Getxoko San Nikolas ikastolak antolatuko du heldu den urteko Ibilaldia

Maiatzaren 26an egingo dute Bizkaiko ikastolen festa, udalerri horretako hainbat gunetan. 'Txonbo' egitera gonbidatu nahi dute jendea

Ekhi Erremundegi Beloki.
2023ko ekainaren 29a
00:00
Entzun
2024ko Ibilaldiak baditu herria eta antolatzailea. Getxoko (Bizkaia) San Nikolas ikastolak hartu du heldu den urtean Bizkaiko ikastolen festa antolatzeko ardura. Maiatzaren 26an izanen da, udalerri horretako hainbat eremutan. Txonbo izanen da jaiaren leloa, buruz behera murgiltzea adierazteko Uribe Kostako hainbat herritan erabiltzen den hitzari erreferentzia eginez. Hala, ur zipriztinak irudikatzen dituen logoa erabiliko dute.

Duela hilabete egin zuten Ibilaldia Ondarroan, eta ontzat jo dute ekitaldia. Heldu den urtekoa 46. jaialdia izanen da, eta hainbat xede jarri dituzte antolatzaileek: euskara bultzatzea, sexuari eta generoari lotutako rolak gainditzea, antolatzen dituzten ekintza guztietan iraunkortasuna bermatzea, ikastolako komunitate osoak eta herriko eragile guztiek parte hartzea eta behar ezberdinak dituztenen inklusioa sustatzea. «Ibilaldian txonbo egin nahi dugu. Txonbo bizikidetzara, abenturara, Getxora, euskarara... eta aurretik adierazitako balioetan murgildu edo txonbo egin gura dugu».

Unai Elorriaga ikastolako guraso eta euskal idazle ezagunak egindako ikerketaren emaitza da Txonbo hitzaren erabilpena. Gaztelaniaz ere asko erabiltzen da, eta askok uste izan dute mailegu gisa iritsi zela euskarara, baina alderantziz da. Horregatik ere azpimarratu nahi izan dute.

1963an sortu zen Getxoko San Nikolas ikastola, Bilboko lehenengo ikastola klandestinoaren ideia harturik. Bederatzi familiak abiatu zuten. Begoña Abaitua andereñoaren gidaritzapean, hamabi ikasle hasi ziren euskarazko irakaskuntzan. San Nikolas Irakaskuntza Zentroa deitu zuten, ikastola izena bera ezkutatzeko. Urteen poderioz, ikasle kopurua emendatu egin zen, eta ikastola handitu. Heldu den urteko Ibilaldiaren aurkezpena baliatu nahi izan dute urteetan proiektuan inplikatutako guraso eta irakasleei eskerrak emateko. Gaur egun, 1.100dik gora ikaslek, 700 familia aktibok eta 140 langile inguruk osatzen dute San Nikolas Ikastola kooperatiba elkartea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.