Euskara

Geroak euskara ardatz izan behar duela adierazi du Kontseiluak

Geroa euskaratik. Elkar hartuz, elkar zainduz kanpaina abiatu du Kontseiluak, eta euskara jarri dute erdigunean. Herritar guztien ahotsa entzutea da helburua.

Herritarrak euskaraz bizitzearen aldeko protesta batean, Iruñean. IñIGO URIZ / FOKU
Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
2020ko maiatzaren 21a
12:25
Entzun

Kontseiluak azaldu du etorkizunera begira erabakiak hartzeko ordua dela. Haren arabera, COVID-19ak sortu duen krisiak agerian utzi ditu gizartean eta, ondorioz, baita euskalgintzako esparruan ere zeuden hainbat hutsune. «Herritarren arteko desberdintasuna eta zaurgarrienekiko bazterketa begi bistakoa izan da, normalitatea deitu duten hori ez baita izan denona; hizkuntza eskubideen etengabeko urraketek agerian utzi dute hori». Azaldu dutenez, «normalitate berri baterantz» jotzeko aukera dago orain, eta elkartasuna izango da oinarri nagusietako bat. Bide horretan, euskara jarri dute ardatz, eta kanpaina bat abiatu dute, Geroa euskaratik. Elkar hartuz, elkar zainduz lelopean.

Euskararen normalizazioak «bestelako gizarte normalizazio bat» bultzatu dezakeela uste du Kontseiluak, hala nola eskubide guztiekiko begirunea, gizarte kohesioa eta konpromiso kolektiboa oinarri dituena. Nabarmendu dute Kontseiluko bazkideak bat datozela mezu hau helarazterako orduan: «Euskara ardatz duen gizarte bat izango da, berdinzaleagoa eta demokratikoagoa, eta inoiz baino beharrezkoago duguna». Herritarrei eta eragileei ere dei egin die euskara erdigunean izango duen kanpainan parte hartzera. Antolatzaileen arabera, haietako bakoitzak aukera edukiko du azaltzeko geroa zergatik eraiki behar den euskaratik, «norbere esparrutik eta esperientziatik».

Geroa euskaratik eraikitzen

Kontseiluak ohartarazi duenez, etorkizuna euskaran ardaztu behar dela esaten dutenean, gizarte osoaren onurak ari dira azpimarratzen. Haien arabera, hainbat dira euskalgintzan elkarrekin jarduteko eta euskararen aldeko jarrera izateko arrazoiak: «Euskarak herritarrak elkartzen eta saretzen ditu, eta, euskaldunak bezala, gutxituta dauden talde eta herritarrekiko begirunea lantzeko tresna izan daiteke». Hain zuzen, gaineratu du euskarak elkar errespetatzeko eta zaintzeko bidea irekitzen duela, gertutasuna eta elkartasuna oinarri izanda. Horregatik, Kontseiluaren nahia da herritarren eskubide guztiak bermatzeko zutabea euskara izatea, eta hizkuntza izatea «gizarte berdinzale eta demokratiko» baterako oinarri. «Inoiz baino zilegiagoa eta beharrezkoagoa da euskararen normalizazioaren alde egitea, denok elkar hartuz eta zainduz, gaurdanik geroa jada jokoan dugulako».

Galdera bati erantzuteko gonbita

Kanpainaren helburua herritar guztiei lekua egitea da, guztien ahotsa entzutea, eta, horregatik, galdera bati erantzuteko gonbita egin die Kontseiluak: «Zergatik geroa euskaratik?». Erantzuten lehenak Kontseiluko bazkideak izango dira, eta, horretarako, bideo laburrak osatu dituzte, sarean tantaka plazaratuko direnak. Bazkide horien artean daude, besteak beste, Topagunea, Euskal Herrian Euskaraz, Bertsozale elkartea eta AEK. Era berean, aurpegi ezagunek ere parte hartuko dutela jakinarazi dute, eta horien erantzunak ere sarean plazaratuko direla.

Bazkideei ez ezik, herritarrei eta bestelako erakundeei ere galderari erantzuteko eskatu diete, eta bideo bidez nahiz idatziz sare sozialetan zabaltzeko. Modu anonimoan parte hartu nahi duenak ere badu horretarako aukera. Nahi izanez gero, galdetegi bat bete dezake www.kontseilua.eus atarian, eta bertan plazaratu bere iritzia. Mahai inguru bat ere antolatu dute BERRIAk, Martin Ugalde Foroak eta Kontseiluak, eta ekainaren 4an egingo da, Euskara ere normalitaterantz? izenpean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.