«Gerratik etekina atera nahi izatea» gaitzetsi dute antimilitaristek

Zedarriak taldeak egindako adierazpenak kritikatu dituzte Gasteizkoak eta BEA elkarte antimilitaristek. Industria militarra moldatu eta «gizartearentzat baliagarria izango den ekoizpen arlo» bilakatzea proposatu dute.

Antimilitaristek gastu militarren kontra egindako protesta, Gasteizen. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Antimilitaristek gastu militarren kontra egindako protesta, Gasteizen. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
gotzon hermosilla
2025eko urtarrilaren 18a
13:10
Entzun

Gasteizkoak eta BEA Bake Ekintza Antimilitarista elkarteek erantzun egin diete Zedarriak ikerketa foroak asteazkenean egindako adierazpenei. Europako eta EAEko aurreikuspen ekonomikoen inguruko txosten bat aurkeztu zuen Zedarriak-ek Bilbon, eta, agerraldian, foroko zuzendari Guillermo Dorronsorok ohartarazi zuen segurtasun eta defentsa industrian negozioa egiteko ireki den «aukera bikainaz»: «Europako defentsa industria berreskuratu behar dugu, Euskadin ia osorik desagertu baita», esan zuen.

Oso bestelako ikuspegia dute elkarte antimilitaristek. Haien ustez, ez da zilegi eztabaidaren abiapuntutzat hartzea «interesgarria dela etekina ateratzea gerratik, militarismoaren goralditik eta Europako aurrekontu militarraren igoeratik». Aitzitik, kontrako bidea hartzea proposatzen dute Gasteizkoak eta Bake Ekintza Antimilitarista elkarteek, eta industria militarra moldatu eta «gizartearentzat baliagarria izango den ekoizpen arlo» bilakatzea nahi dute.

Antimilitaristen iritziz, Ukrainan gertatutakoak argi erakusten ditu industria militarraren alde egiteak dakartzan ajeak: «Hiru urte hauetan, distentsioaren eta elkarrizketaren alde egin beharrean, soldadu, arma eta munizio kopurua handitu dute, eta ondorioa izan da gatazka betikotzea, hildakoak eta hondamendia eragitea, ekonomiari kalte egitea, pobretzea eta produktuak garestitzea. Inertzia hori elikatzen jarraitu nahi al dugu?», galdetu dute.

Armak ekoizteari ez

Elkarte antimilitaristen iritziz, helburua izan behar da Euskal Herriak «armak ekoizteari uko egitea eta suntsitzearekin eta sarraskiarekin bat egiten ez duen lurralde» bilakatzea. Beharrezkotzat jotzen dute ikertzea eta baliabideak inbertitzea, «ezelako enpresak etekinik atera ez dezan militarismoaren goralditik, eta gerrarako eta suntsiketarako euskal produkzioa zibil bilakatu dadin».

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.