Gorpu baten atzean, beti dago istorio bat; askotan, ez da erakusten. Lourdes Herrasti Aranzadiko historialari eta antropologoak (1958, Aretxabaleta, Gipuzkoa) 36ko gerran emakumeek izan zuten lekua aztertu du. Andreek bizitakoa kontatu ez dela eta, memoria historikoa berregiten dabil, ezkutuko historiaren zati hori erakusteko. EHU Euskal Herriko Unibertsitatearen udako ikastaroetan mintzatu zen ostegunean.
Emakumeen rola zein izan zen Espainiako II. errepublikan?
1931. urtean bazeuden emakume batzuk politikan, nahiz eta gutxi ziren. Bi diputatu emakume zeuden, adibidez. Emakumea ez zegoen gizonen pare, baina ematen zuen bide horretan hasia zela; sufragio unibertsala lortu zen, eta emakumeek botoa emateko eskubidea bereganatu zuten. Baina hori dena bertan behera gelditu zen 36ko gerrak ekarri zuen hausturarekin eta diktadurarekin.
Nola bizi izan zuten 36ko gerra?
Gizonak joan ziren gerrara, eta emakumeek agurtu egin behar izaten zituzten senarrak, aitak eta semeak. Hala ere, bazeuden borroka egiteko prest zeuden emakumez osaturiko taldeak, eta mobilizatzen hasi ziren. Buzo urdina jantzita, batailoietan hasi ziren. Baina inor ez zen ohitzen; denei arrotza eta arraroa egiten zitzaien emakume bat misil batekin ikustea.
Orduan, emakumeak zertaz arduratzen ziren?
Emakumeari eginbehar jakin batzuk ezarri zitzaizkion. Erabaki zuten emakumeak distrazioa zirela gizonezkoentzat eta horregatik ezin zirela joan borrokatzera. Eta orduan atzealdera pasatzen ziren. Etxean egon behar zuten, gizonek utzitako lekua betetzen; fabriketako lanak egiten... Hori dena zutik mantendu behar zuten. Bakarrik gelditzen ziren familiak zaintzen; bakardade gogorrean bizi ziren.
Bakardadeari nola egiten zioten aurre?
Ez zen gauza erraza izan. Emakume batek baino gehiagok bere buruaz beste egin zuten. Bakardade hura izugarria izan zen; gainera, errepresio latzean zeuden. Maite zituztenak hiltzen ikusi zituzten; bakarrik gelditu ziren. Sentitzen zuten mina ezin zuten adierazi, eta isilpean gorde behar zuten. Historian, emakumeak beti jarri dituzte bigarren mailan, beti izan dira ikusezin, eta gizonak, berriz, protagonista. Gizonak izan dira gerrara joan diren heroiak, eta emakumeez ahaztu egin ziren. Ez da ezer berria. Hala ere, emakume haiek bizitakoa ezagutzera eman nahi dugu, beharrezkoa ikusten dugulako merezi duten lekua ematea. Horrela, historia ezagutuko dugu, baina bi ikuspuntuetatik.
Nolako errepresioa jasan zuten?
Errepresioa, bereziki, zeharkakoa izan zen, baina pairatu behar zuten zuzenean, fisikoki, beste errepresio mota bat ere: duintasuna galarazten zieten. Lotsaraztea izaten zen kontua; haien ustez hori zelako emakume bati egin zekiokeen gauzarik mingarriena. Ilea mozten zieten, pentsamendu kristauan ilea beti hartu delako elementu sentsual moduan. Ilea moztuz, haren aurka joatea lortu nahi zuten, pertsona gisa deuseztatzea eta umiliatzea. Halako kasu askoren berri izan dut, baina, tamalez, oso argazki gutxi ditut.
Atzerapen itzela izan zen, beraz...
Bai, guztiz. Berriz ere etxe barrura itzuli ziren emakumeak; gizonen menpeko bihurtu ziren. Emakumeari erakusten zitzaion bere iritzia ez zela garrantzitsua. Emazte on batek ba omen zekien zein zen bere lekua: gizonaren atzean egon behar zuen, hura zoriontsu egiten.
Iragana bada oraina ikertzeko talaia. Zein da egun andreen egoera?
Gauzak aldatu dira, baina oraindik asko dago egiteko. Berdintasunaren alde lanean aritzen direnek diote kristalezko sabai bat dagoela. Hau da, gauzak egiteko aukera badagoela baina goiko mailara iristea oso zaila dela, ez bada politika arloan. Hor ikusten dira andreak ardurekin. Baina ez da neurri berean gertatzen enpresetan, hau da, erabakiak hartzen diren lekuetan. Hor lan egin behar da, emakumeek merezi duten presentzia lortzeko.
Lourdes Herrasti. Historialaria eta antropologoa
«Gerran, emakumeak ikusezin bihurtu ziren»
36ko gerrak eta frankismoak emakumeengan eragin handia izan zuten: errepresioak, bakardadeak eta egin beharreko lanek andreen rolean nola eragin zuten aztertu du Herrastik, ezkututik ateratzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu