Andoaingo familia abertzale batean jaio zen Ugalde, 1921eko azaroaren 11n. Eskola publikoan hasi zituen ikasketak, baina 1936ko gerrak eten egin zizkion. 15 urte zituen orduan, eta herritik alde egin behar izan zuten, batez ere aita politikan murgilduta zebilelako: EAJko zinegotzia zen. Haren bueltako giro politikoa «mutikotan» ezagutu zuela azaldu zion Joan Mari Torrealdairi, Andoaindik Hondarribira Caracasetik barrena elkarrizketa liburuan. «Aitaren bitartez heltzen zitzaidan herriko gorabeheren berri, eta Batzokira ere joaten nintzen. Batzokiko dantzari taldean aritzeaz gain, Altzetak, Hernandorenak, Monzonek edota Irujok ematen zituzten mitinetara ere joaten nintzen Batzokira».
Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburu ohi Anjeles Iztuetak, Ugalderen jaiotzaren mendeurrenaren harira, propio aztertu du hark politikan egin zuen bidea, eta urte haietan bizi izan zituenen arrastoa ikusten du: «Izan ere, gerra aurreko urte haiek euskal kulturarentzat, abertzaletasunarentzat, loraldi bat izan ziren». Ugaldek beti izan zuen, hala ere, umetan euskaraz ez trebatu izanaren pena. Halaxe adierazia utzi zuen: «Nire sorleku Andoainen inork ez zidan lagundu ofizialki, etxeaz eta Elizaz harago, nire aiton-amonen eta gurasoen hizkuntza bakarra luzatzen». Irakurzaletasuna amarengandik jaso zuen nagusiki. Ugalde gaztearen idazteko lehen akuiluetako bat amari idazten zizkion gutunak izan zirela ondorioztatu du Ainara Ugalde alabak. «Idazkerarekin harreman afektibo hori hasten du amarekin».
Gerra hasita, gordeleku bila aritu ziren ugaldetarrak Donostian, Zumaian, Mundakan eta Bilbon, harik eta Bizkaiko hiriburua faxisten esku geratu zen arte. Orduan sakabanatu zen familia. Aita Asturiasera joan zen lehenik, eta Bartzelonara gero. Anaia txikia Sobietar Batasunera ebakuatu zuten. Amarekin geratu zen Ugalde, eta Frantziara joan ziren biak, aurrez Santandertik igarota. Gutxira, ordea, Bartzelonara joan zen ama, aitarekin batzera.
«Gerrak eragindako hainbat aldagai», erbestea barne, Ugalderen «drama fundazionalak» direla uste du Larraitz Ariznabarreta Renoko Unibertsitateko irakasleak eta Ugalderen inguruko Martin Ugalde: Cartografías de un discurso doktore tesiaren egileak: «Haren diskurtsoa aztertzean, ez behin, ehunka aldiz errepikatzen du». Dioenez, «familia gizona» zen Ugalde, «garai hartako euskaldun tradizional gehienak» ziren modu berean, eta «traumatikoa» izan zen harentzat familia sakabanatzea. Bat dator Iztueta: «Gerra garaiak harrapatu zuen gaztetxo, baina ondorio guztiak sufritu zituen».
Jaurlaritzak Ipar Euskal Herrian zituen kolonietara joan zen Ugalde, amagandik banandu zenean; Donibane Garazin eta Donibane Lohizunen izan zen. Bitartean, aitak Frantziarako muga igarotzea lortu, eta Venezuelarako ontzia hartu zuen 1939an. Ama Bartzelonatik kanporatu zuten, eta Andoainera bidali.
Pertsonalismoaren eragina
Ikasketekin jarraitu zuen Ugaldek kolonietan, besteak beste Jose Miguel Barandiaran eta Vicente Amezaga irakasle zituela. Aldi gogorra izan zen, familiarik eta lagunarterik gabekoa. Egonaldi hark haren bizitzan «eragin handia» izan zuela azaldu du Ariznabarretak. «Benetako hezkuntza zentroak» ziren kolonia horiek, dioenez, eta hango pentsamendu nagusia zen pertsonalismoak blaitu egin zuen Ugalde.
Emmanuel Mournierrek garatutako korronte filosofikoa Ugalderengan nabarmen antzematen du Ariznabarretak. «Pertsonalismoa, funtsean, perspektiba antropologiko bat da, gizonari buruzkoa, kristautasunak ere asko bustitzen duena», azaldu du. Sarritan indibidualismoarekin lotu ohi den arren, uste okerra dela ohartarazi du: «Pertsona da ardatz, bai, baina kolektibotasunaren barruan». Korronte horrek Ugalde bustitzeari «naturala» deritzo: «Garai hartan, bere burua zailtasun handietan jartzen ez zuen norbaitek, kristaua izanda, hartuko lukeen testuinguru filosofikoa da». Izan ere, Ugalde «oso pertsona praktikoa» izan zela azpimarratu du.
