Konponbideari begira. Bilboko manifestazioaren ondorena. Ibon Meñika. Herrira-ren aurkako operazioan atxilotutakoa

«Geure buruan sinesten badugu gauzak aldatzeko gaitasuna dugula frogatu da»

Presoen korapiloa askatu eta konponbidean laguntzeari begira jarduteko modu berriari eutsi behar zaiola dio; aldaketa herritar bakoitzak «erronka kolektiboa» sustatzeak ekarriko duela.

MARISOL RAMIREZ / A RGAZKI PRESS.
Aitziber Laskibar Lizarribar.
Bilbo
2014ko urtarrilaren 14a
00:00
Entzun
Azken egunetako zurrunbiloak nekatuta, baina herritarrek lor dezaketenarekin ilusionatuta dago Ibon Meñika (Zamudio, 1977).

Espainiako auzitegiek Herrira, Tantaz Tanta eta EPPKren bitartekariak hartu ditu jomuga azkenaldian. Zergatik?

Gatazkari aterabide politiko bat emateko muin nagusietako bat gatazkaren ondorioak direlako; horren barruan, preso eta iheslarien afera erdigunean dago. Korapilo hori askatuta, konponbiderako prozesuak abiadura handia hartuko luke, eta konponbidearen alde ez daudenak hori ez dute nahi. Beraz, aterabidea ez garatzeko dikea hortxe kokatu du: presoen gaian.

Herritarren mobilizazioa sustatzeko tresnen kontra egin dute.

Jorge Fernandez Barne ministroak modu esplizituan azaldu zuen zergatia gu atxilotu gintuenean: Herrira mugimenduari euskal jendartea aktibatzeko sustatzaile nagusietako bat zelako eraso zioten. Herrira-k eta ondoren presoen eskubideen alde sortutako ekinbideek filosofia aldaketa ekarri dute: norbanakoek egin dezaketen ekarpenei balio berezia eman diete. Euskal jendartea parte hartze aktiboa eskatzen ari da, eta presoen eskubideen aldeko azken mugimendu berritzaileek hori kanalizatu dute. Uste dut horri beldur handia diola Espainiako Gobernuak. Izan ere, euskal jendarteak horrelako erronka bat jartzen dionean bere buruari gaitasun nabaria du, eta herritarren ahalmen hori era praktikoan gauzatzen duenean Espainiako Gobernuaren immobilismoa kolokan jartzeko gaitasuna du.

Politikarien artean zailak diruditen urrats batzuk herritarren artean egin behar direla esan nahi duzu?

Uste dut frogatzen ari dela formulazio hori ezinbesteko osagaia izango dela aterabide baterako. Horretaz kontzientziatu behar dugu euskal jendarteak eta euskal klase politikoak ere. Herritarrak hasi dira lan hori egiten, eta horrek ekarri du larunbatean 130.000 lagun biltzea. Hori ez da kasualitatea. Ez da bakarrik agerraldi bateratu baten emaitza, hori oso garrantzitsua bada ere.

Banakoen bidetik ari zen lanean Tantaz Tanta. Antolatu zuen manifestazioa debekatu ondoren bere lana amaitutzat eman du, helburua bete duela esanda. Nolatan?

Zentralitate guztia norbanakoei eman diete Tantaz Tantakoek. Jendeak oso ondo hartu du, eta bertan parte hartu duen bakoitza tanta horren eroale bihurtu da. Alde horretatik, bere helburua betetzat eman duela uste dut. Bestalde, urtarrilaren 11n itsasoa sortzeko egitasmo gisa sortu zen eta, oztopo guztiez gain, 130.000 pertsona biltzeko energia eroale nagusia izan da. Aurrera begira, horri tira egiteko bide bat eskaini dio euskal jendarteari, eta orain jendartearen ordua dela adierazi du. Hemendik aurrera, herri edo sektore bakoitzak ikusi beharko du nola landu filosofia berri hori.

Nola baloratzen duzu debekuari alderdiek emandako erantzuna?

Debekuaren kontra alderdi eta sindikatu abertzaleek erantzun bateratua emateko erakutsi zuten konpromisoak ilusioa piztu du, eta eskerrak eman behar zaizkie erantzun bateratuaren argazkia eskaini zutenei.

Aurrez atxilotu zituzten EPPKren bitartekariak espetxera bidali dituzte. Zerinterpretazio merezi du?

Oso larria da. Abenduaren 28an EPPK-k agiri historiko bat plazaratu zuen. Hainbat pertsonak modu publikoan azaldu dute hori lortu ahal izateko lanean ibili direla; besteak beste, zortzi pertsona horiek. Lan hori egin dutenak espetxera eraman dituzte, konponbidean urrats gehiago egin daitezen pertsona horiek lanean jarraitzea behar litzatekeen arren. Atxiloketa eta espetxeratzeekin etsipena eragin nahi dute. Prozesua zapuzteko nahi beldurgarri bat dago horren atzean.

Horren inguruan, zer?

Konponbide prozesuaren alde gauden pertsona eta eragile guztiek ahalik eta pauso eraginkorrenak ematen jarraitzea da aurrera egiteko modu bakarra.

Horrek eragin dezake jarrera aldatzea?

Bai. Egun bitan frogatu da geure buruan sinesten badugu gauzak aldatzeko gaitasuna daukagula. Erronka bateratu gisa hartzen badugu, herri honek badu espetxe politika aldatzeko eta sakabanaketa amaitzeko ahalmena.

Bide onetik ari da?

Horregatik ari dira kolpatzen. Elkarlanean jarduten badugu, gure indarra gero eta handiagoa izango da, eta haiena, txikiagoa. Larunbateko mobilizazioak erakutsi du herri honek baduela horretarako indarra, baina muskulu horri forma eman behar zaio. Elkarlanean jarduten badugu, ziur naiz estatuen ankerkeria hankaz gora jartzeko gaitasuna badugula. Herri honek frogatu du bake jokaleku bat eman nahi diola bere buruari, eta halako erabaki kolektibo bat hartzen denean ez du bueltarik, gure herrian kokatzen delako erronka eta ez Espainiako edo Frantziako gobernuetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.