Gerrak eraginiko minetik

Mugak Zabalduz karabana Balkanetako migrazio bidean ibili da aurten. Bosniako emakumeek sustatutako esperientziei erreparatu diete, besteak beste, eta gudak utzitako arrastoei.

Mugak Zabalduz karabana. Atzealdeko pankartan, aurtengo leloa ageri da: 'No guerra ai populi, no guerra ai migranti'. ONGI ETORRI ERREFUXIATUAK
Mugak Zabalduz karabana. Atzealdeko pankartan, aurtengo leloa ageri da: 'No guerra ai populi, no guerra ai migranti'. ONGI ETORRI ERREFUXIATUAK
iraia vieira gil
2024ko uztailaren 28a
05:00
Entzun

Hogei urte baino gehiago dira Balkanetako gerra amaitu zela, baina Jugoslavia ohiko herrialdeetan minaren arrastoak oraindik ere bizirik dirau gatazka hura bizi izan zuten askorengan. «Gatazkak iraun bitarteko sexu indarkeriak izugarrizko estigmak utzi ditu gizartean: bortxatutako emakumeen seme-alabei urte luzez ukatu diete hezkuntzarako, osasunerako eta identifikaziorako sarbidea», azaldu du Ongi Etorri Errefuxiatuak elkarteko kide Aintzane Camarak. Datuen arabera, 20.000 eta 50.000 artean dira gerra hartan bortxatutako emakumeak, baina Camarak uste du biktima gehiago ere izan zirela. «Kontaketa horretatik kanpo daude behin baino gehiagotan bortxatu zituzten emakumeak, eta pertsona batek baino gehiagok bortxatu zituztenak». Emakume horien istorioa ezagutzeko eta memoria «berreraikitzeko» asmoz, Mugak Zabalduz karabana Serbian, Bosnian eta Italian ibili da aurten, eta, bide batez, Balkanetako ibilbidean, «atzeko atean», errefuxiatu eta migratzaileek egun pairatu behar izaten dituzten egoerei erreparatu diete.

Ongi Etorri Errefuxiatuak taldeak duela zortzi urte abiarazi zuen migratzaileen egoera salatzeko Mugak Zabalduz karabana ibiltaria, eta aurten berrehun aktibistak baino gehiagok egin dute. Parte hartzaileetako asko errefuxiatuak laguntzeko elkarteetako kideak badira ere, askotariko jendeak bat egin du hilaren 13an hasi eta 21ean bukatu zen bidaia horretan. «Politika Zientzietako ikaslea naiz ni, eta mugen arteko arazoetan sakontzeko asmoarekin eman nuen izena», adierazi du Dahaina Gissel Fernandezek. Hainbat bizipen jaso ditu bidean, askotarikoak, baina zuztarrean antzekoak: «Paduan (Italia), esaterako, Afganistango emakume batek eta Senegalgo bi herritarrek antzeko bizipenak kontatu zizkiguten. Pena da ikustea halako istorioak zenbatetan errepikatzen diren migratzaileen artean».

«Feminizatutako gorputzek beste era batera bizi dituzte gerrak. Balkanetako gatazkan, amek milaka errefuxiatu hartu zituzten etxean, eta gaur egun ere berdin egiten dute oraindik»

DAHAINA GISSEL FERNANDEZ Politika Zientzietako ikaslea

«Europa gero eta deshumanizatuago dagoen honetan, inoiz baino beharrezkoagoa da salaketa kolektiboa, baita karabanako esperientzia honi jarraipena ematea ere», azaldu zuten aurten karabana aurkezteko atera zuten manifestuan, ekainean. «Europako eta munduko historia iragarritako heriotzaz beteta dago. Ez dira zenbatzen basamortuan, oihanean eta itsasoan desagertutakoak, ezta Balkanetako ibilbide honen amaieran geratzen direnak ere».

