Militarismoa Euskal Herrian

GERRAK BAKEA BALEKAR

Ukrainako gerraren testuinguruan, diskurtso militaristek goiti egin dute Europan. Bakearen aldeko talde eta adituek argi dute, ordea: armak bidaltzeak ez du ekarriko gerra are gehiago hauspotzea baino.

BERRIA.
maddi ane txoperena iribarren
2022ko maiatzaren 8a
00:00
Entzun

Si vis pacem, para bellum dio latinezko erran zaharrak: bakea nahi baduzu, presta ezazu gerra. Eta hori da Ukrainako gerraren testuinguruan Europako erakunde gehienek hartu duten jarrera: hango gobernuari armak igortzea, ustez bakea lortzen laguntzeko. «Erakunde guzti-guztiek aho batez ikusi dute inbasio bati militarizazio prozesu batekin erantzun behar zaiola», azaldu du Bake Ekintza Antimilitaristako Patxi Azparrenek. Baina aitortuta: «Ez genuen espero». Eta, haren iritziz, ez luke hala behar: «Europako Mendebaldeko herri batean gaude; zoritxarrez, Euskal Herriaren kasuan, gure borondatearen kontra NATOn sartuta; eta gure lana ezin da izan armak bidaltzea. Guri dagokigu antimilitarismoari eustea: kasu honetan, bakea eskatzea, noski; eta salatzea gerraren negozioa».

Azparrenek uste baitu hori dela funtsean Europako estatuak egiten ari direna: bertzelako interesei erantzutea. «Hemendik saldu nahi digute elkartasunez ari direla armak bidaltzen, baina ez da egia: Ukraina aurretik desmilitarizazio prozesu batean sartu izan balitz, ez zen seguruago izango haien etorkizuna? Seguruagoa izan da armak bidaltzea aurretik eta armak bidaltzea orain? Zalantza handiak daude».

Antzeko kezka eta zalantzak ditu Nora Mirallesek ere. Centre Delas d'Estudis per la Pau erakundeko presidentea eta ikerlaria da, nazioartean eta generoan espezializatua, eta uste du agintariak aitzakia gisara erabiltzen ari direla Ukrainakoa: «Gerrak balio izan du diskurtso eta praktika belikoen gorakada bat justifikatzeko». Eta gehitu du: «Kezkagarria da». Mirallesi iruditzen zaio herrien autodefentsarako eskubidea baliatu dutela horretarako: «Horrela justifikatu dute armak bidaltzea, baina historiak eta logikak erakusten digu arma horiek esku txarretan bukatuko dutela. Hala izan da beste batzuetan». Mirallesi, berez, nork bere burua defendatzeko eskubide hori «zilegia» iruditzen zaion arren.

Delas zentroko ikerlariaren ustez, dagoen larrialdi egoerak eta mehatxuak ekarri dute «edozein neurri» justifikatzea. Eta ez soilik gerraren testuinguruan: «Alde batetik, hemen, murrizketak egiteko eta hainbat komunitate jazartzea justifikatzeko baliatu dute; eta, Ukrainara estrapolatuta, gerra modu akritikoan babesteko, pentsatu gabe zenbat jende gehiago hilko den eskalada militar horregatik, pentsatu gabe nola geldituko diren hiriak, zenbat luzatuko den gerra hori...». Iritzi bat ere zabaldu dela iruditzen zaio: «Gerra bera eta armak bidaltzea babesten ez badituzu, badirudi gerra nahi duzula eta Errusiaren okupazioaren alde zaudela». Aldi berean, uste du bakearen aldeko diskurtsoak dituztenei erraten ari zaiela «orain» ez dela «horretarako garaia», Bakearen Nobel saridunak eurak ere gerraren arriskuez ohartarazten ari badira ere.

Bat egin du Azparrenek: «Gatazka armatuak dauden toki guztietan isilarazi egiten da bakearen aldeko ahotsa». Azaldu du Ukrainan eta Errusian bertan «jende andana» dagoela gerraren aurka. Baina aipatu ditu bertze leku batzuetako adibideak ere: «Gazako erresistentziaren muina [Palestina], esaterako, ez da erresistentzia armatua, 11.000 familiaren erresistentzia baizik: hor lan eginez, hor biziz egiten dutena. Beti gutxiesten da, baina errealitatea da erresistentzia egiten den tokietan modu iraunkorrena zibilek egiten dutena dela». Bakearen aldeko diskurtsoak «infantilizatzearen» arrazoia argi du Bake-Ekintza Antimilitaristakoak, berriz ere: «Interes ilunak daude horren atzean». Ez du uste, halere, gizartean gauza bera gertatzen denik. «Kontrakoa: bakearen aldeko eskaera dago, bakearen aldeko mugimendua dago, baina irudien eta sentimenduen manipulazioen bitartez ematen du justifikatzen ari dela erantzun armatua».

Mirallesek faktore ugari ikusten ditu militarizazioaren gorakadaren gibelean, eta «ziklikoa» dela uste du: «Ongizate estatua desegiten ari diren Europako estatuek, burujabetza kapitalarengandik bahitua dutenek, edozein aukera baliatzen dute herritarrak herrestan eramateko; kasu honetan murrizketa posible gehiago egiteko, industria militarrari babesa emateko...». Azpimarratu du, erraterako, Espainiako Gobernuak errana duela BPG Barne Produktu Gordinaren %2 bideratuko duela orain armadara: «Hori nonbaitetik atera beharko da; eta, hain segur, pertsonen bizitza materialean eragin zuzena duten eta sozialenak diren ministerioetatik izango da».

«Bake aurrekontuak»

Gerra sustatzea ez da dagoen aukera bakarra, ordea. Bake-Ekintza Antimilitarista taldeko kideak azpimarratu du, erraterako, Ukrainan eta bertze leku batzuetan XIX. eta XX. mendeko «arazoak errepikatzen» ari direla orain. Eta bertze modu batera bidera daitezkeela: «Gerra sortzen ari da lurraldetasunagatik, autodeterminazioagatik, naziotasunagatik, baliabide urritasunagatik... Desmilitarizazio prozesu sakon bat egin ahal izateko gerrak sortzen dituzten arrazoi sakon horiek aztertu behar dira, eta konpondu». Adierazi du kasu batzuetan ez dela «uste bezain zaila» hori egitea: lurraldetasun gatazkak ebazteko, adibidez, ikusten ditu «beste modu batzuk».

Azken soluzioa izan ez arren, Defentsa Ministerioetara diru gutxiago bideratzea ere bada bideetako bat, Mirallesen ustez, eta norabide horretan doa Delas zentroak eta bertze hainbat erakundek apirilaren 13tik maiatzaren 12ra sustatzen ari diren kanpaina: eskatzen ari dira gastu militarrean xahutzen den dirua «bakerako aurrekontuetara» bidera dezatela. «Kanpainak ez du eskatzen egin ez daitekeen ezer: gastu militarra modu drastikoan murriztea galdegiten du, eta kopuru hori politika sozialetara edota genero eta klima politiketara bidera dadila». Ohartarazi du alor horietan dagoela «zinezko mehatxua»: «Datorren krisi ekologikoa desagertzerako kondena bat da, ia-ia». Genero ikuspegitik begiratuta ere, salatu du gerrek gizarteko rolak indartu baino ez dituztela egiten: «Andreek arlo pribatuan eta publikoan jasaten duten indarkeria areagotzen du, batetik; eta, bestetik, emakumeak arlo publikotik egozten ditu, ihes egitera behartuta; eta gizonak borrokatzera behartzen ditu, hala nahi ez dutenean ere». Hain justu, ezberdinkeria eta indarkeria horiek bukatzea litzateke bakea, Mirallesentzat: «Horrek politika ekonomiko birbanatzaileak eskatzen ditu».

Estatu kolonial ohietan edo «neokolonialetan» bizi diren herritarren «ardura» ere gogoratu du ikerlariak: «Gure agintariak behartu behar ditugu utz diezaioten gatazkak iraunarazten dituzten politikak egiteari. Ezin diogu arma industriari eta gerrari zilegitasuna eman, zeinek errefuxiatuak sortzen baitituzte, eta gero errefuxiatu horiei ateak itxi eta horretatik segurtasun mehatxu bat sortu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.