Aurreko urteetako gatazkak eta aldebakarreko irizpide aldaketak gaindituta, Eusko Jaurlaritzak eta BERRIAk akordio bat sinatu dute; euskarazko egunkariaren historian lehen aldiz eman dute pauso hori. Aurten eta datozen bi urteetan, 2,3 milioi euroko ekarpena egingo dio Jaurlaritzak BERRIAri urtero. Inoiz baino babes handiagoa da. Laguntza horrek BERRIAren aurrekontuaren %30 estaliko du; beraz, proiektuaren habe bat izango da babes publikoa, baina autofinantzaketa izango da euskarri nagusia aurrerantzean ere: salmentak, publizitatea, eta, batik bat, BERRIAlagunak. Geroa ziurtatzeko, hortaz, komunitatearen babesa ezinbesteko izango du BERRIAk datozen urteetan ere.
Azken urteak bereziki zailak izan dira egunkari nazionalarentzat. Batetik, papereko hedabideen krisiak jo du: nahiz eta inoiz baino euskaldun gehiagorengana iritsi, egunkari salmentak jaitsi egin dira, eta Internetek diru etekin txikia dakar oraindik —eduki guztiak sarean libre ditu BERRIAk, euskarak ezinbesteko duelakoan—. Horri erantsi behar zaio publizitateak izandako beherakada. Bestetik, Eusko Jaurlaritzak aurreko agintaldian izandako jokabideak egin dio kalte: aldebakarrez, sektorearekin adostu gabe, diru laguntzak banatzeko irizpideak aldatu zituen Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak, eta BERRIAri egin zion kalte berezia. Azken urteetan, BERRIAk inoizko laguntzarik eskasenak jaso ditu.
Euskalgintzan azken urteetan zabaldu den elkarlan ildoaren bidetik, berritasunez betetako argazkia egin zuten Eusko Jaurlaritzako eta BERRIA Taldeko arduradunek atzo Donostian: elkarrekin aurkeztu zuten hiru urterako ituna. Eusko Jaurlaritzaren ordezkari, Bingen Zupiria Hizkuntza Politikako sailburua, Miren Dobaran sailburuordea eta Estibaliz Alkorta zuzendaria izan ziren aurkezpenean; eta BERRIA Taldetik, Beatriz Zabalondo lehendakaria, Iban Arregi kontseilari ordezkaria eta Martxelo Otamendi zuzendaria.
Ia hiru urteko bidearen ondorio da hitzarmena. Laguntzen azken ebazpena, BERRIAri mozketa ekarri ziona, 2016ko abenduan sinatu zuen sailburuordetzako aurreko taldeak, agintaldiaren azken hondarretan —izatez, taldea aldatua zen ebazpena aldizkari ofizialean argitaratu zutenerako—. Sailburuordetzako arduradun berriek gaiari heldu zioten, eta aste batzuen buruan gogoetari ekin zioten Jaurlaritzak, Gipuzkoako Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Hekimen komunikabide elkarteak; helburu zuten hedabideen egoera aztertzea eta babes sistema adostea. Egindako elkarrizketa bidearen ondorio da orain indarrean jarri duten eredua; Bizkaiko eta Arabako diputazioak ere sartu dira sisteman.
Aldaketa handiak egin dituzte. Batetik, laguntzak «ordenatu»: Jaurlaritzak emango die babesa hedabide nazionalei, eta irratiei, telebistei eta Interneteko atariei; tokiko aldizkariei, berriz, aldundiek. Bestetik, laguntzen zenbatekoa zehazteko, ez dute lehia eta puntuazio sistemarik erabiliko, beste oinarri bat baizik: proiektuaren kostu estandarren zati bat estaltzea. Jaurlaritzak eta aldundiek 10,5 milioi euro jarriko dituzte urtean, iaz baino hiru gehiago.
Laguntzak emateko deialdia martxan dago. BERRIAk ere gisa bereko baldintzetan jasoko du laguntza, baina, deialditik beharrean, itun bidez. Haren «ezaugarri bereziak» aintzat hartuta erabaki du hori Eusko Jaurlaritzak; besteak beste, egunkari nazional bakarra dela.
ZENBATEKO LAGUNTZA
Kostu estandarren zati bat estaltzea da laguntza sistema berriaren oinarria. Kostuak finkatzeko, Siadeco ikerketa elkarteak azterketa bat egin zuen iaz: horren arabera zehaztu dute laguntzak zenbatekoak izango diren sortutako eta inprimatutako orrialde bakoitzeko, eta banatutako ale bakoitzeko.