(ID_17219903649135) Mugak Zabalduz karabana, 2024.
Mugak Zabalduz karabanako hainbat partaide, aurten, mugak desagerrarazteko eskatzen duen kartela eskuan. ONGI ETORRI ERREFUXIATUAK

Bosniako emakumeen artean ikusitako «ahizpatasunak» bereziki hunkitu ditu Camara eta Fernandez. «Gerran bizi izandako sexu indarkeriaren harira, Women in Black mugimendua sortu zuten biktimetako batzuek, eta, azkenean, seme-alaben egoera juridikoa arautzeko legea onartzea lortu zuten duela bost urte inguru». Sexuaren aldagaia garrantzizkoa dela uste du Fernandezek, eta nabarmendu behar dela: «Emakumeek bortxaketa bikoitzari aurre egin behar izaten diote. Batetik, gerrak iraun bitartean bizi izandako sexu indarkeriari, eta, bestetik, gatazka ostean instituzioek jasanarazitakoari». Hain zuzen, bazterketa sozialaren erakusgarri da biktimei gertatutakoa ez onartzea eta, gainera, bortxaketa horietatik jaiotako seme-alaben egoera ez legeztatzea.

«Agian horregatik inplikatzen dira hainbeste gaur egun Balkanetako bidea egiten duten gazteekin. Ama izatea zer den badakitelako, eta askok, gainera, seme-alabak gerran galdu zituztelako», arrazoitu du Camarak. Hain justu, emakumeek sortu dituzte migrazio bide hori zeharkatzen dutenak laguntzeko elkarte gehienak. Fernandezek uste du amatasunak eta migratzaileak zaintzeko beharrak bat egiten dutela halakoetan: «Feminizatutako gorputzek beste era batera bizi dituzte gerrak. Balkanetako gatazkan, amek milaka errefuxiatu hartu zituzten etxean, eta gaur egun ere berdin egiten dute oraindik». Hala ere, gogorarazi du beharrezkoa dela amatasuna eta emakume izaera banatzea, historia ikuspegi feministatik berrinterpretatzeko.

Martigues, elkartasunaren eredu

Halako mugimendu sozialak ezerezetik sortzea «miraria» da Fernandezetzat; halere, instituzioak kritikatu ditu. «Askotan, administrazioek gizarte zibilaren esku uzten dituzte migrazio krisiak eta halakoak, eta hori aldatu beharko litzateke». Alde horretatik, Camarak goraipatu egin du Martiguesko Udalak (Frantzia) migratzaileei egiten dien harrera. «Marseillatik gertu dagoen hiri txiki bat da, eta han pasatu genuen karabana ibiltariarekin egindako bidaiaren lehenengo gaua. Alderdi komunista bat dago agintean, eta handik igarotzen diren migratzaileak laguntzeko prest dago herri osoa». Hori bai, gogorarazi du Jean-Marie Le Penen diskurtso arrazistek eta ultraeskuinak Europan izan duen gorakadak arriskuan jartzen dituztela halako egitasmoak. «Ezkerraren koalizioak irabazi du Frantzian, baina horrek ez du esan nahi hurrengo hauteskundeetan ere hala izango denik».

Mugak Zabalduz karabanako partaideetako bat, 'Itunari ez' pankarta eskuan. ONGI ETORRI ERREFUXIATUAK
Mugak Zabalduz karabanako partaideetako bat, 'Itunari ez' dioen pankarta bat eskuan. ONGI ETORRI ERREFUXIATUAK

Ultraeskuinak gero eta babes handiagoa duela ziurtatu du Fernandezek, eta Giorgia Meloni presidenteak Italian izandako arrakasta aipatu, horren adibide modura. «Esaten dute herritarren segurtasuna arriskuan dagoela, eta arrazoi horretan oinarrituta, errefuxiatuen aurkako errepresioa eta indarkeria gogortzen dute». Alde horretatik, aitortu du «utopia hutsa» dela pentsatzea mugak egun batetik bestera desagertuko direla, baina uste du kontuan hartzekoa dela Martiguesko herritarren jarrera. Zortziehun migratzaile baino gehiago artatu dituzte, duela lau urte errefuxiatu gazteentzat irekitako zentro batean. 

Era berean, herritar soilek egiten duten lana nabarmendu du Fernandezek, egoera idealizatu gabe. «Haien ezagutza eta etxea migratzaileekin partekatzen dituzte, baina azpiegitura formal gehiago behar ditugu, eta administrazioen inplikazioa ere bai».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.