Hautsak harrotu ditu berriz, baina «ospatu» da Bilbo Bizkaia Harro jaialdia. Egitasmoak 2015ean ekin zion bideari, antolatzaileen esanetan, «Bizkaiko LGTBI mugimenduaren memoria historikoaren dibulgatzailea izateko», besteak beste. Aurten, ekainaren 14tik 23ra iraun du. Kontzertuak, tailerrak eta batik bat aisialdiari loturiko hainbat jarduera kabiarazi dituzte egitarauan, eta, iragartzeko garaian, ataletan banatu dituzte horiek guztiak, tankeraren arabera: hala nola Harro Fun, Harro Music eta Harro Basque izeneko programetan. Antolatzaileen esanetan, herritarrek harrera «itzela» egin diote egitasmoari. Gainera, festibalaren aurtengo aldia ofizialki bukatua izanik ere —23ra artekoa izan denez gero—, haren webgunean bistaratuak dira ordutik aitzinera ere antolatu diren beste zenbait jarduera; ez denak. Atentzioa ematen du absentzia batek: ekainaren 28a sakatu, eta ez da ageri manifestaziorako deialdirik.
Urteak dira Bizkaiko E28 koordinakundeak irmo kritikatzen duela festibala, hari boikot egitera ere deitzeraino. «Dagoeneko badaramatzagu bospasei urte», ekarri du gogora koordinakundeko eta Ozen kolektiboko kide Be Maciasek. Besteak beste, EHGAM Euskal Herriko Sexu Askapenerako Mugimenduak ere bat egin du boikoterako deiarekin. Eta arrazoi bertsuengatik ozentzen dute guztiek ideia berbera: «Jaialdiak LGTBI+ mugimenduaren aldarrikapenak eta arazo historikoak merkantilizatzen ditu», adierazi zuen EHGAMek ekainaren hasieran plazaratutako oharrean.
Maciasek oroitarazi duenez, Eusko Jaurlaritzak, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Bilboko Udalak 400.000 euro inguru eman dizkiete jaialdiaren antolatzaileei 2019tik orain arte, eta programa Bilboko Udaleko Turismo Sailak diseinatu du. Gainera, EHGAMek zera nabarmendu du asteotan, azpimarratzeko festibalaren antolaketa bera ere «interesatua» dela: Ortzadar LGTB elkartea dela diru laguntza publiko horien onuradun bakarra, eta «EAJren hurbilekoa» dela, hain justu.
Eta, hala eta guztiz ere, egin da aurtengo aldia ere. «Arrakastaz», antolatzaileen esanetan. Hori bai: festibalaren kontra mintzo diren dozenaka kolektibok garbi dute premiazkoa dela haren asmo politikoak eta «etekin ekonomikoa atera nahia» salatzen segitzea. Hori hala, haien irudiko, festibala kritikatzeko zabaldutako leloak ez dira iraungitzen batere: Pride argitxoek ez zaitzatea itsutu!, Erresistentzia gara, ez erreklamo!, Harroputz.
«E28 koordinakundean gauden norbanako eta taldeok ikuspegi antikapitalista batekin egiten dugu gure militantzia», argitu du Maciasek, festibalaren gaineko eztabaidaren harira. Militantzia klase horien eta jaialdiarenaren artekoen «talka» nabarmentzeko, hain zuzen. Izan ere, esplikatu du Bilbo Bizkaia Harrok bi helburu nagusi dituela: itxurakeriarekin du ikustekoa batek; «diru gosearekin» besteak.
«Horrelako egitasmoek beste militantzia esparru batzuk sorraraztea dakarte, baina, aldi berean, baita militantzia horiek despolitizatzea ere»
«Helburu politikoari dagokionez, uste dugu agintean diren alderdi politikoek –eta sinetsita gaude beste batzuek ere berdin egingo luketela– erakusten dutela halako fatxada bat, progresismoaren fatxada, baina, berez, alde batera uzten dituena geure benetako beharrak», adierazi du Maciasek. Eta ez hori bakarrik. Haren esanetan, «itxurakeriak» eraikitako halako egitasmoek beste ondorio bat ekarri ohi dute berekin: «Beste militantzia esparru batzuk sorraraztea, baina, aldi berean, baita militantzia horiek despolitizatzea ere». Funtsean, Macias sinetsia dago tankera horretako jai giroetan apenas dela egiazko borrokarik eskubideen alde.
