Esaera zaharraren arabera, gerra urtea gezur urtea izaten da; eta Clausewitzek gerraren eta politikaren arteko harremanaz esandakoa aintzat hartuta, ez da harritzekoa boz urtea ere gezur urtea izatea. Hauteskunde kanpainetan errealitatea sinplifikatzen duten leloak, guztiz zehatzak ez diren baieztapenak edo betetzeko zailak diren promesak entzutea ez da gaur egungo kontua. Baina politikan sare sozialen erabilera orokortu zenetik, fake news edo albiste faltsuak hauteskunde estrategiaren atal garrantzitsu bilakatu dira.
Espainiako Gorteetarako hauteskundeek ale ederrak utzi dituzte informazio faltsuaren erabilerari dagokionez. Hilaren 10ean, PSOEren hautagai Pedro Sanchezek eta Alberto Nuñez FeijooPPkoak aurrez aurreko eztabaida izan zuten Espainiako telebista kate pribatu batean. Feijook datu faltsuz osatutako zaparrada batekin egin zion eraso Sanchezi, eta hautagai sozialista erreakzionatu ezinik lotu zen.
Hurrengo egunetan, hedabide ugarik nabarmendu zuten Feijook bere diskurtsoa indartzeko erabilitako datu asko ez zirela egiazkoak, eta gezurra zertan eta zergatik esan zuen xehe aletu zuten, baina analista politiko gehienak bat etorri ziren: gezur erauntsi horrek balio izan zion Feijoori abantaila hartzeko, eta hura jo zuten eztabaidaren garailetzat.
PPren hautagaia albiste faltsuekin lotutako beste polemika batean murgildurik egon da: joan den astelehenean ika-mika garratza izan zuen Silvia Intxaurrondo kazetariarekin, TVEn egindako elkarrizketa batean. Feijook baieztapen batzuk egin zituen pentsioen inguruan, kazetariak aurpegiratu zion datu horiek ez zirela egiazkoak, eta hautagai popularra oldartu egin zitzaion. Geroago, sare sozialetan hedatutako mezu baten bidez, Feijook onartu zuen berak esandakoa ez zela guztiz «zehatza» izan, baina ukatu zuen gezurra esan zuela.
Eduardo Apodaka (Bilbo, 1965) Filosofian lizentziaduna eta Soziologian doktorea da, eta eskolak ematen ditu EHU Euskal Herriko Unibertsitatean. Dioenez, politikan informazio faltsua erabiltzearena ez da atzo goizeko kontua: «Euskal Herrian, adibidez, oso eskola ona izan dugu bertsio ofizialekin. Euskaldunon Egunkaria itxi zutenean, ezagun egin zen gezurra ari du esapidea, eta uste dut ondo laburbiltzen duela jarduteko modu hori, beti hor egon dena; gutxienez, frankistek Gernika [Bizkaia] bonbardatu, eta errua gudariei leporatzen saiatu zirenetik».
Apodakaren ustez, berritasuna ez da gezurra erabiltzea, baizik eta hura izendatzeko modua: «Orain, informazio faltsua erabiltzen denean, ez dugu esaten hori gezurra dela; esaten dugu fake news direla, hau da, albisteen kategoria berezi batean sartzen ditugu».
Aldaketak testuinguruan
Izendatzeko modua ez ezik, testuingurua ere aldatu dela ohartarazi du Apodakak: «Gezurra egia bezain zaharra da; orain, baina, gezurrarekin bizitzeko eta erreakzionatzeko modu berriak ezagutzen ari gara». Eta zeintzuk dira testuinguruak izandako aldaketa horiek? Apodakak bi nabarmendu ditu: «Alde batetik, eskuinaren erreakzio global batean murgilduta gaude mundu osoan; eta, beste alde batetik, erreakzio horrekin batera etorri da aldaketa teknologikoa, eta sare sozialen gorakada. Informazio eta kontrainformazio estrategien baliabideak asko aldatu dira».
