Gertakizunen atzetik ibiltzea leporatu dio Egibarrek Lopezi

Politikan nahiz ekonomian Jaurlaritza eta Madril «pauso bat atzera» dabiltzala iritzi dio EAJko kideak

Joseba Egibar, atzo, EAJk Tolosan antolatutako erakusketan. A.CANELLADA / ARP.
Koldo Aldabe.
2011ko martxoaren 13a
00:00
Entzun
«Politikan gertakizunei aurrea hartu behar zaie, eta, egun, Eusko Jaurlaritza eta Espainiako Gobernua gertakizunen atzetik dabiltza», halaxe uste du EAJko GBBko buruak. «Pauso bat atzera» dabiltza, Egibarren arabera, bai politikan eta baita ekonomian ere.

Sorturen legalizazio prozesua izan daiteke paradigmetako bat politika alorrean. Egibarren ustez, adierazpenak «egokitzen» ari dira Jaurlaritza eta Espainiako Gobernua: «Orain hamalau-hamabost hilabete ezker abertzaleko buruzagien atxiloketen ondoren, hemengo sozialistek eta Madrilgoek zioten ETAren agindupean estrategia berberetik ari zirela atxilotuak. Hamabost hilabete geroago, frogatu da ez zela horrela. Eta analisi hori gaurkotzeko ez du balio orain hamasei hilabete zer esaten zuten begira jartzea. Aitzitik, aurrera begira jarri behar da. Eta Gobernua ari da balorazioak egiten gertatzen ari den horren atzetik, baina politikan dagoen edonork jakin behar du politikan aurretik joan behar dela. Aldaketa bat antzematen da, baina girora egokitze bat da, eta ez politikak edo herrigintzak eskatzen duen aurreikuspenetan sartzea. Atzetik dabiltza».

Alor ekonomikoan ere berdin, Egibarren arabera. Jaurlaritzak eta Madrilek hartutako erabakiak «berantiarrak eta desegokiak» izan direla deritzo. «Ideia gabezia» horri, «aurreikuspen gabezia» horrimaiatzean jokoan izango diren erakundeen bitartez egin beharko zaie aurre, EAJko buruaren ustez; «Ajuria Eneko egungo maizterra aldatzeko unea ere iritsiko da, geroago».

Bakea eta erabakitzeko eskubidea argazki erakusketa aurkeztu zuen atzo EAJk Tolosan, azken 30 urteotan Euskal Herrian jazo diren gertakari nagusi askoren bilduma. Hori haritzat hartuz, Egibarrek esan zuen pozten dela alderdiabertzale guztiek dagoeneko bide politiko eta demokratiko soilen apustua egin dutelako, «EAJk Franco hil zenetik defenditu duen bezala». Aitzitik, PSOEk eta PPk 2001ean egindako itunak indarrean dirauela ohartarazi zuen: «Iraganeko formula da, baina orain ere baturak ematen badieerrepikatu egingo dute».

Lopezen oharra

Egibarrek Lopez nola, Eusko Jaurlaritzako lehendakariak EAJ izan zuen jomugan atzo. Ohartarazi zuen EAJk uste duela «herri honen etorkizuna erabakitzeko eskubidearen bitartez finkatuko dela». «Besteak beste horregatik ari dira eskatzen alderdien mahaia, beren plan soberanistak mahairatzeko, normalizazioa deitzen dioten horren bitartez», esan zuen Lopezek. «Hauteskundeetan isilik gordeko dute, badakitelako euskal herritarrek ez dutela horrelakorik nahi», gaineratu zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.