Diru laguntzetan BERRIAk dauka gorakada handienetakoa; alegia, finantzaketa publikoek kostuen zati bat estaltzea ezarri dutenean, aldaketa handienetakoa egunkari nazionalak du, proportzioan laguntza publiko txikienetakoa jaso baitu urteetan. Aurten eta datozen bi urteetan 2,3 milioi euro jasoko ditu urtean; iaz jasotakoa baino milioi bat euro handiagoa da diru laguntza hori —kontuan izatekoa da iaz inoiz baino laguntza txikiagoa eduki zuela BERRIAk: 1,3 milioi—.
Horrekin, BERRIAk aurrekontuaren %30 estaliko du —%20 baino gutxiago estali du azken urteetan—. Igoera handia da, baina kontuan izatekoa da batez besteko finantzaketa publikoaren azpitik dagoela BERRIA oraindik ere.
AKORDIOAREN BALDINTZAK
EAEko Euskararen Legea erabili du Jaurlaritzak BERRIArekin hitzarmena egiteko argudio modura. Gogora ekarri du legeak zer dioen: herritarrek eskubidea dutela informazioa euskaraz jasotzeko, eta hori bermatzeko betebeharra daukala Jaurlaritzak.
Itunean badira klausulak. Batetik, produkzioari lotuak: astean sei zenbaki argitaratzea, bideragarritasun ekonomikoa lortzea... Orain arteko laguntza deialdietan ere baziren. Bestetik, izaerarekin lotutako puntuak: gizartearen aniztasuna islatzea, irakurlegoaren bilakaera jarraitzea, euskaldunen hiztun komunitatea jartzea erdian... BERRIAren misioarekin bat datozen puntuak, finean.
LAN BALDINTZAK
Urteotako egoera gordina BERRIAko lantaldeak nozitu du bereziki: soldatak jaitsita eta izoztuta eduki ditu urteetan. Siadecok, kostu estandarrak kalkulatzeko azterketan, soldatei buruzko datuak ere bildu zituen. BERRIAn, batez beste 26.700 eurokoa izan da lanaldiko kostua azken urteetan, publikoak ez diren euskarazko hedabideetako kostuen batez bestekotik mila euro beherago. Areago, begirada zabalduta, hau diote datuek: Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako komunikabideen arloan, batez besteko lanaldi bakoitzeko kostua 50.500 euro dira. Ia BERRIAko bikoitza, alegia.
Finantzaketa publikoa igotzeak bide emango du BERRIAko soldatak handitzeko, hamar urtean lehen aldiz. Aurten, %15-20 igoko dira lansariak, kategoriaren arabera. Hala ere, batez bestekoen nabarmen azpitik segituko dute, baita Siadecok kostu estandarretan proposatutakoaren azpitik ere. Batez beste, 24.000 eurokoa izango da soldata gordina BERRIAn.
KOMUNITATEAREN PREMIA
Arnasa ekarriko du BERRIAk Jaurlaritzarekin sinatutako hitzarmenak: «salto bat» egiteko aukera eta langileen baldintzak hobetzeko modua. Hala ere, euskarazko egunkariak ezinbesteko du komunitatearen hatsa, haren babesa. Gaur egun, 15.000 BERRIAlagun baino gehiago daude sare horretan. Oinarri sendoa da, baina ezinbestean zabaldu beharrekoa.
Papereko eta Interneteko eskaintzaren bidez gero eta euskaldun gehiagorengana heltzen da BERRIA. Internetek izan du goraldi handia azken urteetan. Edukiak libre ditu BERRIAk sarean, denen esku, euskararen normalizazioan ekarpen handiagoa egin nahirik. Horren balioaz eta kostuaz ohartarazi nahi izan dute, BERRIAren edukietara jotzen dutenei babesa eskatuz: jasotzen duten zerbitzuaz kontziente izanik, BERRIAlagun egin daitezen. Ari dira fruituak iristen: BERRIAlagun gehienak Internetez datoz. Hori areagotzea da erronka aurrerantzean ere: erakundeekin ezarritako habeak komunitatea izatea zutabe.
«Jauzi bat» egiteko garaia
[youtube]https://youtu.be/SR3X235EtZ8[/youtube]
BERRIA Taldea. Hitzarmena
Geroa ziurtatzeko habe bat
BERRIAk eta Jaurlaritzak hitzarmen bat sinatu dute: 2021 arte, urtean 2,3 milioiko ekarpena egingo du gobernuak. Kostuaren %30 estaliko du; beraz, ezinbestekoa izango da komunitatearen ekarpena
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu