«Gerra zikin berrituari» bidea ixteko indarrak batzeko deia egin du AAMk

Herriz herri emandako erantzunarekin «errepresioaren antzutasuna» agerian geratu dela uste du Oihana Agirrek

Oihana Elduaien Uranga.
Donostia
2009ko irailaren 5a
00:00
Entzun
«Espainiako Barne Ministerioak marraztu duen XXI. mendeko gerra zikina» agerian gelditu da azken hilabeteetan, Amnistiaren Aldeko Mugimenduaren (AAM) irudiko. Eta ezinbestekotzat jotzen dute indarrak batu eta errepresio horri bidea ixteko horma altxatzea. «Estatu errepresioak» muga guztiak gainditu dituela salatu dute, eta horren adibidetzat jo dituzte Jon Anzaren desagertzea, Remi Aiestaranen heriotza, Alain Berastegiren, Lander Fernandezen eta Juan Mari Mujikaren «bahiketak», Kontsuelo Agirrebarrena lizartzarraren espetxeratzea, presoen argazkien kontrako ehiza eta abar. Patxi Lopezen esku dagoen Eusko Jaur- laritzak «salbuespen egoeran sakontzeko» apustua egin duela salatu dute Oihana Agirre eta Roberto Martinez del Campo bozeramaileek, eta bide beretik ikusten dute Nafarroako Gobernua ere.

AAMko ordezkariekin batera, hauek batu ziren atzo Donostian: Jon Anzaren senitartekoak; Remi Aiestaran zenarenak;Alain Berastegi, ordu batzuetan Poliziaren esku «bahituta» egona; Berriozarko ezker abertzaleko zinegotzi Fermin Irigoien; Ibarrako herritarrak eta euskal presoen hainbat senide. «Estatu errepresioak» gero eta jomuga zabalagoa duela uste dute, eta «edozein aldarrikapen demokratikoren» kontra egiten duela salatu dute.

Errepresioarekin «obsesionatuta» ikusten ditu AAMk Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo sailburu Rodolfo Ares eta Espainiako Barne ministro Alfredo Perez Rubalcaba: «Garaipen polizialaren egarri ase ezinez». Haien «desesperazioak» ekarri du egoera hau, Agirrek salatu duenez.

Gasteizko Gobernuak «izaera faxista» duela ere salatu dute: «Konponbidea ekartzeko aukerak izan diren arren, haiei muzin egin, eta polizien, torturen, espetxeen eta bahiketen bidez itxi nahi dute gatazka politikoa». Nafarroako Gobernua bide berean ari da, AAMk salatu duenez. «PSN eta UPN eskuz esku ari dira beren proiektua zalantzan jartzen duen ororen kontrako sorgin ehizan».

«Eraso faxistatzat» jo dituzte Bilboko txupinerari egindako mehatxuak, Lasa eta Zabalaren oroitarrian egindako pintaketak, eta Nafarroan memoria historikoaren kontra zein Ezpala, Zurgai eta Ipar Gorri tabernetan egindako pintaketak. Eraso horiek «inpunitate osoz» egin direnez, haien atzean «poliziaren konplizitate handia» dagoela uste dute.

«Zigor eta mehatxuen bitartez» euskal presoen argazkiak «ikusezin» bihurtu nahian ere ikusten ditu Jaurlaritza eta Nafarroako Gobernua, AAMk, baina, horrelakorik ez dutela lortuko ohartarazi diete. «Gatazkaren erakusle» direlako ezkutatu nahi dituzte euskal presoak, baina AAMk haien egoera salatzen jarraituko du. Hala, «heriotza zigorra» jartzen dietela, «bizitza osorako zigorra» jartzen dietela, eta sakabanaketak bere horretan jarraitzen duela salatu dute.

Bestalde, Remi Aiestaran «Ertzaintzaren bortizkeriak» hil duela salatu dute, eta Ertzaintzak erabili duen bortizkeriak «horrelako gehiago gerta daitekeela» ohartarazten du, beraien irudiko.

Indarrak batzeko deia

Egoeraren aurrean «benetako kezka» agertu du AAMk. «Errepresioa eremu berrietara zabaltzen ari da, intentsitatez igotzen ari da eta ondorio larriak uzten ari da». Nolanahi ere, azpimarragarria iruditzen zaio gertaera horiek guztiek izan duten erantzuna, «herritarrak ez dira etxean gelditu, eta eraso eta gertaera guztiek izandako erantzunak agerian utzi dute errepresioaren antzutasuna, beste behin».

Horixe da jarraitu beharreko bidea, Agirrek azaldu duenez, errepresioa amaitu, eta «benetako demokrazia baterako» urratsa egin nahi bada. Beraien apustua horixe dela eta aurrerantzean bide horretan lan egingo dutela jakinarazi dute. Gauza bera egiteko deia egin die gainerakoei ere, eta indarrak batzeko gonbita egin diete.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.