Gerran ostua itzuli dute Gautegiz Arteagara

Zortzi hamarkadatik gora egin du Gautegiz Arteagako batzokiko ikurrinak Euskal Herritik kanpo. Faxistek ostu zuten herritik, eta EAJk berreskuratu egin du. Atzotik asteartera arte egongo da udaletxean, 10:00etatik 14:00etara.

Andoni Ortuzar eta Iñigo Urkullu, 2020an, Gautegiz Arteagako batzokiko ikurrinarekin. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Javi West Larrañaga.
2022ko apirilaren 30a
00:00
Entzun
Asteon bete dira 85 urte naziek eta faxistek Gernika bonbardatu zutela. 1937ko apirilaren 26a zen. Hurrengo egunean Gautegiz Arteagan jaurti zuten bonba bat, eta lau lagun hil ziren eta bi zauritu. Handik bi egunera sartu ziren tropa faxistak herrian, eta orduantxe ostu zuten, ustez, bertako batzokiko ikurrina. Oraintsu, EAJk berreskuratu du. Atzo aurkeztu zuen Aitor Esteban EAJren Espainiako Kongresuko bozeramaileak Gautegiz Arteagan, eta, gaurkotasun politikoari buruz hausnartzeaz gain, ikurrina lortzeko egindako bidea azaldu die herriko alderdikideei.

Hamarkada luzez egon da ikurrina Espainiako armadaren eskuetan. Joseba Agirretxea EAJko diputatuak azaldu duenez, 2015ean jabetu ziren Salamancako Artxiboan zegoela, inbentarioa eguneratu zutenean. Orduan salatu zuen egoera Espainiako Kongresuan, eta Rafael Catala orduko Justizia ministroari galdetu zion ea zergatik zegoen han oraindik. Agirretxearen ustez, estatuak eta bere erakundeek oraindik ikurrin hori haien jabetzan izateak aditzera ematen zuen matxinoen oinordeko zirela. «Imajinatzen al duzu Alemanian edo Italian faxistek lapurtutako banderak erakustea museoetan?», galdetu zion Catalari.

2015ean salatu zuen kasua EAJk, baina urteak behar izan dituzte berreskuratzeko. Agirretxearen arabera, «Espainiako Estatuaren kontzientzia arazo handia» da horren erantzulea. Adierazi duenez, Madrilek badaki arakatzen hasiz gero «munstro» asko ateratzen direla: «Pentsatu izan dute armairuak itxita izanez gero munstroak ez daudela, baina hor daude, eta guk horiek denak atera nahi ditugu». Agirretxearen iritziz, halako hainbat objektu egon daitezke oraindik itzuli barik, eta ez dauka zalantzarik Espainiako armadan horiek bueltan ematearen kontrako ahotsak daudela.

Oraindik lanean

36ko gerran hainbat ondasun konfiskatu zizkieten bando errepublikanoko alderdi eta pertsonei. Batzokiak, enpresak, etxeak eta lokalak kendu zizkioten EAJri, eta tantaka itzuli zizkietela gogoratu du Agirretxeak: «Luzaroan itxaron behar izan genuen demokrazia heldu ondoren, gutxika-gutxika itzuli zizkiguten batzuk, baina ez denak». Esan duenez, itzuli ez dituzten gauzen artean daude Jose Antonio Agirre Jaurlaritzako lehendakariaren paperak.

Gautegiz Arteagakoaren antza duen kasu bat aurkitu zuen Agirretxeak 2013an, ikerketa bat egiten ari zela. Ceutako (Espainia) Espainiako Legioaren museoaren bideo batean ikusi zuen bertan ikurrin bat dagoela oraindik. Legionario batek azalpenak ematenzituen objektuei buruz, eta, ikurrinera heltzean, azpidatziek «horda marxistei kendutako gerra ospila» zela adierazten zuten. Kontua da ikurrin horrek JEL leloa daukala josita, eta, beraz, Agirretxeak ondorioztatu du Euzko Gudarosteko batailoi jeltzale batena dela. Diputatuak adierazi du kasu honetan Eusko Jaurlaritzarena izango litzatekeela, eta lanean jarraituko dutela lortu arte.

Halako istorio bat zen Itxarkundia batailoiaren ikurrinarena ere. 1984an, Joseba Elosegi gudari ohi eta sasoi hartan EAJko senatariak hartu zuen armadaren museotik, arropa azpian sartuta. Elosegik estatutik atera zuen ikurrina, eta, bere kargua tarteko, ez zuten auzitara eroan. Eusko Legebiltzarrerako 2020ko hauteskundeen amaierako mitinean atera zuen lehenbizikoz Gautegiz Arteagako ikurrina EAJk. Alde batean «G. Arteaga'ko Batzokija» dauka josita; bestean, Bizkaiko armarri zaharra. Asteartera arte egongo da ikusgai udaletxean (10:00-14:00). Ondoren, Sabino Arana fundazioan gordeko du EAJk, Bilbon.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.