Antimilitarismoa

Gerrarik Ez plataformek gerraren kontrako sinadurak bilduko dituzte

Bakearen Aldeko Nazioarteko Egunean, «antimilitarismoarekin eta bizikidetza baketsuarekin» duten konpromisoa berretsi dute

Gerrarik Ez plataformek Bilbon egindako agerraldia. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
gotzon hermosilla
2023ko irailaren 21a
11:52
Entzun

Bakearen Aldeko Nazioarteko Egunean, Gerrarik Ez plataformek eta horiek osatzen dituzten zenbait elkarte eta sindikatuk agiri bat plazaratu dute, «antimilitarismoarekin, bizikidetza baketsuarekin eta gatazkak konpontzeko elkarrizketaren bidearekin» duten konpromisoa berresteko. Halaber, iragarri dute datozen hilabeteetan kanpaina bat abiaraziko dutela, eta gerraren kontrako sinadurak bilduko dituztela.

Kanpainaren helburua izango da hautetsi eta erakundeei zenbait eskaera egitea: gatazkan dauden herrialdeetara eta bereziki Ukrainara armak bidaltzearen kontra azaltzea, berehalako su etena eta elkarrizketa bidezko konponbidea sustatzea, gastu militarrak ez handitzea, eta diru horiek gizarte premiak asetzeko eta klima aldaketaren aurka borrokatzeko erabiltzea. Sinadurak biltzeaz gain, beste ekinbide batzuk ere antolatuko dituztela iragarri dute.

Steilas sindikatuko Marije Etxebarriak eta Gerrarik Ez Arabako plataformako kide Alfonso Aranburuk irakurri dute agiria. Salatu dute Europa «gatazka armatu izugarri batean murgilduta» dagoela oraindik, eta jadanik 500.000 lagun baino gehiago hil direla horren ondorioz: «Kezka handiz ikusten dugu gobernu askok, Espainiakoa barne, gatazka areagotzearen, suspertzearen eta luzatzearen alde egiten dutela, Errusiaren eta NATOren arteko zuzeneko borroka militarrari bide emanez».

Gerra gelditzeko deia

Agiriaren sinatzaileen aburuz, irtenbide on bakarra «gerra gelditzea eta bizikidetzarako akordio zabala lortzea» da, «gatazkan dauden aldeei segurtasun bermeak emanda eta Europako Erdialdearen desnuklearizazioa eta desmilitarizazioa bultzatuz».

Bestalde, salatu dute Ukrainako gerra, «gainerako gerra guztiak bezala», negozio bat dela, «non herriek hildakoak jartzen dituzten eta kapital handiak aberastasunak biltzen dituen», eta, gainera, gerra erabiltzen ari direla «lan eta gizarte eskubideak murrizteko, klima aldaketaren aurkako neurriak eragozteko eta balio militaristak eta matxistak hedatzeko».

Kezka azaldu dute errefuxiatuek eta desertoreek pairatzen duten jazarpena dela eta, eta Europaren «migrazio politika arrazistak» salatu dituzte agirian.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.