gertakarien egia nazioartera eramatea du xede

Xabier Irujo historialaria, atzo goizean, Donostian. MAIALEN ANDRES / FOKU.
Julen Aperribai.
Donostia
2019ko maiatzaren 21a
00:00
Entzun
1937tik gaurdaino iraun duten «gezurren» genealogia egin, horiek eraitsi, eta nazioarteko plazara eramatea: helburu horiekin argitaratu du Xabier Irujo historialariak Gernika. Genealogy of a lie liburua.Gernikako bonbardaketaren inguruan zabaldutako mitoak ardatz dituen bi liburu kaleratuak ditu Irujok aurretik, eta haietako baten, hots, La verdad alternativa (2017) lanaren ingelesezko bertsioa da atzo Donostian aurkeztu zuena.

Orain bi urteko liburuaren oinarrian zegoen dokumentazio lanean urratsak egin ditu Irujok ordutik hona, eta datu berri batzuk azaleratu ditu liburuan. Bonbardaketaren inguruko «gezurren» atzean historikoki bi joera egon izan direla azaldu du: bonbardaketa izan zela ukatzen duena, batetik, eta bonbardaketaren kalteak nabarmen txikitzen dituena, bestetik: «ildo erredukzionista». Irujoren arabera, frankismoaren hasierako bertsioa, bonbardaketa ukatzen zuena, ez zuen sinetsi nazioarteko prentsak, eta orduan garatu zen ildo erredukzionista. Albako dukeak eginkizun garrantzitsua izan zuen, historialariak azaldu duenez, frankismoaren enbaxadore lana egin baitzuen Erresuma Batuan, frankismoaren bertsioa sinesgarria ez zela ohartuta: «Txosten zientifiko bat egin behar zela bururatu zitzaion, ez gertakaria ezeztatuz, baizik egia txikituz eta mugatuz».

31 dira liburuan deseraiki dituen gezurrak. Haietako bakoitza nola eta nork sortu duen aztertu du, eta nola iraun duen hainbeste urtez. Azaldu du, besteak beste, esan izan dela Errenteriako zubia eraisteko egindako«bonbardaketa estrategikoa» izan zela Gernikakoa. Gezurtatu egin du bertsio hori: «Izua hedatzeko asmoz egindako bonbardaketa izan zen. Logika horri erantzuten dio, esaterako, ondoren Eusko Jaurlaritzaren errendizioa eskatu izanak». Hildakoen kopuruari buruz zabaldutakoak ere nabarmendu ditu Irujok: «Oraindik ere badira egileak 100 eta 300 hildako izan zirela diotenak, inongo dokumentazio lanik egin gabe. Guk, aldiz, baditugu gutxienez 50 dokumentu ziurtatzen dutenak 2.000 baino gehiago izan zirela hildakoak». Soilik Andra Mariko babeslekuan 500 lagun inguru hil zirela ere gogoratu du.

Artxiboko lana eta garai hartako testigantzak uztartu ditu Irujok ikerketa lanean. Elkarrizketatuen ekarpena nabarmendu du: «Oso iturri garrantzitsua izan dira». Gertatutakoaren egiazkotasunaz ia ezer ez da publikatu 80 urtean, dioenez. Gabezia horri erantzuteko eta ikertutakoa nazioarteratzeko asmoz kaleratu du liburua. AEBetan, Erresuma Batuan eta beste herrialde anglosaxoietan zabalduko da, batez ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.