Teknologia berriek eta sare sozialek izugarri handitu dute informazio fluxua, eta horrek ateak ireki dizkio datu faltsuen hedapenari. Gainera, «informazio eta kontrainformazio jokoan parte hartzeko aukerak» ere zabaldu ditu. Gaur egun nahikoa da eskuko telefonoa izatea edo sarerako konexioa izatea plaza horretan parte hartu ahal izateko. Adibidez, Apodakak gogorarazi duenez, Feijooren adierazpenen inguruko polemika puri-purian zegoenean, PPren hautagaia gezurtitzat jotzen zuen traola trending topic edo boladako gaia izan zen Twitterren Espainian zenbait egunez: «Hori zerbaiten adierazle da».
Eraginkortasunaren auzia
Euskaraz esan ohi da gezurrak hanka motzak dituela, baina politikari eta bereziki hauteskundeetako estrategiei erreparatuz gero, badirudi hori ez dela beti horrela izaten, eta, alor etikoa alde batera utzita, informazio faltsuak hedatzea eraginkorra eta errentagarria ere izan daitekeela horrelakoak erabiltzen dituzten eragileentzat.
Apodakak dioenez, «alderdi psikosoziala» aintzat hartu behar da fenomeno hori ulertzeko: «Psikologia kognitiboan asko ikertu da hori. Aurretiaz sinesten edo pentsatzen duguna baieztatzeko informazioari sinesgarritasuna emateko joera izaten dugu. Joera kognitibo hori oso arrunta da, eta denok izaten dugu».
Izan ere, informazio jarioa kudeatzean, arrazoibideak bezainbesteko garrantzia dute pasioek eta afektuek: «Egia ez da egoera bat edo izaera bat, harreman bat baizik. Eta harremana den neurrian, guk ere parte hartzen dugu horretan, eta faktore subjektiboak badu zeresana. Feijoo gezurretan harrapatu arren, harekin identifikatzen diren guztiek argudioak bilatuko dituzte hori erlatibizatzeko. Mekanismo psikologiko horiek hor daude guztiontzat».
Horrek ondorio ikaragarriak izan ditzake komunikazio politikoan: «[AEBetako presidente ohi] Donald Trumpek inoiz ohartarazi zuen politikari batek esan dezakeela 'gezurretan ari naiz', eta jendeak txalotu egingo lukeela. Egiak balioa galdu du, eta harekin dugun harremana asko aldatu da».
Beharbada horregatik, albiste faltsuen kategoria hedatzearekin batera, asko ugaldu dira fact check edo informazioa egiaztatzea helburu duten agentzia, hedabide eta enparauak. Apodakak logikoa deritzo horri: «Egiak balioa galdu du, baina, oraindik ere, egiaren arrastoan bizi da, eta gure inguruan egiaztatzeko sistemak gero eta ugariagoak dira. Leku askotan, jada ez da nahikoa agiri bat erakustea: hatz markak eskatuko dizkigute, edo aurpegiak ezagutzeko sistemak erabiliko dituzte, eta laster adimen artifizialaren bidez egiaztatuko da nortasuna. Ziurtatze eta egiaztatze sistemena sekulako industria izango da etorkizunean, eta uste dut albisteen egiazkotasuna neurtzen duten sistemekin ere berdin gertatzen dela: egia krisian dago, eta, beraz, eremu ona da horren inguruan industria sortzeko».
Alde horretatik, Apodakak uste du hauteskunde kanpaina ez dela berezia izan, eta informazio faltsuei dagokienez, ez dela askorik nabarmendu, aurrekoekin alderatuta: «Nik uste dut udako kanpaina tipikoa izan dela, oso apala. Agian horregatik nabarmendu da gehiago Feijooren adierazpenen inguruko polemika, baina nik ez diot berezitasunik ikusi, kanpaina guztietan erabiltzen direlako esajeraziotik lekuz kanpoko baieztapenetara doazen aukera guztiak. Adibidez, udal bozetako kanpainan Oskar Matuteren kontra egindako bideoa askoz larriagoa iruditu zitzaidan».
Espainiako Gorteetarako hauteskundeak
Gezurrak ez ditu hain hanka motzak
Hauteskunde kanpaina honetan ere hitzetik hortzera erabili da albiste faltsuen inguruko aipamena; garrantzi handia hartu dute, baina hauteskunde kanpainetan eta politikan informazio faltsuak erabiltzea ez da gauza berria.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu