Izen luzea bezain zehatza ezarri zion abenduan Ermuan (Bizkaia) emandako hitzaldiari Cesar Manzanosek, (1961, Bilbo) EHUko irakasle eta Salhaketako kideak: Kapitalismoaren neurrigabekeria eta beldurraren gizartea: gerra iraunkorraren merkantilismoa eta haren eragin sozialak. Hogei urtetik gora daramatza soziologian eta zuzenbidean oinarritutako ikerketak egiten. Sistemaren munstroari heldu dio oraingoan.
Kapitalismotik at bizi daiteke?
Ez da herrialde baten autarkia erabatekorik existitzen. Kapitalismoaren mundua nonahi dago eta ahalguztiduna da. Baina horrek ez du esan nahi ez daudenik moduak sistema horretatik kanpo antolatzeko ekonomikoki eta sozialki. Kapitalismoaren parametroetatik at bizitzeko gaitasuna duten mugimendu oso garrantzitsuak daude. Brasilgo Lurrik Gabeko Langileen Mugimendua, adibidez. Kapitalismoak okaztatutako jendea da. Ia milioi erdi lagun ari dira erresistitzen antolatu egin direlako.
Eta sistemak ukatzen ez dituen horiek nola ohartarazi?
Pentsatzen dugun baino askoz ere gehiago dira sistema kapitalistak okaztatzen dituen pertsonak. Pertsona asko existitu ere ez dira egiten gizartean. Hortik sortzen da sistema kuestionatzeko aukera; izan ere, bertan murgilduta gaudenok ez dugu gaitasun hori edukiko ez badugu kapitalismoaren parametroetatik irteteko jarrerarik. Gakoa da aipatutako pertsona anonimo horien mobilizazioa lortzea, galtzekorik ez dutelako. Gero eta jende gehiago dago sistemari uko eginez gero galtzekorik ez duena.
Kapitalismoan oinarritutako gizarte eredu hori nola elikatzen dugu egunerokoan?
Hamaika adibide daude. Desobedientzia zibilari dagokionez, esaterako, mundu guztia zain dago desobedientziara jotzeko asko garenean. Antolatzen hasi beharko dugu, ordea, asko izateko. Adibidez, iruditzen baldin bazait ordaintzen dudan zerga bat bidegabea dela, ni bakarrik kexatzea ez da nahikoa, baina, era berean, norbait hasi beharko da ingurukoekin batzen. Gauza asko daude gaizki, eta gatazkagai bilakatu behar ditugu. Ezin dugu itxaron besteak mobiliza daitezen. Indarrak batu behar ditugu, ekintza kolektibo baten bueltan.
Gizarte konplexu batean bizi garela diozu, baina horrek ez duela esan nahi nahastuta bizi behar dugunik.
Nahasmena ereiteko egina dago eraikuntza mediatiko guztia. Hedabide enpresa guztiek nahi izaten dute jendeak tutik ere ez ulertzea gertatzen ari denari buruz. Gogoan dut frankismo garaiko errepresioan, nola mundu guztia telebistaren aurrean jartzen zen gertatu ez zen hori ikusteko, bertsio ofiziala zelako telebistak eskaintzen zuena. Orain alderantzizkoa gertatzen da; mundu guztiak kontatzen du zer ikusi duen telebistan; tresna mediatikoek existitzen ez den errealitate bat fabrikatzen dute. Gertatzen denaren bertsio bat eraikitzen dute, eta hori da errealitatea eurek inposatzen dutelako. Funtsean, ideia da errealitate hori auzitan jartzea, baliagarriak izango diren elementuak bilatzea, ohartzeko hedabide horien helburua nahasmena sortzea dela, jendeak ez jakitea zer gertatzen den. Ezkutatzea. Pantailak ez baitizkigu gauzak erakusten, ezkutatu egiten dizkigu bertsio bakar baten bidez estaliz. Azken 40 urteetan albisteei zein trataera eman dieten azter dezagun: pandemiaren alarma, dorre bikien atentatua —badakite dinamitatuta zegoela behetik—... Nahasmenak oso funtzio garrantzitsua betetzen du: gauzen konplexutasuna ulertzeko gakorik ez edukitzea jendeak.
