Alejandro Bayona. Ramirezen biloba

«Gerrikoengatik zekiten nor zen beren senarra»

Bastidan 1980ko hamarkadan atera zituzten hobitik 1936an hildakoen lehen gorpuzkiak. Hamabi biktimarenak aurkitu zituzten; horien artean zeuden Bayonaren aitonarenak.

JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
iraia vieira gil
Gasteiz
2023ko urtarrilaren 13a
00:00
Entzun

Frankistek hildako gehienak ez daude jaioterrian lurperaturik. Hiltzaileak ezagutuko zituen lekukorik ez uztea zen, hain zuzen, horren arrazoi nagusia. San Vicente de la Sonsierrako biktimak (Errioxa, Espainia), adibidez, Bastidarako errepidearen ertzean lurperatu zituzten (Araba), baina, nola edo hala, senideek beti jakin izan dute bertan zeudela. 1975ean, Francisco Franco hil ostean, Blanca Ramirezek eta Alejandro Bayona bere semeak, hildakoen beste senide batzuekin, gorpuzkiak hobitik ateratzeko prozesua hastea erabaki zuten.p>

Zergatik hil zuten zure aitona?
Aitona Martin Ramirez zen, soldatapekoa eta CNTko militantea. Horregatik eta errepublikanoa izateagatik hil zuten. Amonak bazekien atzetik zebiltzala, eta Manzanosera joan zen [Araba], senarrari abisua eman eta herritik joateko eskatzera. Aitonak ezetz esan zion, berak ez zuela ezer egin. Bertan harrapatu zuten, eta, Haroko kartzelara eraman aurretik, eskuak loturik zituela, herriko kaleetatik paseatu zuten karlistek.p>

Nola jakin zuen amonak senarraren gorpuzkiak non zeuden?
San Vicenteko bi hil zituzten, eta norbaitek non zeuden kontatu zion beste hildakoaren emazteari. Emakumea hara joan zen, eta gorpu guztiak ikusi zituen, oraindik ez zeudelako lurperatuta. Amonak jakin zuenean, hara joan zen, baina gorpuak lurperaturik zeuden jada. Makila bat iltzatu zuen lurrean, eta odolez beterik atera zuen. Erreketeek joateko agindu zioten, bestela bera ere bertan lurperatuko zutela.p>

Nolakoa izan zen desobiratzeak egiteko prozesua?
Zaila. 1978 aldera hasi ginen prozesuarekin, baina ezezkoa ematen ziguten instituzioek, eta guk genuen informazioa eskasa zen oso. Pertsona askok pentsatzen zuten errepresalia hartu nahi genuela. Gure beldur ziren.p>

Nolakoa izan zen gorpuzkiak hobitik atera zenituzten momentua?
Oso hunkigarria. Amak betidanik nahi izan zuen aitonaren gorpua berreskuratu, baina Franco hil arte ezin izan zuen ezer egin. Hildakoen hiruzpalau emazte bizirik zeuden, amona barne, eta askok gorpuen hortzeriagatik edota zeramatzaten gerrikoengatik zekiten nor zen beren senarra. Piezak osorik zeuden, baina, ukitzean, esku artean desegiten ziren.p>

Hileta egin zenuten ondoren.
Bai. Ostiralean atera genituen gorpuak, eta igandean egin genuen hileta. Gorpuzkiak elizatik igarotzeko bozketa egin genuen, eta baiezkoa atera zen. Herriko apaizak ez zuen meza zuzendu nahi izan, eta Logroñotik etorri zen beste bat. Guardia Zibilak bideak itxi zituen, istiluak saihesteko, eta ez zen ezer gertatu.p>

Orain San Vicenteko hilerrian daude lurperaturik, ezta?
Bai. Hamabi gorpu atera bagenituen ere, hamahiru biktimaren gorpuzkiak ditu panteoiak. Beste batzuen artean, aitaren osaba hil zuten. 17 bat urte zituen mutil batek harrapatu zuen soro batean, eta amonaren aurrean hil zuen. Amonak ez hiltzeko erregutu zion, baina mutilak joateko esan zion, bestela bera ere hilko zuela. Amonak nebaren gorpuzkiak non zeuden gogoratzen zuen, eta haiek ateratzeko eta gainerakoekin lurperatzeko eskatu zigun. Hala egitea erabaki genuen.p>

Lehenengo ekitaldi ofiziala, ordea, 2022ko abenduan izan zen.
Bai. Poz handia eragin zidan, bizitza osoko lana izan baita niretzat. Memoriak bizirik irautea besterik ez dut nahi. Ez ahaztea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.