II. Mundu Gerrak desegin egin zituen kolonia horiek, ordea, eta 1940an, agintari frantsesek Ugalde atzeman, eta Gurseko kontzentrazio esparrura (Okzitania) eraman zuten, beste milaka euskal herritarrekin batera. Handik ateratzea lortu zuen hilabete eta erdiren buruan, eta Donibane Lohizunera itzuli zen. Ez zuen luzaroan iraun. Alemanak iristean, haientzat lan egitearen ala Andoainera itzultzearen artean aukeratzeko esan zioten Frantziako segurtasun indarrek. Bigarrena hautatu zuen; amarekin elkartu zen Andoainen.
Jaioterrira itzultzea ez zen espero zitekeen adinako arindua izan Ugalderentzat; ez zen joan zeneko bera, eta ezta Andoain ere atzean utzi zuen herri bera. Gorria eta separatista izengoitiak berekin zeramatzan Ugaldek askoren begietara. Haren hitzak dira: «Ezagutzen nindutenak ere ez ziren agurtzera ausartzen, konprometigarri nintzen, eta ezikusia egiten zidaten». Mingarria egin zitzaion giroa ere, umetan ezagutu zuenaz oso bestelakoa: «Nire jaioterria hitzik gabe geratu zen, euskarak ihes egin zuen kaletik, dendetatik; herritarrak oraindik espantua begietan, isilik».
Lana lortzeko nekeak izan zituen. Azkenean, Laborde torloju lantegian hartu zuten, leihoak jartzen. Herritik ateratzeko baimenik ez zuen orduan, eta Guardia Zibilaren aurrean bere burua aurkeztu beharra zuen igandero. Lan hartarako aparteko iaiotasunik ez zuela esana utzi zuen: «Ez nintzen abila, eta ez nuen lan deigarria, aspertzen nintzen, baina soldata gauza ederra zen nire egoeran». Eta amesteko era ere eman zion: «Jarri nuen idazteko mahai bat gelan, liburuak hantxe ilaran. Gauza handia izan zen hura guretzat».
1942an, soldaduskara. Tetuanera (Maroko) eraman zuten, eta bi urte eta erdi egin zituen han.
Hirugarren itzulera
Ordura artekoa baino bizitza egonkorragoa eraiki zuen itzuleran. Laborden segi zuen lanean, baina idazketarako joera nabari zitzaion ordurako. Nerea Azurmendi kazetariak propio aztertu du, Martin Ugalderen jaiotzaren mendeurrenaren harira, haren kazetaritza lana, eta nabarmendu du ordurako agerikoak zirela haren gaitasunak: «Segituan jarri zuten eskutitzak idazten. Eskuan zeraman buzoa, baina apenas izan zuen janzteko beharrik». 1945ean, Diario Vasco-n kolaboratzeko era eman zioten, herriko kronikak-eta egiten zituen.
Ugaldetarrek sendia berriz batzeko nahia zuten, ordea, eta eginbehar burokratikoetan hasiak ziren horretarako. Urte hartako irailaren 30ean hartu zuten amak eta biak Caracasera eramango zituen ontzia. Familia osoa elkartu zen berriz ere, beren ontzia iristerako han baitzegoen anaia gaztea, Sobietar Batasunetik aitak ekarri berritan.
Jarraitu irakurtzen: Umotze urteak izan ziren [2. atala; Caracas, 1947—1969]
Kronologia
Martin Ugalderen lehen urteak, nerabea zenetik, 36ko gerrak eta hark ekarritako ondorioen araberakoak izan ziren guztiz:
- 1921. Azaroaren 11n jaio zen, Andoaingo Kale Berrian, familia abertzale batean.
- 1931. Aita Andoaingo zinegotzi hautatu zuten udalean, EAJ alderditik.
- 1936. Familiarekin batera ihes egin zuen Andoaindik; tropa frankistak gailentzen ari ziren, eta aita zinegotzi jeltzalea zen oraindik ere udalean. Hilabete egin zuten Mundakan, eta zortzi Bilbon.
- 1937. Anaia Sobiet Batasunera ebakuatu zuten. Hara eramateko adinez kanpo zegoen ja Martin Ugalde. Frantziara joan zen amarekin, aurrez Santandertik igarota. Hilabete egin zuten Nievren. Aitarengandik banatuak ziren ja.
- 1938. Ama aitarengana joan zen. Bakarrik geratu zen Martin Ugalde; Donibane Garazira joan zen, Jaurlaritzaren koloniara. Han eskolak jaso zituen.
- 1939. Donibane Garazikotik Donibane Lohizuneko eskolara pasatu zuten, ikasle helduenak hara bideratu baitzituzten.
- 1940. Alemanek Frantzia hartu zuten, eta Gurseko kontzentrazio esparruan hilabete egin zuen. Donibane Lohizunen tarte bat egin eta gero, Andoainera itzultzeko baimena lortu zuen, amaren ondora, han baitzen hura. Aita Caracasen zen ordurako. Laborde lantokian lana lortu zuen.
- 1942. Soldaduska egin zuen, Marokon.
- 1945. Bueltan, Laborden berriz lanean hasi zen, eta Diario Vasco egunkarian herriko kronikak idazten hasi zen.
- 1947. Caracasera abiatu zen, amarekin.