«Gertatu da emagin batek hiru erditze zaindu behar izatea momentu berean»

Emaginek salatu dute langileak falta direla Bizkaian. Osakidetzak hori konpontzeko asmorik erakutsi ez duela iritzita, greba egin zuten uztailaren hasieran. Salatu dute egoera horrek eragina duela haurdun dauden emakumeen eskubideetan.

Bizkaiko emaginen manifestazioa, Bilbon, uztailaren 1ean egindako greban. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Bizkaiko emaginen manifestazioa, Bilbon, uztailaren 1ean egindako greban. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Olatz Silva Rodrigo.
Bilbo
2024ko abuztuaren 1a
05:00
Entzun

Erditzearekin lotu izan dira emaginak, erditzeetan laguntza ematen baitute. Euren zereginak, halere, hortik harago doaz. «Ospitalean, larrialdi obstetrikoak eta ginekologikoak ere artatzen ditugu, edoskitzean laguntzen dugu, eta puerperioak berrikusten ditugu», zehaztu du Lucia Alonso Gurutzetako ospitaleko emaginak. Gaur egun, funtzio horiek guztiak betetzea zaila da emaginentzat, bereziki oporraldietan, langileak falta baitituzte. «Arazoa da ez dagoela belaunaldi erreleborik», argi utzi du Alonsok. «Oporraldietan oso estu gabiltza; gu prest gaude laguntza emateko eta lan karga hartzeko, baina Osakidetza beti ari da gastua murrizten eta emaginak aurrezten saiatzen». Egoera salatzeko, Bizkaiko emaginek grebara jo zuten uztailaren 1ean.

Ez da Gurutzetako arazoa soilik; beste ospitale batzuetan ere antzekoa da egoera. Barrualde-Galdakaoko ESI erakunde sanitario integratuan haurdunaldiko kontrola egiten dute, baita erditzearen ostekoa ere. Are, zerbixeko minbizia goiz detektatzen laguntzen dute, eta klimaterioari eta antisorgailuei buruzko aholkua eta informazioa eskaintzen dute. «Sexu transmisio bidezko infekzioak ere artatzen ditugu; eta, askotan kontuan hartu ez arren, indarkeria matxistaren biktima diren emakume batzuentzat osasun arretara sartzeko lehenengo atea gara», nabarmendu du Leire Askargorta Eriz Barrualde-Galdakaoko ESIko emaginak. Udan, zeregin horiek murriztu egin behar dituzte, emagin falta dela eta.

Langile falta ez da kontu berria. «Bederatzi urtetan, ez da emagin berririk egon; Europako eskakizunetara egokitzeko, eskolak itxita egon ziren», gogoratu du Alonsok. Hortaz, 2020tik aurrera emagin ugarik erretiroa hartu dute, eta, horiek ordezkatzeko, ez da emaginik egon. «Emagin gehiagok hartu dute erretiroa, formazioa jaso dutenak baino». Emagin izateko, langileek Erizaintza gradua ikasi behar dute, eta, horren ostean, espezializazioa lortzeko, beste bi urteko ikasketak egin behar dituzte.

«18:00etan zaila da jakitea nola egongo den erditzeen eremua 02:00etan; beraz, azken momentura arte etxean egon behar dugu zain, hamargarren emagin hori aurreztu dezaten»

LUCIA ALONSOGurutzetako ospitaleko emagina

Egoerak «gehiegizko ahalegina» exijitzen die emaginei: «Leher eginda gaude». Greba egunean, Gurutzetako ospitalean gutxienez hamar emaginek egon behar izan zuten lanean goizez, eta beste hamarrek, gauean. Uztailaren lehenengo egunean kopuru hori bete zuten. Osakidetzak, baina, udan kopuru hori murriztu egin nahi du, eta bederatzi emagin ezarri. «Greba egun batean baino gutxiago», azpimarratu du Alonsok. Soilik beharrezkoa denean egon beharko dute hamar langilek. Horrek esan nahi du emaginek telefonoari lotuta egon beharko dutela azken ordura arte, jakiteko lanera joan behar ote duten edo ez: «18:00etan zaila da jakitea nola egongo den erditzeen eremua 02:00etan; beraz, azken momentura arte etxean egon behar dugu zain, hamargarren emagin hori aurreztu dezaten».

Emagin batek bi emakumeren haurdunaldiak zaindu beharko lituzke momentu berean, asko jota. «Emaginak falta izan direnean, baina, gertatu da emagin batek hiru erditze zaindu behar izatea momentu berean; hori ausarkeria hutsa da». Egoera horrek auzitan jartzen ditu emakumeen eskubideak. «Nor da Osakidetza guri, emakume gisa, eskubideak urratzeko?», bota du galderak Askargortak. «Andre batek eskubidea du erditze eremuan behar bezala artatua izateko», erantsi du Alonsok.

