Atzo igaro zen urtebete Euskalgintzaren Kontseiluak deituta Bilboko kaleak «euskararen aurkako oldarraldiaren kontra» jendez bete zirenetik. Urteurrena, baina, protesta eguna ere izan zen Getxon (Bizkaia), dozenaka lagun elkartu baitziren Algorta eta Itzubaltzeta auzoetan egindako elkarretaratzeetan, salatzeko udalak udaltzain berrien erdiei soilik ezarriko diela euskara eskakizuna. Erabaki «oso larria», Getxoko Bizarra Lepoan euskara elkartearen eta Euskalgintzaren Kontseiluaren arabera.
Ikusi gehiago
Urrian, EAJk, PSE-EEk eta PPk adostu zuten hamar udaltzain kontratatzeko deialdi bat egitea, eta horietatik bosti soilik ezartzea euskara eskakizuna —B2 maila—. Udalak argudiatu zuen EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren jurisprudentziara egokitzea dutela xede; hark irailean ebatzi zuen «neurrigabea» dela postu guztietan euskara maila jakin bat eskatzea.
Getxoko eragile euskaltzaleen esanetan, baina, udalaren erabakiak egoera «bereziki larri» bat eragin dezake, jada martxan den oldarraldi judizialean «beste fase bat» hasteko aukera mahaigaineratzen duelako. Izan ere, salatu dutenez, auzitegiaren ebazpena baliatuta, udalak berak ezarri ditu «hizkuntza berdintasunaren aurkako neurriak».
Elkarretaratzean, gogoratu zuten udaltzainen lanak herritarrekiko «harreman zuzena» exijitzen duela, herritarren segurtasunerako «eginbehar garrantzitsu» batean. Hala, salatu zuten udaltzain bakar batek euskaraz ez jakiteak jada baldintzatzen dituela zerbitzua bera eta herritarren hizkuntza eskubideak.
Gainera, salatu zuten erabakiaren eragin kaltegarriak orain eta etorkizunean pairatuko dituztela Getxoko herritarrek: «Ez da bermatzen lanpostua eskuratuko duten udaltzain gazteek euskaraz jakingo dutenik, eta, beraz, eskubide urraketak hamarkadetan luzatu ditzake horrek».
Getxoko udaltzaingoan euskararen ezagutzarik gabeko 5 lanpostu sortzeko erabakia bertan behera utz dezala eskatu diote gaur ehundik gora lagunek Udalari. pic.twitter.com/3CmOaht6aT
— Euskalgintzaren Kontseilua (@kontseilua) November 4, 2024
Hala, atzera egiteko eskatu zioten udalari: «Euskararen normalizazioaren bidean eta herritar eta langile guztien hizkuntza eskubideen defentsan hartu beharreko erabakia delako». Izan ere, udalak «errealitate soziolinguistikoa» aipatu badu ere, eragileek adierazi zuten udalerrian «adostasun zabalak» daudela euskararen normalizaziorantz eta administrazioaren euskalduntzerantz urratsak egiteko bidean.
Aurreko astean eskaera bera egin zuten Euskalgintzaren Kontseiluak, ELAk eta LABek, Getxoko Udaletxearen aurrean egindako protesta batean. «Udaltzain guztiek euskaraz jakin behar dute», adierazi zuten, kontrakoak «herritarren eskubideak eta integritatea baldintzatzen» dituelako.
Getxoko Udalak urriaren amaiera aldera hartu zuen udaltzaingoan hamar lanpostu sortzeko erabakia, eta horietako bost postu lortzeko eskakizun gisa jarri zuen gutxieneko euskara maila egiaztatzea. Batetik, udalerriko «errealitate» soziolinguistikoari egin zioten erreferentzia; bestetik, adierazi zuten Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politika Sailaren oniritzia zutela horretarako.