Geroa Sozialberdeen «ezkerreko izaera irmoa» aldarrikatu du Barkosek

Barkos idazkari nagusi izendatu dute alderdia sortzeko biltzarrean. Geroa Baiko ordezkari ezagun ugari daude batzorde exekutiboan

Uxue Barkos txaloka, Geroa Sozialberdeen idazkari nagusi izendatu zuten unean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Ion Orzaiz.
Iruñea
2020ko abenduaren 20a
00:00
Entzun
Alderdi bat da, ofizialki. Geroa Sozialberdeek badute idazkari nagusia: Uxue Barkos Berruezo. Geroa Baiko parlamentari eta Nafarroako lehendakari ohia izendatu zuten atzo alderdi berriko buru, Iruñean eginiko biltzar eratzailean. Baina, buruaz gain, Geroa Sozialberdeek badute gorputza eta bihotza ere, alderdiaren antolakuntza, oinarri politikoak eta batzorde exekutiboa onartu baitzituzten atzoko bilkuran.

Zuzendaritza osatzen dute Geroa Baiko zenbait kide ezagunek, eta baita aurreko agintaldian independente gisa Nafarroako Gobernuko kontseilari izandako batzuek ere. Honako hau da zerrenda osoa: Koldo Martinez, Ana Ollo, Jose Mari Aierdi, Gorka Azpiroz, Jon Gondan, Pablo Azkona, Jabi Arakama, Itziar Gomez, Isabel Aranburu, Ana Ansa, Guillermo Ezkieta, Fernando Dominguez eta Esther Cremaes. Biltzarrean parte hartu zutenen %98,9k babestu zuten zerrenda, eta %1ek boto zuria eman zuten

Idazkari nagusi izendatua izan osteko hitzartzean, bi ardatz nagusi azpimarratu zituen Barkosek: gizarte politikak eta ingurumenaren gaineko kezka. «Pertsonak nahi ditugu erdigunean, jasangarritasunaren eta ingurumenaren aldeko bidean».

Izan ere, Barkosen esanetan, Geroa Sozialberdeak «ezkerreko posizio politikoetan» kokatuko dira: «Gurea ez da edozein ezker, amore ematen ez duen ezkerra baizik. Ezker irmo eta gaitasun handikoa». Asmo «sozial» horien artean kokatu zuen Barkosek «egungo sistema berrabiaraztea» eta indarrean diren politika ekonomikoak aldatzea, «eredua agortua baitago».

Politika «berdeei» dagokionez, berriz, «jasangarritasuna» eta «ekonomia zirkularrean oinarritutako ekoizpen eredu berri bat» aldarrikatu zituen parlamentariak: «Oreka lehenetsi behar dugu desarrollismoaren aldean, eta gertuko ekonomia sustatu». Aitortu zuen alderdi berriak asko zor diola «mugimendu ekologistak urteetan urratutako bideari», baina argi utzita arlo soziala eta berdea «ez direla inoren jabetzakoak», eta Geroa Sozialberdeen etxea «zabalik dagoela ekarpenak egin nahi dituen ororentzat».

Geroa Sozialberdeen oinarri politikoen arabera, Nafarroa «subjektu politiko burujabea» da, eta ideia horretan sakondu zuen Barkosek ere: «Nafarroak eskubidea du bere etorkizuna erabakitzeko; Nafarroa subirano bat nahi dugu Euskal Herrian». Burujabetzaren bidetik, «pluraltasun soziala eta linguistikoa» bermatzeko asmoa ere agertu zuen.

Hitzartzearen bukaeran, alderdiaren izaera europeistaz hitz egin zuen lehendakari ohiak, «Europak dituen argi-itzalak aintzat hartuta». Hala, Barkosek esan zuen Europa «solidario eta eskuzabala» nahi duela, «baina ez muga gizagabeek eta hildakoz beteriko kostaldeek eragiten duten lotsaizuna».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.