Eskubideen galera

Hain zuzen, emaginek argi utzi dute modu horretan emakumeek «eskubide ugari» galtzen dituztela. «Jarraipena» ez da berdina. ESIetan, esaterako, haurdunaldien, erditzearen osteko eta bular ematearen kontrola besterik ez dute egiten. «Beste programa guztiak bertan behera uzten dira, hala nola erditzea prestatzeko tailerrak eta erditze gerokoak», azaldu du Askargortak. «Abuztuan erditzen diren emakumeek, agian, maiatzean jasotzen dute prestakuntza, haurdunaldiaren beste une batean; ez da berdina hilabete lehenago egitea, edota bi edo hiru lehenago».

Bestalde, askotan emakumeek zentroz lekualdatu behar izaten dute: «Osasun zentro txikiak itxi, eta dena handietan zentralizatzen dute; emakumeak derrigortuta daude horietara mugitzera». Auzia «isilpean» eraman dutenez, inor ez zen egoeraren jakitun. Orain, baina, emakumeek «beldurra» adierazi diete lehen arretako emaginei, auziaren berri dutelako.

«Ez badugu arreta ematen, badakigu emakumea arreta gabe geratuko dela; badirudi lana bokaziozkoa denez dena eman behar dugula»

LEIRE ASKARGORTA ERIZBarrualde-Galdakaoko ESIko emagina

Udan egoerak okerrera egiten duen arren, Askargortak esan du neguan ere zailtasunak dituztela ordezkoak topatzeko. «Esaten digute baja laburra izango dela eta, beraz, gure artean moldatzeko». Gainera, emaginen gain jartzen dute «ardura»: «Ez badugu arreta ematen, badakigu emakumea arreta gabe geratuko dela; badirudi lana bokaziozkoa denez dena eman behar dugula». Lan karga horrek eragin «handia» du euren bizitzetan, eskubideetan, baita senideengan ere.

Zein da, beraz, konponbidea? Argi adierazi du Alonsok: «Emagin gehiago formatzea». Badaki egun batetik bestera ez dutela lortuko hori, baina neurriak exijitu ditu etorkizun batean hori lor dadin. Izan ere, Askargortak esan du Osakidetza jakitun dela egoeraz; lau urte daramatzate eurekin elkartzen saiatzen, baina ez dute lortu. «Esaten dute Espainiako Gobernuak kudeatzen duela hori; bada, Osakidetzak presio egin beharko luke, plaza gehiago ateratzeko. Euren esku ere badago».

Beste konponbide bat ere aipatu du Askargortak: «Tokiko emaginak atzerrian daude lanean; kontratu erakargarriak beharko lituzkete hona bueltatzeko». Izan ere, emaginen eskakizunetako bat da Osakidetzak lan taldearen behin-behinekotasuna azter dezala, eta enpleguaren egonkortzea arindu dezala. Askargortak Osakidetzari eskatu dio mahaian eser daitezela, emaginen betebehar guztiak azter ditzatela, eta, horren arabera, ratio egokiak ezar ditzatela.

Nekatuta, baina pozik

Askargortak aitortu duenez, emaginak «haserretuta, nekatuta eta amorratuta» daude, baina «pozik» ere bai, emaginak elkartu egin direlako eta «indarra» hartu dutelako. «Lehenengo aldia da Bizkaiko emaginak greba batera goazena». Nekatuago dago Alonso, Gurutzetako emaginek urteak daramatzatelako egoera horretan. «Nekearen» ondorioz baldintza gogorrak onartu dituztela aitortu du. Lehen arretan lan egiten duten emaginen indarrak berpiztu du ospitaleko emaginen garra. «Ez gaituzte baloratzen; ahalik eta emagin gutxien erabili nahi dituzte, eta horrek esan nahi du emakumeen arreta ahalik eta txikiena izango dela».

Egoera aldatu ezean, greba gehiago egiteko asmoa erakutsi dute bi emaginek. «Lanera lasai joan ahal izateko borrokatu behar dugu, guardia txarra izango den beldurrik gabe eta etxean planik egin gabe egon behar ez izateko», adierazi du Alonsok. Are, Askargortaren ustetan, hurrengo greba ez da Bizkaira mugatuko: «Gipuzkoan eta Araban ere mugitzen hasi dira».

Emaginak adi egongo dira aurrerantzean, Osasun sailburu berriaren asmoei begira. Eusko Legebiltzarreko Osasun Batzordean agerraldi bat ere eskatu dute, alderdi politiko guztiei euren egoera azaltzeko. «Gaia berriz aztertzea espero dut, ezin dutelako emakumeen behar espezifikoen gastua murriztu», kritikatu du Alonsok. Eta Askargortak borobildu du: «Borrokan jarraituko dugu; zergatik egiten dute beti emakumeen eskubideen kontra?».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.