Espainiako Estatuak Euskal Herrian baliatutako gerra zikinaren erakusle nagusietako bat da Jose Barrionuevo Barne ministro ohia (Berja, Espainia, 1942). Sei urte egin zituen kargu hartan, eta bitarte horretan ekin zion indarkeriari GALek. Epaitegiek baieztatu soilik ez, berak ere aitortu du gerra zikinean parte hartu izana. Hain zuzen, espetxe zigor bat ere ezarri zioten horregatik, nahiz eta segituan indultu partzial bat eman zion Jose Maria Aznarrek, hura Espainiako gobernuburu zela. Jarduteko modu hura defendatu izan du, baita GALen jardunagatik zigortutakoak babestu ere. «Badut itsasontzi kapitainaren konplexu pixka bat», esan zuen.
Ikusi gehiago
Barrionuevok frankismo betean ekin zion bere ibilbide politikoari ere, baina ez diktaduraren aurkako mugimenduetan. Zuzenbide ikasketak egiten ari zela —kazetaritzan ere lizentziaduna da—, Ikasle Tradizionalisten Elkarte karlistako kide izan zen, eta Espainiako Sindikatu Unibertsitario falangistako eskola jarduerak zuzendu zituen; karrera amaituta, mugimenduko idazkariordearen kabineteburua izan zen.
1974an, berriz, Madrilgo Konbergentzia Sozialista alderdira batu zen. Erakunde hark PSOErekin bat egin zuen 1977ko maiatzean, eta 1979ko udal bozen ostean, bere lehen kargu instituzionala hartu zuen Barrionuevok: Madrilgo Udaleko Segurtasun zinegotzia izan zen. Handik egin zuen Barne Ministeriorako jauzia, Felipe Gonzalez sozialisten idazkari nagusia Moncloara iristearekin batera, 1982ko abenduan.
Bere lehen zereginetako bat izan zen polizia frankista berrantolatzea. Izena aldatu zuen Espainiako Poliziak, baina Barrionuevok euren postuetan mantendu zituen diktadura garaiko brigada politiko sozialeko arduradun ugari. Haietako batek, Jesus Martinez Torres Informazio Brigada Nagusiko komisario nagusiak —torturatzaile gisa seinalatua─, adierazi zuen, lehenik, Barrionuevok «begi onez» ikusten zituela ETAko kideen bahiketak, eta, ondoren, Barne Ministerioak berak agindu zituela.
Izan ere, Barrionuevok Barne Ministerioan egindako ibilbidetik zerbait geratu bada, ETAren aurkako borrokari emandako norabidea izan da. Lehen urrats esanguratsua ZEN plana izan zen. 1983ko otsailean aurkeztu zuten, eta urte bereko urrian bere lehen ekintza egin zuen GALek. 1983ko urriaren 16an Joxean Lasa eta Joxi Zabala bahitu zituen, Donostiako La Cumbre jauregian torturatu, eta, hil ostean, Busoten lurperatu (Herrialde Katalanak). Ekintza haren ostean atentatu zerrenda luzea iritsiko zen: bahiketak, torturak, tiroketak, lehergailuekin egindako atentatuak, eta beste 25 hilketa; azkena, Juan Carlos Garcia Goenarena, 1987ko uztailaren 24an. Hau da, denak Barrionuevo Barne ministro zen bitartean egin ziren.
Auzitegietan
Felipe Gonzalez gobernuburuak 1988ko uztailean kendu zuen Barrionuevo Barne Ministeriotik, baina Ministroen Kontseiluan beste eserleku bat emateko kendu zuen: Garraio, Turismo eta Komunikazio ministro. Hain zuzen, une hartan, Baltasar Garzon epaileak leporatu zion Mareyren bahiketaren inguruko auzia argitzeko oztopoak jartzea. Hark epailearen kontrako salaketa batekin erantzun zuen.
1995ean, berriz, Garzonek Auzitegi Gorenari eskatu zion suplikatorio bat eskatzeko, Barrionuevo ikertzeko, eta Goreneko Eduardo Moner epaileak harekin bat egin zuen. Ordurako, Barrionuevo ez zen ministro, baina bai diputatu. Beraz, immunitatea zuen. Ez zion horri uko egin nahi izan, baina Espainiako Kongresuko gehiengoak hala onartu zuen, PSOEko diputatu gehienen kontrako botoarekin. Izan ere, PSOEren babes nabarmena izan zuen Barrionuevok. Kongresurako zerrendetan mantendu zuen 1993ko bozetan, eta berdin egin zuen 1996an ere, nahiz eta ordurako Mareyren bahiketagatik, funtsak bidegabe erabiltzeagatik eta talde armatuarekin harremanak izateagatik ikertzen ari ziren.
Bahiketa hari lotuta, Barrionuevori hamar urteko espetxe zigorra ezarri zioten, bahiketarekin segitzeko baimena eman zuela arrazoituz. 1998ko irailaren 10ean sartu zen Guadalajarako espetxean, eta PSOEk hura babesteko ekitaldi bat antolatu zuen. Are gehiago, Gonzalezek Barrionuevori eta zigortutako beste kargudun batzuei indultua emateko eskatu zuen, eta Aznarren gobernuak bete. 1998ko abenduaren 24an indultu partzialak jaso zituzten zigortutako denek, Jose Amedo eta Michel Dominguez poliziek izan ezik. Eta abenduaren 29an, Auzitegi Konstituzionalak eten egin zituen zigorrak, Barrionuevoren eta Rafael Vera Segurtasun idazkariaren babes helegiteak aztertu bitartean. Beraz, hiru hilabete bete zituzten kartzelan, eta zigorra hamar urtekoa zen.

Ebazpen harekin agur esan zion immunitateari, eta horrek atea ireki zion Barne ministro ohia ikertzeari. Epaileen aurrean deklaratu behar izan du Lasa eta Zabala auziari, eta Santi Brouarden eta Lucia Urigoitiaren hilketei lotuta ere, izan lekuko edo ikertu gisa. Horietan guztietan, baina, ez da haren kontrako ebazpenik izan, ezta Joxemari Larretxearen bahiketa saiakeragatik ere, nahiz eta aitortu duen berak agindu zuela. Gainera, zigorturik izan bazen, haiek defendatu zituen. Hala esan zuen Enrique Rodriguez Galindo eta enparauez Lasa eta Zabala auziagatik zigortu zituztenean: «Ez dituzte modu justuan tratatu. Haiekin nago, eta ahal dudan guztia egingo dut haiek eta haien familiak laguntzeko».
Barne Ministerioaren funts berezien erabilerari lotuta, berriz, haren aurkako beste epaiketa bat egin zuten Madrilgo Auzitegian. Fiskaltzak zazpi urteko espetxe zigorra eskatu zuen harentzat, Barne Ministerioko zenbait goi kargudunek diru sail horiek euren mesedetan erabiltzea baimentzeagatik. Epaimahaiak, baina, absolbitu egin zituen Barrionuevo eta Jose Luis Corcuera ministro ohiak: «Susmoak daude, aukerak daude, baina ez dago baieztatzerik ministroek lapurreten berri izan eta baimendu zituztenik». Era berean, El País egunkariak argitaratu zuen ezen Barrionuevoren gidaritzapean Barne Ministerioak funts erreserbatuetako dirua eman ziela Almeria auziagatik Guardia Zibiletik kanporatu zituzten agenteei. Hiru agentek hiru gazte bahitu, torturatu eta hil zituzten Almerian, ETAko kideak zirelakoan.