Pastor
Darwin eta gu

Getarian ala Getarian?

2024ko azaroaren 2a
05:00
Entzun

Zer udalerrik du errenta handiena Euskal Herrian? Non jo du goia pobreziak? Zein da batez besteko soldata Lapurdin? Eta Nafarroa Garaian?

Telebistako pantailak etxeetako errenta rankinga erakutsi digu aste honetan. Getxo zortzigarrena dugu: urtean 22.802 euroko errenta dute, batez beste, han. Hondarribia hamaikagarrena da zerrendan, urtean 22.209 eurokoa baita bertako etxeetako poltsa. Euskal Herriko datuak dira? Ez. Espainiakoak —barkatu, Estatukoak—. Multzo horretan beste leku batzuk azaltzen dira, hemendik kanpokoak. Horiek guztiak Estatuaren barrukoak omen dira.

Estatua eufemismo ederra dugu hitz bat ez esateko: Espainia. Alta, estatua esanda, egitura hori gure estatu propioa dela pentsa liteke. Ez ahaztu, baina: euskaldunok ez dugu estaturik, Espainia edo Frantzia ez bada. Ez behintzat gure atlas emozionalean. Batek jakin autonomistek zer estatu duten gogoan. Eta kolkoan.

Herri aberatsenen sailkapena ikusi eta mezua iritsi zait sakelakora: ETB: Espainiar Telebista. Ez, ETB Euskal Telebista da, ez Espainiar Telebista, baina haren jarduera informatiboak, kasu honetan bederen, gure iruditerian Espainiaren presentzia areago errotzeko balio du. Espainia autonomikoa sendotzeko. Datuak eta beste zabaltzeko garaian erreferentziak espainiarrak ezartzen dituelako. Espainia ardatz duelako.

Hain zaila al da erreferentziak Euskal Herri osokoak izatea? Geure hedabideek Gipuzkoako Getariari buruzko datuak ematen dizkigute. Eta Lapurdiko itsas hegiko herrikoak? Tartean debekuren bat dago hori ez egiteko ala borondate politikorik eza da? Zertarako eskatu Sanchezi nazio moduan aitortzeko, funtsean lurralde autonomiko gisa jokatzen badugu? Nazioa? Zer nazio eta nazio oste? Nazioa soil-soilik Euskal Autonomia Erkidegoa dela pentsatzen dugu? Horixe dirudi. Gora Espainia autonomikoa eta haren jarraitzaile autonomistak.

Geure hedabideek Gipuzkoako Getariari buruzko datuak ematen dizkigute. Eta Lapurdiko itsas hegiko herrikoak?

Errespetu osoz: niri ez dit ardura Pozuelo de Alarconen (Madril) 29.258 euroko errenta badute eta Huesan (Andaluzia) 7.603 eurokoa. Nik Ahetzeko eta Tafallako datuak konparatu nahi nituzke; Bidarraikoak eta Aguraingoak. Angelukoak eta Izabakoak. Maulekoak eta Bilbokoak.

Getxo taulako zortzigarren postuan dagoela azalduta, zer esan nahi dugu? Euskal udalerri aberatsena dela ala Espainiako zortzigarrena? Getxo baino herri aberatsagorik ba al dago Euskal Herrian? Frantziako ISEE Estatistika eta Ikerketa Ekonomikoen Institutu Nazionalaren arabera, Miarritzeko kontsumo unitate bakoitzeko errenta erabilgarriaren mediana 25.640 eurokoa da. Eta Donibane Lohizunekoa, 23.390 eurokoa.

Gaia guztiz desberdina da, tentuz ibiltzekoa, baina bota egingo dut: hilketa matxista guztien berri eman behar dute euskal hedabideek? Euskal Herrian gertatu badira, iparrean zein hegoan, bai, jakina. Besteak? Noiz? Soilik Espainian izaten direnean? Biktima espainiarrek frantsesek edo beste inongoek baino oihartzun handiagoa izan behar dute? Zergatik? Espainiarrak garelako, antza.

Joan den astean, urriaren 24an, 41 urteko emakume bat hil zuen bikotekideak Emerainville-n, Paris ondoan. Gizonak hainbat labankada jo zizkion andreari haren umeen aurrean. Ez dut berri hori ikusi Hegoaldeko hedabideetan. Hilketa Cadizen izan balitz, orduan bai jakin! Gehien-gehienek zabalduko lukete albistea. Ez orain esan euskaldun asko Cadizera doazela pescaíto-a jatera. Euskal herritarrak ez doaz, ba, Parisera? —eta ez bakarrik Iparraldekoak—. ViaMichelin webgunearen arabera, Bilbotik Cadizera 979 kilometro daude; Parisera, 916. Geografiari dagokionez, gertuago dugu Frantziako hiriburua. Distantzia afektiboari begiratuta, ordea, ez: maiteago dugu kriskitinen soinua musette akordeoiarena baino.

Zer langabezia tasa dago Getarian ? Zenbat auto dute etxe bakoitzean han? Eta beste Getarian? Non dute garestien metro koadroa: Getarian ala Getarian? Inoiz esango digute datu hori geure hedabide autonomiko autonomistek ala Pozuelo de Alarcon eta Huesa herrien datuak konparatzen segituko dute?

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.