24 urteko mutil bat hil zuten Getxon larunbat gauean, labana sartuta. Bost adingabe atxilotu zituzten erasoarekin lotuta egotea egotzita. Ezinegona eta oinazea eragin ditu herrian gertaerak, eta elkarretaratze isil bat egin dute gaur arratsaldean, Getxoko Udalak antolatuta. Jendetsua izan da.
Amaia Agirre alkatea elkarretaratzean izan da, eta udalbatzako talde politiko guztiek ere izan dute ordezkaritza. Herriko gazte elkarteetako kideak ere izan dira. Protestaren amaieran alkateak eta gazte erakundeetako ordezkariek lau kandela piztu dituzte.
Algortako Satistegi plazaren inguruan izandako istiluetan hil zuten gizon gaztea. Odolez zikindutako bi labana topatu zituzten geroago ertzainek Algortako metroko zaborrontzi batean, bost adingabeak atxiki zituzten tokitik gertu.
Hilketaren berri izan ostean, elkartasuna azaldu zion Getxoko Udalak hildako gaztearen familiari, eta halakoak eragozte aldera herrian segurtasun neurriak indartzeko asmoa azaldu zuen, bai eta «gizarte kohesioa» areagotzeko ere.