Talde jihadista batek Madrilen eta inguruetan zeuden trenetan jarritako lehergailuek 192 hildako eragin zituzten 2004ko martxoaren 11n. Atentatu haren eragin politikoak, baina, haratago iritsi ziren. Sarri esan da Espainiako Gobernuak eta zenbait hedabidek ekintza hura ETAri leporatzeko saiakeraren ondorioz galdu zituela PPk Espainiako Gorteetarako hauteskundeak. Baina teoria horiek hauspotu izanaren eragina bestelakoa izan zen Euskal Herrian: martxoaren 13an, hipotesi hura defendatzen zuen familia bateko bi kidek Angel Berrueta hil zuten Iruñean.
Ikusi gehiago
Hiru egun besterik ez ziren falta Espainiako Gorteetarako hauteskundeetarako, eta inkestek PPko buruzagi batetik besterako trantsizio bat iragartzen zuten: Jose Maria Aznar erretiratu, eta Mariano Rajoyk hartu behar zuen haren lekua Moncloan. Atentatuak, baina, hankaz gora jarri zuen jokaleku politikoa, eta martxoaren 14ko bozak PSOEk irabazi zituen azkenean.
Jose Luis Arceo Madrilgo Unibertsitate Konplutentseko katedratikoak aztertu zuenez, ordea, atentatuak berak baino gehiago, Espainiako Gobernuak eta PPk haren inguruan egindako «kudeaketa politiko eta komunikatibo oso txarrak» eraman zuen porrotera alderdia. Gaiaren inguruko artikulu batean azaldu zuen gobernuak «ahal zuena» egin zuela atentatua ETAri leporatzeko. Besteak beste, Aznarrek hainbat dei egin zituen Espainiako hedabide nagusietara, bere tesiarekin bat egin zezaten presio egiteko: Matanza de ETA en Madrid (ETAren sarraskia Madrilen) titulua erabili zuen El País-ek arratsalde hartan, gobernuburuak Jesus Zeberio zuzendariari dei egin ostean. Irakaslearen arabera, horren atzean bazegoen nahi bat.
Hala berretsi zuen bere liburuan Jose Manuel Garcia Margallok ere (PP), gerora Espainiako Gobernuko Atzerri ministro izango zenak, Pedro Arriola PPren aholkulariarekin eta Francisco Villar Rajoyren kabineteburuarekin izandako elkarrizketa bat gogora ekarrita: «'Baina badakigu nor izan den?'. 'Oraindik ez' ─erantzun zidaten─. 'ETA izan bada, erraz irabaziko dugu, baina jihadistak izan badira, etxera goaz'». Hau da, lehen hipotesiak bultzada ematen zion Espainiako Gobernuak Lizarra-Garazi ostetik erakutsitako jarrerari. Bigarrenak, baina, eztabaidaren erdigunean jarriko zuen Irakeko inbasioan izaniko rola.
Hala, martxoaren 11n eta 12an talde jihadista baten parte hartzearen inguruko frogak agertu arren, aurkakoa sinetsarazteko saiakerari eutsi zioten. Bozetara bitarte bat eta bakarra izan baitzen «ikerketa ildo nagusia», gobernuaren esanetan. «Denok dakigu ez dela hilketa masibo hau egiten saiatzen diren lehen aldia... Talde terrorista amaitzea lortuko dugu», esan zuen Aznarrek, ETAri erreferentzia eginez. Eta, kontrako adierazpen oro uxatzeko, Angel Acebes Barne ministroa: «Onartezina iruditzen zait miserable batzuek egindako edozein intoxikazio, tragedia honen egileak eta helburua desbideratzeko xedea baitute». Hala, ETAren ukapen mezua eta Al-Qaedak atentatua bere gain hartu izana —martxoaren 12an adierazi zuten hori, bideo batekin— ez ziren nahikoa izan.
Ordurako, gainera, gobernuaren jarrera horrek domino efektu bizkorra izan zuen. PSOEko idazkari nagusi Jose Luis Rodriguez Zapaterok «ETAk inoiz egindako atentaturik izugarriena» izan zela adierazi zuen. Eusko Jaurlaritzako lehendakari Juan Jose Ibarretxek, berriz, «demokrazia dinamitatu» nahi izana egotzi zion erakunde armatuari.
Hitz horiek Miren Azkarate Eusko Jaurlaritzako eledunak zuzenduko zituen martxoaren 13an, esanez frogek «terrorismo islamikoari» egiten ziotela erreferentzia. Bi egun lehenago, baina, jada esana zuen Batasunako Mahai Nazionaleko eledun Arnaldo Otegik: «Ezker abertzaleak ez du hipotesi bezala ere aztertzen ETA gaur Madrilen gertatutakoaren atzean egotea».
Bitartean, Iruñean
Testuinguru hartan, martxoaren 12an eta 13an egindako protestetan, Espainian zein Euskal Herrian, ETAren eta Irakeko gerraren aurkako mezuak entzun zitezkeen tartekatuta, eta galdera bat argitasunik ezaren erakusgarri: «Nor izan da?» Maria Pilar Rubio Moncloaren tesiarekin bat egin zuten horietako bat izan zen. Hark, martxoaren 13ko eguerdian, atentatua ETAri egozten zioten kartelak jarri asmo zituen Iruñeko kaleetan, baina okindegi batera sartzean, bertako jabe Angel Berruetak uko egin zion halakorik egiteari. Erantzuna, lehenik, hari «hiltzaile» eta «etakide» deitzea izan zen. Gero, semea eta senarra —Espainiako polizia— okindegira eramatea: lehenak labankada bat eman zion Berruetari; bigarrenak lau aldiz egin zion tiro.
Auzitegiak hilketaren oinarrian zegoen motibazio politikoari ere erreparatu zion, baina Berrueta ez da oraingoz motibazio politikoko biktimatzat jo. Erakundeek ez dute biktimatzat hartu Kontxi Sanchiz ere. Hura 2004ko martxoaren 14an hil zen. Hernanin (Gipuzkoa), Berruetaren hilketa salatzeko protesta batean, Ertzaintza manifestarien aurka oldartu zen, eta ihesean ari zela bihotzeko bat jasan zuen. Donostiako Ospitalera iritsi eta gutxira hil zen.
Gau hartan, Zapatero Ferrazen azaldu zen, Espainiako Gorteetarako bozak irabazita. PP, oposiziora.