Horren adibide al dira gerrak?
Gerrak fabrikatu eta asmatu egiten dira. Aberatsek antolatzen dituzte eta pobreek galdu. Historikoki gerrak arrazoi ideologikoek, politikoek, erlijiosoek nahiz lurraldetasunarekin lotutakoek piztu dituzte. Aldiz, kudeaketa beti egon da negozioan oinarrituta. Eta, hain justu, kapitalismoa etengabeko gerran oinarritzen da. Gerrak ezinbestekoak dira ekoizpenaren makineria guztiak funtziona dezan.
Nola funtzionatzen du?
Sistema kapitalistaren garapenaren fase bat da etengabeko gerra. Segurtasunik gabeko egoerak sortzeko beharra dago, eta, horregatik, aurrena etsaiak asmatu behar dira; lehenik, Sadam Husein izan zen; gero, Gadaffi; gaur, Estatu Islamikoa da; bihar, Afganistango talibanak izango dira... Kontua da etsaiak bilatzea, segurtasuna zorroztu dezaten inbertsioak areagotzea justifikatzeko —estatuek jendearen zergekin egindakoak—.
Parisen hori egin al du Hollandek?
Hipotesietako batek dio elektroshock kolektibo baten adibide argia dela Parisen egiten ari direna, Frantziak hartu dituen hainbat neurri justifikatzeko: salbuespen egoera, erreformak, segurtasun inbertsioak armamentuari dagokionez... Bestalde, ez da kasualitatea metal musika kontzertu batean egitea sarraskia, Charlie Hebdo aldizkari ezkertiarrari erasotzea... Horrek eragin oso garrantzitsua du ezkertiar jendea eskuineko diskurtsora bideratzeko: esku hartzeak, segurtasuna, salbuespen neurriak, errepresioa, emigrazioaren kontrola, eta abar.
Beldurraren eta, batez ere, kontrolaren gizartean bizi gara Euskal Herrian ere. Zein ondorio ditu gure bizitzetan?
Beldurrak zerikusi handia dauka prekaritatearekin. Bizitzaren prekarizazioa ez da soilik lan arlokoa, zer pasatuko zaizun ez dakizun egoera batean bizitzea ere prekaritatea da. Egoera horretatik abiatuta, segurtasun faltak beti ekartzen du kolokan egotearen sentsazioa. Ezinegon hori zabaltzen ari da azkenaldian; ez soilik suizidio edo neurosi kasuen igoera, baita depresio eta antsietateena ere. Bada esaera bat dioena: «Esadazu nola kudeatzen duzun zure antsietatea, eta jakingo dut nor zaren». Janez ez bada, edanez, eta lanean murgilduta ez bada, tabakoa erretzen. Egonezin hori guztia funtzionalizatuta dago. Patologia motak dira, sortu egiten dira eta bultzatzen dute industria jakin batzuek esku hartzea —medikuntzaren industria, tratamendu psikologikoena...—, gizarteko egonezina edo gaizki egona merkantilizatzeko, eta irtenbide indibidualak eskaintzeko arazo kolektibo horiei. Ez dira behin ere konpontzen, funtsean, negozio hutsa dagoelako atzean.
Zein eboluzio ikusten diozu horri guztiari?
Bizitza ulertzeko moduaren araberakoa izango da etorkizuna. Gero eta pertsona gehiago ikusten ditut egiaz hilik daudenak, ez dutenak bizitza propiorik. Esan liteke subjektu kolektiboak garela, guztiok parametro berberekin funtzionatzen dugulako. Elkarrengandik bakartuta gaude, ordea. Gizartea, gainera, bereziki errepresiboa da. Ez dugu nahi duguna egiten, egin dezakeguna eta egin behar duguna, baizik. Guztion bizimoduak gero eta homogeneoagoak dira.
Cesar Manzanos. Soziologoa
«Gerrak beharrezkoak dira kapitalismoak funtziona dezan»
Sistema kapitalistaren ezkutuko aurpegiak agerian utzi nahi ditu Cesar Manzanosek: etengabeko gerra, beldurraren gizartea, «hedabideek fabrikatutako errealitatea»... Lotuta ikusten ditu horiek guztiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu