Gernikako bonbardaketaren 85. urteurrena

Gerraren kontrako aldarria

Hainbat ekitaldi egin dituzte Gernikako bonbardatzearen 85. urteurrenean. Hitzaldi gehienetan Ukrainako gerra ere gogoan hartu dute. Hildakoen omenezko lore eskaintza izan da kanposantuan

Bonbardatzetik bizirik ateratako herritarren ordezkaritza bat, lore sorta eramaten, Gernikako hilerrian egindako lore eskaintzan. MONIKA DEL VALLE / FOKU.
gotzon hermosilla
Gernika-Lumo
2022ko apirilaren 27a
00:00
Entzun
Ostera ere, kanpai eta sirena hotsak jabetu dira Gernikako kaleez (Bizkaia). Duela 85 urte izandako bonbardatzea gomutan hartzeko, Gernikako herritarrek kalera jo dute, eta isilik eta zutunik erantzun diote Gernika Batzordeak eta beste zenbait elkarte eta erakundek egindako deialdiari. Gernikako bonbardatzearen urteurrena beti izaten da oroitzapen, sentimendu eta gogoeta askoren bilgune, baina, aurtengoan, nazioarteko abaguneak hala aginduta, batez ere gerraren kontrako aldarriak hartu du indar berezia 85. urteurrenaren karietara egindako ekitaldi gehienetan.

1937ko apirilaren 26 hartan, 15:30ean aireratu ziren Francoren armadaren agindupeko hegazkin aleman eta italiarrak, Gernika suntsitzea helburu zutenak. Atzo, berriz, 15:45ean kanpai eta sirena hotsak entzun ziren berriro, eta herritarrak elkartu ziren, batez ere Merkurio plazan, Astra lantegi zaharraren inguruetan eta pasealekuan, lau minutuko isilaldiaren bitartez orduan hil zituztenak gogoan hartzeko. Aurtengo ekitaldian Sartagudako herritarrak izan ziren gonbidatu nagusiak.

Iluntzean, berriz, ohikoa bilakatu den beste mobilizazio bat egin zuten Gernikako herritarrek, Foruko plazatik abiatuta, eta, eskuetan kandelak zeramatzatela, ibilaldi ikusgarria egin zuten gernikarrek herrian zehar.

Ekitaldiz mukuru

Bi horiek izan ziren herritarren parte hartzerik handiena izan zuten deialdiak, baina atzoko egun osoa ekitaldiz mukuru egon zen, eta omenaldi eta jardunaldi gehiago izango dira datozen egunetan ere. Goiz-goizetik, xingola beltza zuten ikurrin ugari ageri ziren etxeetako leiho eta balkoietan, eta giroan nabari zen hura ez zela egun arrunta.

Lehenengo ekitaldia 10:30ean izan zen. Haren izena daraman plazan eta haren irudiaren aurrean, omenaldia egin zioten bonbardatzea gertatu zenean herriko alkate zen Jose Labauriari. Egun hartan Labauria jo eta su aritu zen zaurituak erraustutako eraikinetatik erreskatatzeko lanak koordinatzen eta bizirik irtendakoak Bilbora eramateko modua antolatzen, eta bera izan zen Gernikan gertatutakoaren lekukotza eman zuten lehenengoetariko bat, matxinatuek barreiatu nahi zuten bertsioaren aurka.

Gernikako alkate Jose Maria Gorroño izan zen ekitaldian, Labauriaren senitartekoekin batera. Hizlariek Gernikako bonbardatzea eta Ukrainako gaur egungo egoera alderatu zituzten euren hitzaldietan. Hori errepikatu egingo zen hurrengo ekitaldietan ere: ia guztietan hizpide nagusi izan ziren Ukrainako gerra eta gaur egun munduan pizturik dauden gainerako gatazka armatuak.

Labauriak bonbardatzea izan eta egun gutxira irratiz egindako hitzaldi historikoaren pasarte batzuk irakurri zituzten Gernikazarra historia elkarteko kideek. Hitzaldi hartan, Labauriak gezurtatu egin zuen frankisten bertsioa, eta «Jainkoaren eta historiaren aurrean» salatu zuen herrian egindako triskantza.

Omenaldia bukatutakoan, Bakearen eta Adiskidetzearen Aldeko Gernika Sariak emateko ekitaldia egin zuten Lizeo antzokian, eta geroago herri bazkaria egin zuten Jai Alai frontoian, bonbardaketatik bizirik ateratakoen omenez.

Omenaldia hilerrian

Duela 85 urte bonbardatzea hasi zen ordu berean, 16:30ean, egin zuten Gernikako kanposantuan hildakoen omenezko lore eskaintza. Agintari ugari egon zen ekitaldian: han izan ziren Iñigo Urkullu lehendakaria eta Eusko Jaurlaritzako beste zenbait ordezkari, Josu Erkoreka eta Idoia Mendia kasurako; Bizkaiko ahaldun nagusi Unai Rementeria; Eusko Legebiltzarreko presidente Bakartxo Tejeria; Gogora institutuko zuzendari Aintzane Ezenarro; Jose Maria Gorroño Gernikako alkatea eta beste zenbait.

Alderdi politikoetako ordezkariak ere egon ziren omenaldian. Han izan ziren EAJren EBBren lehendakari Andoni Ortuzar, EH Bilduko legebiltzarkide Maddalen Iriarte eta PSE-EEko idazkari nagusi Eneko Andueza, besteak beste. Anduezak lore eskaintzan ere parte hartu zuen: hari egokitu zitzaion Ramon Rubial Fundazioaren lore sorta eramatea.

Bonbardatzearen ostean Gernikako elizatik berreskuratutako kanpai zaharra jotzen zuten bitartean, agintariak eta elkarte eta erakundeetako ordezkariak banan-banan lore sortak jarriz joan ziren horretarako prestaturiko lekuan.

Gorroño alkateari egokitu zitzaion lehen lore sorta jartzea, Gernikako herriaren izenean. Iñigo Urkullu lehendakariak eta Ukrainako enbaxadako lehen idazkari Sergii Soloveyk elkarrekin eraman zituzten euren lore sortak.

Ikusmin handia sortu zuen Espainiako Gobernuak ere ekitaldira ordezkaritza bat bidali izanak eta lore eskaintzan parte hartu izanak. Han izan ziren Denis Itxaso Espainiako Gobernuak Arabarako, Bizkairako eta Gipuzkoarako duen ordezkaria eta Memoria Demokratikorako idazkari Fernando Martin Lopez. Haiek ere lore sorta bat ekarri zuten, Espainiako banderaren koloreak zituen xingola batekin. Ikusleetako batek «aitortu zuen errua!» egin zuen oihu loreak jartzeko momentuan. Azken lore sorta, berriz, bonbardatzetik bizirik ateratako herritarren ordezkariek jarri zuten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.