Alderdi politikoek, instituzioek eta zenbait enpresak LGTBI komunitatearen aldarrikapenak baliatzeko manera izendatzeko, «fatxada» hitza erabili du Maciasek aurrena, baina segituan egin du zehaztapena, eta honela deitu: Pinkwashing-a. Alegia: garbiketa edo zuriketa arrosa. 2023ko ekainaren 28ko manifestazioan, LGTBI Komunitatearen Nazioarteko Egunean, hain zuzen ere fenomeno horrekin loturikoa izan zen Bilboko manifestazioko lelo nagusietako bat: Pinkwashing-ak itotzen gaitu. Transmaribibollo antolakuntza.
Maciasek gogora ekarri duenez, pinkwashing terminoa Israelen jokabidea izendatzeko baliatu zen aurrenekoz. Eta iradoki du, hortaz, aurten bereziki saihestu ezinezkoa dela «marketin estrategia» hori buruan edukitzea, Israel inoizko erasoaldirik bortitzena egiten ari den honetan Palestinaren kontra. «Pinkwashing-ak balio die zilegitasuna emateko proiektu genozidari, esanez irekiak direla, eta argudiatuz sortuko edo ezarriko duten estatu horretan LGTBI pertsonak libre izango direla, barbaroen artean».
«Baina bistan da hemen ere badirela horrelakoak; beste modu batera, baina bai», ohartarazi du Maciasek, «eta ez soilik mugimendu transmaribibolloarekin». Dioenez, feminismoarekin ere berdin gertatzen da, Martxoaren 8aren edo Azaroaren 25aren inguruan adibidez —Emakumeen Nazioarteko Egunean edo Indarkeria Matxistaren Kontrako Nazioarteko Egunean, hurrenez hurren—. «Instituzioek aurpegia ateratzen dute, eta bularra, eta, gero, geure beharrak urte osoan uzten dituzte bazter batean», kontatu du.
Horiek hala, Maciasek azpimarratu du inportantea dela garbi gelditzea nork egiten duen zer, besteak beste. «Inportantea da ez uztea geure izenean aritzen», erantsi du. «Ez diogu zilegitasunik emango Israeli, baina ezta ezein instituzio edo alderdi politikori ere». Izatez, Maciasek uste du, adibidez, LGBTI komunitatearen askapena ez dela parlamentuetan erdietsiko. Sistemaren kontra aritu beharra aldarrikatu du, irmo. «Badakigu gure borrokaren helburuak kapitalismotik kanpo geratu behar duela, eta, gainera, guk ez dugu bakarrik gure askatasuna nahi, baizik eta langile klase osoarena. Horretarako, beste askoren eskutik parte hartu beharko dugu borroka honetan, geure bideak sortu, eta tinko eutsi horiei».
«Garbi esan nahi dugu guk ere ez dugula askatasunik Palestina libre ez den bitartean»
Hain zuzen, Maciasek aldarrikatu du aurrez beste militante batzuek sortutako bideetan tematu beharra dagoela benetan aurrera egin nahi bada. Horregatik, nahi luke gaurko manifestazioetan ere islatzea, adibidez, aurreko belaunaldiek erakutsitako grina. «Balio dezala memoria historikoa ere aldarrikatzeko, ez baita ezer berria. Gogorarazi behar baita bai Bilbon bai beste hiriburuetan badirela 40-50 urte manifestazioak egiten direla, eta beti izan direla, batez ere, antikapitalistak eta aldarrikatzaileak. Eta zernahi festibaletatik kanpokoak izan direla».
Aurten, «arduratsu eta erantzukizunez», Palestinari elkartasuna adierazteko ere baliatuko dute manifestazioa Euskal Herriko txoko askotan, hortaz. Bilbon, adibidez, hau izanen dute leloa: Genozidioan harrotasunik ez —19:30ean abiatuko dute martxa, Casillatik—. Gainera, Queer Coalition for Palestine sarearekin bat egin dute. «Garbi esan nahi dugu guk ere ez dugula askatasunik Palestina libre ez den bitartean».