Biktimologia kongresua. Aintzane Gamiz. Baketik fundazioko kidea

«Gerra maila makroan egiten den bezala, bakea maila mikroan egiten da»

Bakearen eta bizikidetzaren aldeko elkarrizketetan erraztaile lanak egiten ditu Gamizek. Duela hamar urte egin zituzten lehen saioak, baina uste du oraindik ere «isiltasun handia» dagoela gaiaren inguruan.

JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
Iosu Alberdi.
Donostia
2022ko ekainaren 7a
00:00
Entzun
Munduko Biktimologia Erakundearen XVII. Nazioarteko Sinposioak aukera eman du euskal gatazkaren ondorioetan begia jartzeko. Donostiako Kursaal jauregian tratatutako gaietako bat izan da Gipuzkoako Aldundiak sustatutako Bizikidetza Lantzen dinamikaren funtzionamendua. Egun, lurralde hartako 26 udalerritan dago martxan, politikarien, herritarren eta biktimen arteko elkarrizketa sustatzeko. Prozesu horien nondik norakoez mintzatu da Aintzane Gamiz (Legazpi, 1981) Baketik fundazioko erraztailea BERRIArekin.

Ikusi gehiago: Presoek prozesu errestauratiboetan izandako zailtasunak salatu dituzte

2012an eratu ziren elkarrizketarako lehen guneak. ETAk hilabete batzuk lehenago iragarri zuen behin betiko su etena.

2011n iragarri zuen behin betiko su etena, eta ondoren alderdi guztiak legeztatu ziren. Orduan, motibazio politikoko indarkeria oso gertukoa zen, eta bazeuden bi aldagai kontraesanezko. Batetik, dena zegoen egiteko, eta horrek motibazio handia eragin zuen askorengan. Sortu zen espazio bat non, lehen aldiz, gatazkaz hitz egin ahal izango zen. Gizarte mailan zein maila politikoan bazeuden baldintzak gertatu zenaz hitz egiteko. Baina, aldi berean, beldurra ere bazegoen. Jendeak mesfidantza handia zuen; etsaiaren irudia eta sufrimendua puri-purian zeuden. Orduan, uste dut asko ez zirela prest sentitzen oraindik gai honi heltzeko.

Hamar urte geroago, testuingurua bestelakoa da.

Orain, batzuek uste dute bidea eginda dagoela; bakoitzak atera diola bere etekina egindako lanari, eta gizartearen arazoak beste batzuk direla. Horrek, baina, ez du esan nahi gatazka politikoa amaitu denik. Belaunaldi berriei zor diegu gertatutakoaren inguruan autokritika egitea, hausnartzea eta ikaskuntza batzuk ateratzea berriz gertatu ez dadin. Hori egiteko dago.

Beraz, badago behar bat gatazkaz hitz egiteko?

Errezelo handia nabari da, eta askok diote alde batera utzi nahi dutela. Baina, sakonduz zoazen heinean, konturatzen zara isiltasuna oso handia izan dela, eta hala dela oraindik ere. Gune seguru eta konfidentzialei bide ematen badiezu, konturatzen zara behar handia dagoela.

Gerra maila makroan egiten den bezala, bakea maila mikroan egiten da, herri mailan. Prozesu bat den heinean, pazientzia handia izan behar duzu. Denbora eman behar duzu halakoak martxan jartzeko. Eta, batzuetan, egia da pausoak nahi baino txikiagoak izaten direla.

Udalek mugitu behar dute erraztaileek lanari ekiteko. Nola ematen da lehen pauso hori?

Ezinbestekoa da adostasun politiko bat. Beharrezkoa da udalean ordezkaritza duten alderdi guztien onespena. Hori gabe, prozesua ezin da martxan jarri.

Zer arazo topatzen dituzue prozesu bat martxan jarri denean?

Prozesuak bezainbeste dira arazoak. Horietako bat da hauteskundeak lau urtean behin egiten direla, eta horrek mahaia lau urtean behin aldatzea dakarrela. Bestalde, batzuetan mahaian dauden pertsonak biktimak dira. Horrelakoek eragin dezakete prozesuak biziagoak izatea, eta pausoak emateko denbora gehiago behar izaten da.

Beste mahai bat osatuko lukete herritarrek. Nola osatzen da halako mahai zabal bat?

Mahai politikoak pertsonak proposatzen ditu, sentsibilitate ezberdinak ordezkatzen dituztenak, eta herrian esanguratsuak izan daitezkeenak. Mahai hauek askeagoak dira. Kideek ez dute ordezkatu beharreko alderdi politiko bat, eta askotan mahai politikoa bera bultzatzen dute egitasmoak gauzatzera.

Hirugarren pausoa litzateke biktimengana iristea.

Urrats horretan, alderdiek interpelatuak izateko beldurra dute askotan, edo ez dute jakiten gune horietan nola egon. Prestatu egin behar dituzu. Herritarrei dagokienez, berriz, haiek etortzen dira. Ez dute halako muga edo beldurrik; irekiagoak dira. Askotan, herritar foro horiek lortu dute biktimak mahai politikoarekin biltzea ere. Batzuetan haiek ere ez baitute nahi izaten politikariekin biltzerik, erabiliak edo ahaztuak sentitu direlako.

Prozesu horretan eragingo du erraztaileen rolak ere.

Konfiantza prozesu bat izan behar dugu biktimekin. Erakutsi behar diegu ez dugula erabilera politiko bat egingo, entzute prozesua benetakoa eta zintzoa izango dela. Konfiantza eraikitzen da.

Ikerketen bidez errealitate objektiboa eta errelatoak bereizteko beharra ere adierazi duzue.

Oso garrantzitsua da ikerketa lanak egitea. Sufrimendua ordenatzea, eta adostea zein diren biktimak eta zeintzuk ez. Ez bata bestearen gainetik jartzeko, baina bai ordenatzeko. Adostea minimo batzuk biktimei aitortza egiteko. Hor, giza eskubideak erabili behar dira marko gisa, prozesua legitimatzeko.

Eta nola kontatu gertatu dena?

Oso garrantzitsua da ikuspuntu komun bat izatea. Egiak ez du aurpegi bakarra; egia poliedrikoa da, eta hainbat ikuspuntutatik uler daiteke. Ikuspuntu horiek guztiak bildu behar dira gertatutakoa kontatzerakoan. Kontakizun guztiak baliagarriak dira.

Instituzioetan zein gizarte zibilean gabiltzanok kontuz ibili behar dugu kontakizuna kapitalizatzearekin. Horrek sufrimendu handiagoa eragiten du, eta sufritzen duten pertsona asko kanpoan uzten ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.