Gerra hotsa dabil Europan, eta, Ameriketako Estatu Batuetako presidente Donald Trump taula geopolitikoa iraultzen hasi denetik, alarmak ozenago jotzen du kontinente zaharreko herrialdeen artean. Europa gehiago armatzeko ekimen sendoa zabaltzen ari da azkar, baina estatuek ez dituzte argitzen plan horien xehetasunak. Ezer baino lehen, diru kopuru erraldoia jarri du Europako Batzordeak: ReArm Europe planaren bitartez, 800.000 milioi euroko aurrekontua baliatu nahi du EBko estatuek independentzia handiagoa izan dezaten defentsari eta segurtasunari dagokienez.
«Bakea indarraren oinarrian bakarrik eraiki daiteke», adierazi du Ursula von der Leyen Batzordeko presidenteak. Si vis pacem para bellum (bakea nahi baduzu, prestatu gerrarako) esapide erromatarrari jarraikiz, Europako ia gobernu guztiak mezu argi bat helarazten ari dira: batik bat Errusiaren mehatxu militarrari aurre egiteko, derrigorrezkoa da gerrarako prestatzea.
Egungo jokaleku geopolitikoan, Bigarren Mundu Gerraren osteko nazioarteko egituretan pitzadura handiak sortzen ari dira; ba al dago tarterik euskal gizartean pazifismoarentzat? Ala, aitzitik, antimilitarismoa pizteko garaia da? Gerra mehatxuari bakezaletasunez erantzuteak ba al du zentzurik?
EHUko Nazioarteko harremanetako doktore Jose Luis de Castro Ruano, EuroBasqueko idazkari nagusi Igor Filibi eta Gernika Gogoratuz ikerketa zentroko zuzendari Maria Oianguren adituek gaur egungo egoera konplexua aztertu dute BERRIArentzat. De Castrok uste du «gerra hotzaren osteko segurtasun ordena» apurtu egin dela Ukrainako inbasioarekin batera. «Eta normala da Errusiak ordena hori apurtu nahi izana, haien kontra eraiki baitzuen Mendebaldeak», erantsi du. Trumpek, berriz, beste aldagai bat sartu du ekuazioan: «NATOn pitzadura handia eragin du». Eta, beraz, «mundu berri batera» goazela ziurtatu du EHUko doktoreak, «arauen mundu liberala atzean utzita».
«Defentsa gastuak gora egingo du herrialde guztietan, hemen ere bai. Hori ere gertatuko da, nahitaez, udaberria etorriko den moduan»
JOSE LUIS DE CASTRONazioarteko Harremanetako doktorea EHUn
Analisi geopolitiko hori aski zabaldua da, baina De Castrok ohar bat gehiago gaineratu nahi izan du: «Trumpek orain hain gordin esan diguna esaten ari zitzaigun beste era batera Obama ere: ezin dugula jarraitu AEBekin segurtasuna azpikontratatzen. Azpikontratazio hori bukatu da, azkenerako». De Castro sinetsita dago Europak estatu soziala eraiki ahal izan duela «segurtasuna bermatua» zuelako; «eta orain ez dauka bermatua, gustatu ala ez».
Pentsioak ala droneak?
Nola jotzen du mezu horrek gure gizartea? Gurinaren eta kanoien artean aukeratu beharra ote dago atzera? Hermann Goring buruzagi naziak 1936an esan zuen kanoiek sendotu egingo zituztela alemaniarrak, eta gurinak, berriz, «gizendu baizik ez». Handik urte batzuetara, Paul Samuelson Ekonomiako nobel saridunak dikotomia hori zabaldu zuen, eta gaur egun pentsioen eta droneen arteko hautu bilakatu dute.
«Ez dakit gurean hautu hori egin beharko ote dugun. Ez nuke ziurtatuko. Informazioa falta dugu», dio De Castrok. Finlandian, Errusiaren bizilagun den herrialdean, oso argi esan dute gastu soziala apalduko dutela segurtasunaren mesedetan. «Defentsa gastuak gora egingo du herrialde guztietan, hemen ere bai. Hori ere gertatuko da, nahitaez, udaberria etorriko den moduan».
Frantzian, zergak igotzeko aukera aipatu du Macronek; «gure gizartean ez genuke onartuko hori, gure historia hor baitago. Militar hitza Francorekin lotzen dugu oraindik ere, gerrarekin. Gastu hori igotzea kudeatu beharko duenak aintzat hartu beharko du aurkakotasun hori». Baina De Castro doktoreak argitu nahi izan du aurkakotasun hori ez dagoela soilik euskal gizartean: «Gizarte plurala gara. Niretzat, arlo pertsonalean, AEBei dagokienez independentzia handiagoa lortzea dakarren guztia onuragarria izango da».
EHUko doktoreak ez du baztertu mugimendu antimilitaristan halako aktibatze bat izatea gehiago armatzeko prozesuaren harira, baina ez du uste, esaterako, Irakeko gerrak eragin zuen erreakzioaren parekoa ekarriko duenik. «Gauza desberdinak dira; hura legez kontrakoa izan zen, eta argumentu guztiak gerraren aurkakoak ziren. Orain, auzitan jar daiteke berrarmatzea, jarrera antimilitarista eta pazifista bat oinarri hartuta, baina aldeko argudioak sendoak dira, era berean».

«Dikotomia errazeko narratiba»
Gernika Gogoratuz zentroko buru Maria Oiangurenek beste ikuspuntu batekin aztertu du auzia. Haren arabera, «orain da garaia, inoiz baino beharrezkoagoa baita, pazifismoaren ahotsa entzun dadin». Azaldu du bakearen alde kalera ateratzeko dinamika apaldu egin dela azken urteetan, baina mobilizatzeko moduak desberdinak direla esplikatu du: «Bakearen aldeko kultura defendatzen dugunok ez gaude geldirik. Ikerketa, sentsibilizazio kanpainak, feminismoarekin eta ekologismoarekin bat egitea... lanean jarraitu dugu. Praktika politikoak aldatzeko aritu gara lanean, eta orain iritsi da saretze horiek aldarrikatzeko garaia».
«Militarizazioaren aldeko diskurtsoan harrapatu nahi gaituzte bakearentzat lagungarria izango balitz bezala, baina ez da»
MARIA OIANGURENGernika Gogoratuz zentroko zuzendaria
Oiangurenek ezkortasun handia sumatzen du agintarien mezuetan, eta «ezkortasunak ez luke azken hitza eduki beharko», haren ustez. Eztabaida esparruak eta proposamenak tentuz aztertzeko eskatu du, uste baitu «bide baketsuak alternatiba» izan daitezkeela. «Ez dago aukera errazik, baina aukerak badaude», biribildu du.
Batera edo bestera, Oiangurenen esanetan, Europako Batasunak armatzeko eginiko proposamen zehatza «ez da ideia ona». Proposamen horren atzean dauden duda guztiak argitu nahiko lituzke: «Berrarmatu zertarako? Zer defendatzeko? Pertsonen bizia defendatu behar da, ekosistemena... Hain zuzen, agenda hori aldatzeko ekinaldia da militarizazio saio hau». Oiangurenen arabera, nazioarteko harremanak militarizatzeak ez du emaitza onik ematen: «Etikoki ez da bideragarria. Bizitzarako mehatxu ugari daude mundu osoan, ez bakarrik Europan, eta horiei militarizazioarekin erantzutea ez da bidea. Bake politika eta bake ekonomia bultzatzea eraginkorragoa da».
Halaber, «bake poetikak» landu behar direla gaineratu du, «dikotomia errazeko narratibak» gailendu ez daitezen: «Bakearen hizkuntza bake hizkuntza da. Militarizazioaren aldeko diskurtsoan harrapatu nahi gaituzte bakearentzat lagungarria izango balitz bezala; baina ez da».
«Bakezaleak bai, inozoak ez»
Igor Filibi EuroBasqueko idazkari nagusiaren ustez, pazifismoa oso garrantzitsua da eta izan da euskal gizartean, «baina Europan ere bai, oro har». Gerra hotzean ere, AEBek beti adierazi izan zuten ez zeudela ados «europarren gastu militar txikiarekin». Filibik azaldu du Europak «ongizate estatuaren aldeko apustua» egin duela beti, eta hori ez dela izan «bateragarria» armada handienak izatearekin. «Batez ere Bigarren Mundu Gerraren ondoren, Europako gizartea ez dago prest armei buruz ezer askorik entzuteko. Hori, oraindik, herrien iruditerian dago, balio gisa; horregatik, oso zaila litzateke ezein gobernurentzat armen gastua izugarri handitzea egun batetik bestera».
Izan ere, Filibiren ustez, Europak armen aurkako «txertoarekin» jarraitu du orain arte, heriotzaren eta gerraren ezerezaren «oroitzapena» hurbil izan duelako. Baina ez du ezkutatu egungo garaia «oso zaila» dela pazifismoarentzat: «Egon gaitezke beste alde batera begira aurrez aurre ditugun gertakariak ikusita? Oso gertu ari dira gertatzen, kontinentean. Gerran sartu behar dugu? Argi dago ezetz; baina, ez bagara prestatzen eta gerra iritsi egiten bazaigu? Hori okerragoa da. Ba hori da, hain zuzen ere, Europako estatuek duten dilema».
«Gerran sartu behar dugu? Ez; baina, ez bagara prestatzen eta gerra iritsi egiten bazaigu? Hori da Europako estatuek duten dilema»
IGOR FILIBIEurobasqueko idazkari nagusia
Filibik uste du Europak eutsi egin behar diela bere «balio bakezaleari eta ikaskuntza historikoari», baina, aldi berean, argi asko dio ezin duela «inozentea» izan, «eta hor dago Europan bilatzen ari diren oreka konplexua». Haren iduriko, gehiago armatzeko ekinaldiak ez du baliogabetzen «Europaren izaera pazifista». «Kontua da Europako herrialde askotan kokoteraino daudela negozio asko galdu behar izateaz beste eragile batzuek armen mehatxua egiten dutelako. Hori ere ezin da onartu».
Beraz, «pragmatismoa» eskatu du, «gure bakezaletasun historikoaren eta gaur egungo egoera geopolitiko zehatzaren arteko oreka» aurkitu dezan Europak. Izan ere, sinetsita dago Europak jarri beharko duela «sen ona eta zuhurtzia» nazioarteko harremanetan.