Nerea Barjola. Feminismo eta Generoan doktorea

«Gertatutakoa ez da beldurrezko ipuin bat, indarkeria sexista da»

Dioenez, hedabideek 1990eko hamarkadan Alcasserko hilketei buruz zabaldutako mezuek 'statu quo'-a indartzea zuten xede; gaia horrela jorratzeak «sexu indarkeria birsortzen» duela ohartarazi du.

MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS.
gotzon hermosilla
Bilbo
2015eko apirilaren 17a
00:00
Entzun
1990eko hamarkadan zeresan handia eman zuen Alcasserko (Valentzia) 14 eta 15 urteko hiru neskaren hilketak. Bere doktore tesian, hedabideek gaia nola landu zuten eta nolako diskurtsoak nagusitu ziren aztertu zuen Nerea Barjolak (Santurtzi, Bizkaia, 1980). Dioenez, orduan garatutako narrazioak emakumeei «abisua» igortzea eta haiek errudun sentiaraztea zuen xede. Bilboko hilketen inguruko epaiketa hastear dagoen honetan, beldur da kontua ez ote den berrituko, eta indarkeria matxistaz gogoeta egiteko aukera galtzen utziko den.

Nolakoa izan zen Alcasser auzian nagusitu zen diskurtsoa?

Diskurtso bat baino gehiago egon zen, baina sexu terrorearen ingurukoa nagusitu zen. Nik uste dut krimen hori sexu arriskuari buruzko 1990eko hamarkadako narrazioa izan zela. Narrazio horrek emakumeak errudun bilakatzera eta erasotzaileen erantzukizuna arintzera jotzen du. Narrazio hori sozialki eraikita dago, eta statu quo sexuala babesten du, hau da, gizonek andreen gorputzen eta bizitzen gainean mantentzen duten pribilegioa. Nerabeek zer egin zuten, zer ez zuten egin behar, eta hori egiteagatik nolako ondorioak pairatu zituzten: horren inguruan harilkatu da narrazioa. Indarkeria sexista, azken finean, hori baita: araua urratzeagatik andreek jasaten duten zigorra.

Bestelako diskurtsorik egon zen?

Diskurtso feministak ere egon ziren, baina, horiek topatzeko, bila joan behar, eta horrek esan nahi du besteak nagusitu zirela. Nik uste dut Egin izan zela auzia testuinguruan kokatu eta ikuspegi kritiko eta feminista batetik jorratu zuen bakarra; Espainiako Estatuan, ezertxo ere ez, artikuluren bat edo beste kenduta.

«Sexu terrorea» aipatu duzu. Beldurra kontrol sozialerako tresna gisa erabiltzen da?

Jakina. Sexu arriskuaren inguruko narrazioek hori bilatzen dute: alarma jotzea, emakumeak arrastoan sarrarazteko. Eta horregatik eraikitzen dira emakumeek egin beharko ez lituzketen gauzen inguruan. Sexu arriskuari buruzko narrazioak tresna politikoak dira.

Zuk ikertutako auziak eta Bilbon epaituko denak ba al dute antzekotasunik?

Shaolin faltsuaren kasua deritzon horretaz argitaratu denari erreparatuta, eta izendapenetik hasita, uste dut oso termino arina dela emakume hiltzaile eta torturatzaile batez aritzeko. Indarkeria sexistaren lainotze moduko bat dago hor. Horrelako izendapenak erabiltzen direnean, terrorezko eta misteriozko narrazio bat ari da egiten. Sexu indarkeria kasua birkokatu egiten da, eta beste ardatz batzuen arabera azaldu.

Alcasserko krimenak aztertu nituenean, Giorgio Agamben filosofoaren kontzeptu bat erabili nuen, salbuespenarena, hain zuzen. Haren ustez, salbuespenezkotzat aurkezten eta kudeatzen diren egoerek arauaren mamia uzten digute agerian. Orduan gertatutakoa ez zen salbuespena, arauaren eta egunerokotasunaren barruan kokatutako zerbait baizik. Juan Carlos Aguilarren kasuan berdin gertatzen da. Hau ez da beldurrezko ipuin bat, hau indarkeria sexista da.

Hedabideek shaolin maisuaren krimenak aipatu zituzten hasieran, baina gero, kexak iritsi ziren, eta geroztik shaolin faltsuaren krimenez ari dira. Eztabaida horretan zentratzea ez al da arreta desbideratzea?

Kexa horiekin, mezu bat ari ziren barreiatzen: «Ez da gutarra, ez da gure taldekoa, guk ez dugu erantzukizunik». Gauza bera gertatzen da hiltzaile batez esaten denean «oso pertsona normala» dela. Sexismoarentzat, ez dago normala edo anormala den ezer. Gainera, zientzia psikiatrikoa ateratzen da hiltzailearen profil psikiatrikoa azaltzera. Jendarteak kanporatu egiten du, «ez da gutarra» esaten du, eta egin beharreko analisiak ez dira egiten.

Hedabide batzuek behin eta berriro nabarmendu dute biktimak prostituzioan aritzen zirela ustez. Zergatik?

Makineria sexista lanean jartzen delako. Sexu indarkeriaren azterketa kritiko eta politikoa egin beharrean, emakumeak errudun bilakatzen ditu.

«Saileko hiltzailea» terminoa ere asko erabili da.

Oso bitxia begitantzen zait hori. Nire ustez, sailekoa dena ekintza bera da, gizon asko daudelako emakume asko hiltzen dituztenak. Silvia Federicik dioen moduan, «erresistentziaren prezioa suntsiketa da».

Epaiketa hedabideetako ikuskizun bilakatzeko arriskuaz zer iritzi duzu?

Berriro ere, sexu indarkeria birsortzen segituko dutela. Nahiago nuke oker banengo, baina beldur naiz, esaterako, kalte fisikoei garrantzi handia emango dietela. Alcasserko auzian hori gertatu zen. Jendarte osoak aukera badu tortura eta eraso guztien xehetasun guztiak jakiteko, argazkiak eta guzti, orduan gertatu zen moduan, berriro ere emakumeen gorputzen erakustaldi publikoa egiten da. Emakumeen gorputza arlo publikoan birkokatzen da, mundu guztiak ukitu, ikusi eta horretaz hitz egiteko moduan.

Zure ustez, zeintzuk izan beharko lukete informazio egoki baten ardatzak?

Aztertu beharko genuke zerk ematen dien gizonezkoei emakumeen gorputzarekin nahi dutena egiteko eskubidea, edo sexu langileen segurtasunaz eztabaidatu. Hori da gakoa, eta ez nor den Juan Carlos Aguilar, edo benetako shaolin bat den ala ez. Juan Carlos Aguilar ez zaigu batere interesatzen; interesatzen zaizkigu biktimak, emakumeak eta indarkeria sexista, eta horretaz hitz egitea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.