UPNren IX. Kongresua. Aldez aurrekoa

Gerra irekia UPN barruan

Biharko kongresuan UPNren presidentetza bera baino askoz gehiago dago jokoan: Catalanek PSNrekin aliantza bilatu nahi duTentsioa baretu ordez handitu egin da, eta alderdia zatiketaren mehatxupean dago

joxerra senar
Iruñea
2013ko martxoaren 16a
00:00
Entzun
Jada ez dute ezkutatzen. Yolanda Barcinak eta Alberto Catalanek UPNren presidentetza baino askoz gehiago dute jokoan. Bihar Baluarte jauregian egingo den UPNren kongresura begira, alderdiak lelo bat aukeratu du, eta horrelakoetan maiz gertatzen den legez, paradoxaz beteta dator: Centrados en Navarra (euskaraz, Nafarroan zentratuta). Alabaina, UPNren arreta guztia alderdiko barne lehian kontzentratuta dago, eta batasunetik urrun, zatiketaren mehatxua handia da. Bozkatzeko eskubidea izango duten 3.800 militante ingururen ezbaiak lurrikara politikoa eragin dezaketebihar Nafarroako politikan.

1. Noren babesa du hautagai bakoitzak?

Afiliatu bat, boto bat. Sistema hori erabiltzen du UPNk bere zuzendaritza eta ildo politikoa aukeratzeko. Inkestarik ez dagoenez, oso zaila da aldez aurretik jakitea zer pentsatzen duen afiliatu bakoitzak. Hautagai bakoitzak jasotako sostenguek ematen dute zantzu bakarra.

Barcinak Iruñean oinarritu du betidanik bere karrera politikoa, eta oraindik ere bere gotorlekua da. Catalanen indargune handiena, berriz, Erriberan dago. Horregatik, adierazgarria bada batak zein besteak bere zuzendaritza talderako presidenteordegaia beste arerioa indartsua den gunetik aukeratu izana: Barcinak Fustiñanako alkate Jose Antonio Sola hautatu du Catalani itzal egiteko, eta Catalanek Iruñeko zinegotzi Kontxi Mateo. Solak karisma badu eta alderdi barruko ezegonkortasun giroan gorantz egiteko abilezia erakutsi du. Apustua ondo ateraz gero, presidenteorde izango da. Catalanen hautagaia, Mateo, Barcinak orain gutxira arte erabat kontrolatzen zuen Iruñeko udaletik dator.

Beste datu deigarriena da, bakoitzak agintzen duen instituzioan, babes handiagoa duela. Gobernuko kontseilariek ezinbestean sostengua jendaurrean azaldu diote Barcinari. Gainera, berarekin udaletik gobernura joan diren Jose Luis Sanchez Muniainek eta Jose Iribasek osatzen dute oraindik ere bere nukleo nagusia, eta zuzendaritza talderako bi hautagai dira. Parlamentarien artean, ordea, babes txikiagoa du Barcinak. Sergio Sayasek leialtasuna azaldu dio eta Marivi Castillo parlamentari tuterarra zuzendaritzako postu baterako hautagai da. Gainerakoan, legebiltzarkide gehienak Parlamentuko presidente Catalanen alde daude. Esanguratsuenak, Jeronimo Gomez Los Arcoseko alkatea, Javier Caballero eta Begoña Sanzberro.

Alkateen artean , indarrak banatuta daude. Luis Maria Iriarte Zizur Nagusikoak sostengu publikoa azaldu dio, eta Oskar Arizkuren Noaingo alkatea idazkari nagusi izateko bere hautagaia da.Gaztea da, 35 urte ditu eta berritasun irudia saldu nahi du harekin Barcinak. Era berean, hauteskundeetan boto ugari lortu dituzten Tafallako (Cristina Sota) eta Lizarrako (Begoña Ganuza) alkateen babesa aktibo garrantzitsuak dira.

Lizarraldean, ordea, Alberto Catalanek Begoña Ganuzari itzal egiteko pertsona egokiena du: Lizarrako Amelia Salanueva senataria, idazkari nagusi izateko bere konfiantzazko hautagaia. Dena den, Catalanen eragin eremua batez ere Erriberan dago. Hango afiliatuen ekimenez hasi zuen hautagaitza aurkezteko karrera abenduan, eta gainera, haren atzean UPNn itzal handieneko pertsona dago: Miguel Sanz Sesma.

2. Nondik dator lehia?

Azkenean, Catalanek zein Barcinak bilatu dute lehia zuzena, biek egin dute bere ekarpena barne gerraren sua pizteko. Gogoan hartu behar da urtarrilaren 25ean biek akordio bat hitzartu zutela: Barcinaren hautagaitza aurkeztuko zen soilik, baina Catalanek eskumen gehiago izango zituen zuzendaritzan, eta praktikan alderdi barruko boterea elkarbanatuko zuten. Akordioa gauzatu izan balitz, ez zegokeen oraingo eztabaidarik, baina handik bi astera Catalanek hautagaitza aurkezteko asmoa azaldu zuen, eta akordioa gauzatzeko borondate eza aurpegiratu zion Barcinari. Bi aste haietan, Barcinak egindako kritikek urrats hori egitera behartu zuela ematen zuen.

Alta, gauza bat da itxura eta bestea errealitatea. Bien artean, oraingo egoera Catalanek bilatu du indar handiagoz, edo zehatzago esanda, adimen handiagoz. Azken egunetan ezagutu da urtarrilaren 28ko UPNko zuzendaritzaren bileraren akta. Bertan Barcinak akordio hura gauzatzeko borondatea agertu zion zuzendaritzari eta boterea banatzeko prest azaldu zen. Egunotan Catalanek bere burua kontsentsuaren eta neurritasunaren hautagai gisa aurkeztu du, eta alderaketa hutsez, eliptikoki kontrako ezaugarriak aurpegiratu nahi izan dizkio Barcinari. Ordea, gezi pozoitsuenak Catalanek jaurti ditu. Iragan astean, adibidez, Barcinak CANeko Erakunde Sortzaileen Batzorde Iraunkorreko dietak itzultzea abokatuen aholkuz egin zuela bota zuen.

3. Zer eragin du CANek?

Azken egunetako informazioek ziurrenik eragin handia izango dute azken emaitzan. Batez ere Barcinari kalte egiten dion diru sarien auziak, bai organo alegalean bai ofizialean diru sari oparoak kobratu zituelako: 47.972 euro garbi. Egunotan eman dituen azalpenek bere irudiari kalte egin diote, eta hanka sartze ugari egin ditu. Adibidez, dietak «beste garai batekotzat» jotzea edo igeltsero baten soldatarekin alderatzea. Dena den, dirua itzultzeko keinuak haren alde joka dezake

Catalan askoz ere zuhurrago azaldu da, baina auziak zipriztindu du eta haizagailuaren estrategia horretan, Barcinaren taldeak zerikusia izan du. Diario de Navarra-k kaleratu zuen organo alegalaz gainera, batzorde ofizialean Alberto Catalan eta PSNko Roberto Jimenez eta Samuel Caro ere biltzen zirela. Catalan orain gutxira arte garbi zegoen kutxaren kudeaketan, Nafarroako Kutxako goi organoetan esertzen ez zelako. Alabaina, informazio horretan jakin da bileretan 24.000 euro kobratu zituela eta begi onez ikusten zuela ezer ez egiteagatik dirua kobratzea. Batzorde horrek legezko arazorik izan ez arren, informazio hori kaleratu izanak haren irudiari ere kalte egin dio etorkizunera begira. Dirua itzuli nahi ez izatea ere haren aurka itzul daiteke.

4. Zergatik haustura?

Arazoa ez da ideologikoa, estrategikoa baizik. Iazko ekainean PSNrekin gobernu koalizioa eta aliantza hausteak hauts ugari harrotu dituzte alderdi barruan, eta sakonean Catalanek gidatutako proiektuak aliantza hori berregitea du helburu nagusi. PSNk ere keinu esanguratsu bat egin du egunotan. Kongresuaren atarian, iragan astean, Alfredo Perez Rubalcaba PSOEko idazkari nagusia Iruñera joan zen, eta erregimena iraunazteko asmoa azaldu. Rubalcabak hauteskundeak aurreratzea eta alderdi abertzaleekin ituna egitea baztertu zuen. Hitzaldi hartan izan ziren Miguel Sanz, Alberto Catalan eta Yolanda Barcina.

