Aretxabaletan (Gipuzkoa) sortua da Miriam Urkia, eta hango kultur etxean egin zuten atzo hark euskaltzain oso izeneko karguaren zina egiteko ekitaldia. Kargurako iazko otsailean izendatu zuten, baina sarrera hitzaldia egitea falta zitzaion: euskaltzain osoak akademian onartzeko egiten duten ekitaldi hotsandikoa. Mende bete badu akademiak, eta iraganaren lorratza agerikoa da haren ekitaldietan eta keinuetan, baina berritasuna ere agerikoa izan zen atzo. Esaterako, berritasuna da oraindik andrazkoak euskaltzain oso izatea —seigarrena da oraindik Urkia; 24 aulki ditu akademiak—. Belaunaldi berri bat ere badakar akademiara: ikasketa guztiak euskaraz egin dituen lehen euskaltzain osoa da Urkia. Harro oroitu zuen atzo: «Ikastolakumea naiz». 1965ean jaioa da, eta bere herriko ikastolako lehen promozioko kidea izan zen. Mundurik berrienarekin dago lotuta, halaber, Urkiaren jakintza eremua: lexikografiaren eremuan dihardu, teknologia berrien bidez lanerako era aitzindariak goldatzen. Haren ikerketa lana mugarri izan zen, esaterako,Xuxen zuzentzaile automatikoa garatzeko. UZEIko langilea da 1983tik, Lexikografia saileko zuzendaria 1992tik. Atzo, batez ere, «sareak ehuntzeko» eskatu zuen.
Euskaltzain emeritua da orain Joan Mari Torrealdai; haren tokia betetzeko izendatu zuten Urkia. Ondoan nahi duela adierazi zuen euskaltzain berriak: «Ordezkaezina da». Gazte-gaztea zela, hura ezagutu zueneko kontuak ekarri zituen gogora, laudoriozko hitzak.«Joan Mari euskalgintzako alor askotan ikusi izan dugu bere onena ematen beti, 2003an bere onen hori kentzen saiatu baziren ere», azaldu zuen; hain justu, Euskaldunon Egunkaria-ren kontrako operazioan bidegabeki atxilotu zutela gogorarazi zuen. «Errespetua, esker ona eta miresmena besterik ez ditut Joan Marirentzat, eta 29. aulkia berarekin partekatzeko ohorea».
Sarrera hitzaldiari Hiztegitik kofradiara goiburua ipini zion Urkiak. Mamiz bete zuen: hiztegigintzan akademiak egindako bidea laburtu zuen, eta etorkizuneko erronkei ere erreparatu zien. Bidean, «gizartearen zerbitzura» jartzeko hautua egin dela nabarmendu zuen. «Ezer ez da betiko, are gutxiago hiztegia. Moldatzen eta eguneratzen ez den hiztegiak ez du deusetarako balio. Lexikografia ez da zerrenda alfabetikoan esanahia jasotzea bakarrik: alderdi psikologikoa eta soziologikoa ere kontuan hartu behar dira», azaldu zuen: «Gizartea aldatuz doa eta, halabeharrez, hiztegiak ere egokitu beharra dauka». Urteotan eginikourratsak aintzat hartzeko erakotzat ditu: «Berandu hartu genuen lexikografia modernoaren trena, baina iritsi ginen, eta ez genuen eserleku txarra hartu, gainera».
Armiarma sarea
Hemendik aurrerako urratsetarako «sareak ehuntzea» ezinbestekoa dela pentsatzen du. «Saregilez josia dago Euskaltzaindia: zein bere aldetik bere sarea ehuntzen», adierazi zuen. Harago egin nahi luke: «Armiarma sare handi bat osa dezakegu Iker sailekoen artean. Eta, horrekin batera, ez ditzagun Jagon saileko lagunak ahaztu». Zer irudikatzen duen argi du Urkiak: «Kofradia bat da amesten dudana, saregileak eta sare-konpontzaileak batuko dituena. Izan badugu Euskaltzaindia, baina guztiak modu finean saretzea besterik ez da falta, hau da, koordinatzea». XXI. gizaldiak «berehalako zerbitzua» ezinbestekoa dela gogoratu zuen, eta soilik akademiako sareak ehunduta eman ahal izango zaiola erantzun egokia horri. «Hizkuntzalaritza aplikatuaren garaian gaude, eta ezin dugu tren hori galdu». Abisua eman zuen: «Egungo arriskua heriotza digitala da».
Andoni Sagarnak eman zion erantzuna. Euskaltzain berriaren soslaia goratu, eta iraganean itzalean geratutako hainbat andre hartu zituen hizpide —Julia Fernandez Zabaleta, Julene Azpeitia, Julita Berrojalbiz, Karmele Rotaetxe...—; akademiarekin lotuak denak, euskararen sustatzaile eta ikertzaileak, baina gizarte ez-parekide batek haiengan ezarritako «berunak» apalaraziak.
Geroa saregileena da
Miriam Urkiak euskaltzain karguaren zina egin du. Joan Mari Torrealdai euskaltzain emeritua goratu du, eta alboan nahi du: «Ordezkaezina da»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu