Geroa zehazteko urratsak falta

Lasa eta Zabalaren bahiketaren 40. urteurrenean, La Cumbre Donostiako Udalaren esku uzteko prozesua izan dute hizpide udaletxean. Uztailean egin zen lagapena martxan jartzeko urrats bakarra

Ander Gillenea / Foku.
Iosu Alberdi.
Donostia
2023ko urriaren 17a
00:00
Entzun
Ostegunean beteko da urtebete Espainiako Memoria Demokratikorako Legea indarrean sartu eta La Cumbre jauregia Donostiako Udalaren esku uzteari bide eman zitzaionetik, baina badirudi urrun dagoela oraindik lagapena, eta are urrunago eraikina estatuaren biktimak aitortzeko «memoria gune» bilakatzea. Guardia Zibileko kideek Joxean Lasa eta Joxi Zabala etakideak bahitu zituzten egunaren 40. urteurrenean, EH Bilduk Donostiako Udal Gobernua interpelatu du gaiaren gainean, baina erantzunak agerian utzi du ez dela urratsik egin azken hiru hilabeteetan.

EH Bilduk eta Espainiako Gobernuko alderdiek iazko udaberrian adostutakoaren arabera, Memoria Demokratikorako Legea onartu eta urtebeteko epean La Cumbreren «lagapenerako hitzarmen bat sustatu» behar da, koalizioaren esanetan, hura estatuaren biktimak aitortzeko gune bilakatu dadin, kontuan hartuta legeak ezarritako «izaera finalista». Prozesua, baina, koalizioak nahi baino motelago doa, eta egoera jada «kezkagarria» da, EH Bilduko eledun Juan Karlos Izagirreren esanetan. «Ez dugu aurrerapausorik ikusten», adierazi duOgasun Batzordean.

Izagirrek galdera zuzen bat egin dio Kerman Orbegozo Ogasuneko eta Finantzetako zinegotziari —Eneko Goia alkatea ez dago Donostian—, gogoratuz ostegunean beteko dela urtebete Memoria Demokratikorako Legea onartu zenetik: «Zergatik oraindik ez da gauzatu hitzarmen hau? Jakin nahiko genuke zer urrats egin dituen udalak aukera hau ez galtzeko».

Erantzunean, Orbegozok egintzat jo du EH Bilduk adostutako zuzenketan jasotakoa. Izan ere, Ogasun zinegotziaren hitzetan, Memoria Demokratikorako Legeko hemezortzigarren xedapen gehigarriak lagapena «sustatzea» besterik ez du jasotzen, eta ez urtebeteko epean akordioa ixtea: «Lasai egon gaitezke: hasita dago. Udalaren esku dagoen guztia egin dugu».

Era berean, adierazi du Madrilen erantzunaren zain daudela uztailetik. Horiek horrela, EH Bilduri exijitu dio kexak Espainiako Gobernuari zuzentzeko, haren onespenik gabe ezin delako lagapena gauzatu: «Atentzioa ematen du EH Bilduk ez Kongresuan eta ez Senatuan ez duela ekimen bat ere aurkeztu honi buruz». Hala, Izagirreri galdetu dio ea Mertxe Aizpurua eta Gorka Elejabarrieta diputatuek aferaz hitz egin ote zuten Espainiako jarduneko gobernuburu Pedro Sanchezekin, ostiralean izandako bileran.

Izagirreren esanetan, baina, EH Bilduk eman du eman beharreko pausorik garrantzitsuena: «Tortura eta desagertze zentro bat izan dena Donostiaren esku uztekoa». Beraz, eskatu du udal gobernuak egindakoei edo egiteko dituenei erreparatzeko, eta «arduragabetzat» jo du haren jarrera: «Aitortu ezazue: ez zaizue gustatu, baina beharrezkoa da Euskal Herrian horrelako zentro bat izatea».

Izagirrek hizketagai izan du La Cumbreren geroa ere, eta estatuaren biktimak aitortzeko baliatzearen garrantzia nabarmendu. Hala, bere bi hitzaldietan eskatu du udalak ere azaldu dezala zertara bideratu nahi duen eraikina: «Izaera finalista bat zuen akordioak; garbi dago zertarako izan behar duen, eta jakin nahiko genuke ea lanean ari zareten beste instituzio eta eragile sozial batzuekin proiektu bat zehazteko». Izan ere, uste du Eusko Jaurlaritzak eta, «ezinbestean», memoria lantzen duten eragileek parte hartu behar dutela proiektuan.

Orbegozok, baina, ez du erantzun, eta mugatu da esatera legeak ez duela jasotzen espazio hori estatuaren biktimak aitortzeko baliatu behar denik ere: «Esaten duzuenean ezaugarri finalista duen akordio batera iritsi zinetela La Cumbre eraikina Donostiaren eskuetara pasatu eta memoria historikoa berreskuratzeko erabil dadin, hain zuzen estatuak sortutako biktimei eskainita, hori non dago jasota?».

«Eskaera ofiziala»

Legea iazko urritik martxan den arren, La Cumbreren afera kasik oharkabean pasatu zen uztailaren 17ra arte; legea onartu eta zortzi hilabetera. EH Bilduk Ogasun Batzordean interpelatu zuen Eneko Goia, lagapena gauzatzeko urratsen berri eman zezan. Hark erantzun zuen Espainiako Gobernuarekin harremanetan jarri zirela. Ez zen, ordea, lagapenerako «eskaera ofizialik» oraindik, Espainiako Gobernuak berak EH Bilduri jakinarazi zionez.

Hura uztailaren 26an egin zen, EH Bilduk gaiaren inguruan aurkeztutako mozioa udaleko osoko bilkuran eztabaidatu bezperan. Udal gobernuak Espainiako Gobernuak Araba, Bizkai eta Gipuzkoan duen ordezkaritzari helarazi zion egin beharreko urratsen berri emateko eskaera, eta ordezkaritzak erantzun zion Memoria Demokratikorako estatu idazkaritzari zuzenduko ziola eskaera hura, gaia «oporren ostean» jorratzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.