Bi alderdiek egindako inkestek erakusten dute orain bozak egingo balira biek nabarmen atzera egingo luketela. Hartara, hipotesi hori saihesteko testuinguruan dator UPNko Kongresua. Aldez aurretik, PSNk eta Catalanek akordio bat dutela ukatzen dute. Barcinak aldarrikatzen du hark ere akordioa nahi duela PSNrekin, baina Catalanek une oro sozialistei oztopoak jartzea eta «kimika arazoak» izatea aurpegiratzen dio. Alderdi sozialistak Barcinaren burua nahi du. Horrek argi utzi du zein den PSNren asmoa: «Harrapatu beharreko ehizakia naiz».

5. Nork irabaziko du?

Uneotan aukera gehien Alberto Catalanek du. Barcinak ez bezala, alderdiari etorkizunerako norabide bat eskaintzen dio, nahiz eta bide hori neurri handi batean alderdi sozialistarekin lotu eta haren menpe utzi. Horregatik, PPri lotutako eskuineko sektoreek gaztatxoen gerra deitu diote UPNko barruko lehiari. Gaztatxoak Sanzen teoriari egiten dio erreferentzia: Nafarroako bi korronte nagusien arteko akordioak (UPN eta PSN) eragotziko luke abertzaleak boterera iristea.

Barcinak, berriz, eskuak lotuak ditu. Nafarroako Kutxaren auziak politikoki higatu du, eta PSNrekin hitzarmena lotzea oso zail du. Harenestrategia PPrengana zuzentzen da, baina eskuinaren batasunak ez du gehiengoa ziurtatzen. Perspektiba falta horrek eta alderdiaren geroa bere etorkizunarekin lotu nahi izateak tentsioa areagotu du. Barcinak aurreranzko ihesean, Sanzengandik jasotako ondarea kritikatzeari ekin dio egunotan militanteekin izandako bileretan, eta horrek haserrea eragin du.

Ez du dena galduta. Batetik, Diario de Navarra zuzenean ezda ezein hautagairen alde azaldu, baina Barcinari komeni zitzaizkion informazioak eta adierazpenak kaleratu ditu une oro. Bestetik, bere ahuldadearen erakusle, ezegonkortasunaren kartari heldu dio militanteak erakartzeko asmoz: «Nafarroako Gobernua bera dago jokoan».

6. Zer gertatuko da biharamunean?

Irabazten duenak irabazten duela, kudeatzeko oso egoera zaila izango du aurrean. Catalan kosta ahala kosta ahalegintzen ari da bere garaipen batek gobernuari ez diola zertan eragin nabarmentzen. Aitzitik, begien bistakoa da alderdiko gehiengo batek Barcinaren lidergoa auzitan jartzeak gobernuan krisia eragin dezakeela. Horixe bera nabarmentzen du Barcina berak.

Catalanek irabaziz gero, Barcinarekin trantsizio epe bat hitzartu eta hark dimisioa aurkeztea komeniko litzaioke. Foru Hobekuntzak dio presidenteak dimisioa aurkeztuz gero parlamentua desegin behar dela eta bozetara deitu. Dena den, legearen zirrikituak baliatu ditzakete dimitituta ere parlamentua ez desegin eta gobernuburu Catalan bera jartzeko. PSNren botoekin eta krisiari aurre egiteko egonkortasunaren izenean, bidea libre lukete hauteskundeetara arte irauteko.

Onartuko al luke halakorik Barcinak? Orain arte bere ibilbide politikoa arrakastaz arrakasta mugitu da, eta bere alderdiaren eskutik bere porrot umiliagarriena eta bakarra jasan dezake. Osagai pertsonal hori faktore erabakigarria gerta daiteke bihartik aurrera. Betiere, galduz gero.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.