Azpeitiko Ikastolako Ikasberri kooperatibako zuzendaritzako kidea

Miren Lazkano: «Gerorako ekarpen bat egingo duten proiektuak utzi nahi ditugu»

Ez du ahazteko orain arteko bidea. Euskara, kulturartekotasuna eta herrigintza ardatz duten proiektuak utzi nahi dituzte etorkizunerako.

Miren Lazkano, Azpeitiko ikastolako zuzendaritzako kidea. MAIALEN ANDRES /  FOKU
Miren Lazkano, Azpeitiko ikastolako zuzendaritzako kidea. MAIALEN ANDRES / FOKU
gurutze izagirre intxauspe
2024ko urriaren 6a
05:00
Entzun

Miren Lazkanok (Azpeitia, Gipuzkoa, 1967) bizitza osoa eman du Azpeitiko ikastolan. Ikasle gisa hasi zenetik, 1969an. Ikasle, irakasle eta ikastolako ikasleen guraso ere izan da. Gaur egun Haur Hezkuntzako zikloko zuzendaria da, eta irakasle ere segitzen du. Hunkituta hitz egiten du urteak eman dionaz jardutean, «talde kohesioan» lagundu duela iritzi diolako, eta herriari etorkizunerako zerbait uzteko aukera ikusten duelako. Ikastolak unibertsitate arteko ziklo guztietarako eskaintza du: Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza eta Batxilergoa. Egun 700 ikasle eta 400 familia ditu Azpeitiko Ikastola Ikasberri Kooperatibak.

Noiz sortu zen Azpeitiko ikastola, zein egoeratan?

1965. urtean hasi ziren. Hasiera hartan, etxe batean, haur gutxirekin. Baina, pixkanaka, gero eta familia gehiago batu ziren proiektura, eta Elizak utzitako lokaletan egon ginen gero. Ni ikasle gisa hasi nintzen, 1969an, eta, besteak beste, Kontxu Odriozola aktorea zena izan nuen irakasle. Gogoan dut lurrean eserita egoten ginela. Baliabide faltarengatik ere bazen, baina baita hezkuntza beste era batera ulertzen zelako hasiera hartatik ere. 

Adibidez?

Urte haietan, ikastetxeetan banatu egiten zituzten neskak eta mutilak, eta ikastola izan zen lehena denak elkartzen. Euskarazko materialik ere ez zegoen; dena sortzeko zegoen, eta dena euskaraz sortzen zen, bertako beharrei egokituta.

Nola izan zen zabalkundea?

Gu Azpeitian ari ginen moduan, inguruko beste lau tokitan ere ikastolaren proiektuarekin bat egiten zuten familiak hasi ziren antolatzen: Azkoitian, Zestoan, Arroan eta Urrestillan; Izarraitz ibarra deitzen diogun inguruko herriak eta auzoak ziren. Gerora, Izarraizpe kooperatiba sortu zen, eta hor antolatu ziren denak.

Gero eta haur gehiago batuko zineten orduan?

Bai. Loiolako San Ignazio basilikaren alboko aretoetara pasatu ginen gero, eta Azpeitiko Esklabetan ere egonak gara. Gerora, eskola nazionala deitzen zioten ikastetxea hustu zenean, hango geletan ere egon ginen. Gerora, Azpeitian Haur Hezkuntzarako eraikin bat egin zen, eta Azkoitian ere eraikina egin zuten, 1980an.

Mugimenduak izan zuen oihartzunik orduan?

Bai. Baina handitzen eta egonkortzen ari ginenean etorri zen Buesa Legea, 1993an; besteak beste, ikastolen publifikazioa helburu zuena. Ikastolen Elkarteak batzar batera deitu gintuen, Armentian (Araba). Ikastolak izaera publikoa badu ere, ez zuen bat egin lege hark defendatzen zuen eskola publikoaren ereduarekin; besteak beste, euskal curriculuma ez zelako aintzat hartzen. Elkarteak hala iritzi zuen arren, orduan zeuden ikastolen esku utzi zuen erabakia. Ikastola bakoitzak bere batzarra egin zuen publifikazioa onartu edo ez erabakitzeko.

Eta Azpeitian zer erabaki zen?

Guk kooperatiba sortua geneukan ordurako. Bozketa egin zenean, gehiengo sinple bat atera zen publifikazioaren alde, baina kooperatiba desegiteko bi herenaren babesa behar zen. Urtebetez auzitegietan katramilatuta ibili ginen, eta, 1995ean, publifikazio sistema harekin bat egiten ez genuenok beste kooperatiba bat sortzea erabaki genuen. Hala sortu genuen Azpeitiko Ikastola Ikasberri Kooperatiba.

Berriz hastera, beraz?

Lehen urtea gogorra izan zen, hasieretan bezala, haurrak lokaletan-eta eduki behar izan genituelako, baina 1996an lortu genuen eraikin berriko lehen harria jartzea, eta 1996ko azaroaren 17an inauguratu genuen ikastola, 600 ikaslerekin.

Zer nabarmenduko zenuke proiektuaz?

Garrantzi handia ematen diogu guraso gisa, adibidez, gure seme-alaben hezkuntzan parte hartzeari, eta ikastolak horretarako aukera ematen digu. Gure filosofia parte hartzailea da. Bestetik, ikastolek nazio ikuspegian oinarrituta sortzen dute ikasmateriala, euskal curriculuma aintzat hartuta. Kooperatiba bat gara, eta ikastoletan berme bat dugu euskaraz bizitzeko hautua egin dugunok.

«Ikastola txikientzat oso inportantea da ikastola indartsuak edukitzea, haien laguntzei esker daudelako bizirik»

Badaude, ordea, ezberdintasunak ikastolan artean ere, ezta?

Azpeitia euskararentzako arnasgune bat da, baina Euskal Herrian badaude bestela dauden ikastolak, Beskoitzen (Lapurdin) edo Tuteran (Nafarroan) adibidez, eta haientzat ere oso inportantea da sarean ikastola indartsuak edukitzea, txikiak indartsuen laguntzei esker daudelako bizirik. Eta Azpeitia bera ere arnasgune bat izan arren, euskararen erabilerak kezkatzen gaitu, mehatxuak ez baitira gutxi.

Elkarte batean saretuta egoteak zer ekarpen dakar?

Guretzat, indargune bat da. Euskal Herri osoko 114 ikastola gaude elkartean, eta, bakoitzak tokian-tokian bere helburuak dituen arren, baditugu helburu komun batzuk, eta elkar babestuz egiten dugu aurrera. Euskal curriculuma etengabe berrituz goaz, etengabeko formakuntza daukagu, pedagogia berritzaileak aplikatzen saiatzen gara, eta hori dena ez litzateke posible izango elkarterik gabe.  

Laugarren Kilometroak jaia barrutik bizitzea egokitu zaizu jada.

Kilometroak jai batzuk bizi izan ditut jadanik, bai. Lehena, 1979an, eta orduan ikasle gisa bizi izan nuen, Loiolako lokaletan nengoela. Gero, 2000. urtean eta 2011n egin genituen, eta horietan azpiegituretako gastuak ordaintzera bideratu zen dirua. Kilometroak jaia langile eta guraso gisa bizi izan ditut. 

«Talde kohesioa lortzeko asko balio izan digu urte honek, auzolanaren balioa partekatzeko»

Eta nola jaso zenuten 2024koa antolatzeko deia? 

Lan handia eskatzen du, nekeza da zenbaitetan, baina aurtengoa diferentea izan da, eta balio izan digu aktibatzeko, komunitatea osatzen laguntzeko. Plazer bat izan da. Lantaldeak sortuta daude, eta bakoitzak bere erara funtzionatzen du. Hemen, Kilometroak eguna etorri artean, iluntzero argiak piztuta egon dira. Eguna antolatzeko, nor bere arduretatik aritu da, ahalik eta mimo handienarekin dena prestatzen. Talde kohesioa lortzeko asko balio izan digu urte honek, auzolanaren balioa partekatzeko, parte hartzea aktibatzeko... nekeak neke, oso baikorra izan da urtea.

Apustu bat ere egin duzue egunari tamaina hartzeko, ezta? 

Bai. 2011n, adibidez, sei gune izan ziren, eta oso handi geratzen ari zen dena. Orain, txikira begira hasi gara gehiago.

Nondik abiatu zenuten eredu berriko Kilometroak antolatzeko ideia?

Azpeitian egokitu zela jakin genuenean, geure buruari galdetu genion zertarako nahi genuen hartu Kilometroak antolatzeko ardura. Hiru zutabe jarri genituen: euskara, aniztasuna eta kulturartekotasuna, eta herrigintza. Eta jasotzen den dirua hiru zutabe horien jirako proiektuak finantzatzeko erabiltzea erabaki genuen. Gerorako geratuko diren proiektuak nola egin pentsatzen gabiltza herriko eragileekin. Herriari begira eta ikastolari begira gerorako ekarpen bat egingo duten proiektuak utzi nahi ditugu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.