Administrazio publikoan jarduteko ezartzen diren hizkuntza eskakizunak hizpide, euskararen ezagutza egiaztatu behar denean, eskubideen arteko talka dagoela esaten da sarri. Gaur EHUren Udako Ikastaroen barruan, Osasuna eta hizkuntza VII: hizkuntza eskakizunez harago ikastaroan, hainbat solasaldiren artean, mahai inguru bat egin da, eta propio egin diote han erreferentzia dema horri, izenburutik. Baina tartean aldagai gehiago ere aintzat hartu behar direla adierazteko baliatu dute izendapena. Hauxe izan da, hain justu ere: Lan eskubideak vs hizkuntza eskubidea, eta kalitatezko osasun arreta? Mintzakideak izan dira ELA sindikatuko euskara arduradun Pello Igeregi, EHE Euskal Herrian Euskaraz-eko ordezkari Sugoi Etxarri Zabaleta eta Euskara Denontzat taldeko Sabin Zubiri. Ikastaroaren zuzendari Aitor Montesek gidatu du. Ikuskeren arteko dema agerikoa izan da. Zubirik argudiatu du euskarazko arta eskatu duten pazienteentzat «zirkuituak» bermatu behar direla. Euskarazko arta bermatuko duen sistema bat irudikatu dute EHE eta ELAko ordezkariek, anbiziotsuagoa: ilara bakar bat denentzat.
Igeregik adierazi du euskaldunak beren hizkuntza hautuarengatik «nabarmendu» behar ez duten osasun sistema baten oinarriak jarri behar direla. «Euskaldunoi eskatu zaigu eskua altxatzeko eta guretzat bide berezi bat eskatzeko», azaldu du: «Guk ez dugu normalizatuko zapalkuntza egoera bat». Horiek horrela, «helburu» gisara, nabarmendu du langile guztiak elebidun izateko sistema bat taxutzeko oinarriak jarri behar direla. Hori lortzeko bidean «malgu» jokatu beharko dela onartu du.
Abiaburu bat badela gogoratu du Igeregik. Hain justu, Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoaren euskalduntzeari hamabost urteko epemuga jartzeko adostasuna aurkeztu zuten orain urte bi ELAk, LABek eta Euskalgintzaren Kontseiluak. «Ez dugu inor kaleratu nahi, baina bermatu behar dugu Osakidetzako langile guztiek epe baten barruan euskaraz jakingo dutela». Ezagutzaren orokortzea defendatu du Etxarrik ere. «Arretari dagokionez, noski, Euskal Herrian osasun arreta ematen duten langile guztiek euskaldunak izan behar dute. Nola lortu? Erabaki politikoekin».
«Arretari dagokionez, noski, Euskal Herrian osasun arreta ematen duten langile guztiek euskaldunak izan behar dute. Nola lortu? Erabaki politikoekin»
SUGOI ETXARRIEHE-ko kidea
Zubirik, ordea, auzitan jarri du «derrigortasuna». «Hizkuntza politika kaltegarria da derrigortasuna; horrekin galtzen da gizartearen atxikimendua, gizartearen bultzada». Esan du bide horretan egokia dela tokian tokiko egoera soziolinguistikoaren araberako hizkuntza eskakizunak ezartzea. Azpeitian (Gipuzkoa) izan da ikastaroa, eremu oso euskaldunean, eta, esaterako, argudiatu du han egokiak diren hizkuntza eskakizunak gehiegizkoak direla Euskal Herriko beste hainbat tokitan.
Sestao (Bizkaia) jarri du adibide, udalerri erdaldunago bat. Haren ustez, han Azpeitiko hizkuntza eskakizunak jartzea «diskriminatzailea» da. «Sestaon arreta emateko ez da egokia lanpostu guztiei hizkuntza eskakizuna jartzea». Eta datu bat nabarmendu du: orain arte jasotako datuen arabera, Osakidetzan pazienteen %17k dute eskatua euskarazko arta. Horiek horrela, uste du euskararik ez dakiten langileen lan ibilbideak bermatu behar direla: «Posible izan behar da lan egitea eta finko izatea euskararik jakin gabe».
«Hizkuntza politika kaltegarria da derrigortasuna; horrekin galtzen da gizartearen atxikimendua, gizartearen bultzada»
SABIN ZUBIRIEuskara Denontzat taldeko kidea
Igeregiren arabera, saihestu egin behar da ikuskera hori. «Dikotomia faltsu bat da hizkuntza eskubideak eta lan eskubideak elkarren aurka jartzea», azaldu du. «Euskaraz lan egin ahal izatea ere lan eskubide bat da». Etxarrik gogora ekarri du osasun sistemara usu pazienteak aski egoera zaurgarrietan hurbiltzen direla, eta hor gordindu egiten dela bestela ere askotan ere aski nekagarria egiten «estres linguistikoa». «Zigor eta erantzun txarren» menpeko irudikatu ditu euskaldun asko: ataka zailetan. Egiturazko hainbat aldaketa eskatu ditu, profesionalen trebakuntzan ere euskararen ezagutza bermatzera bideratuak, adibidez. Igeregik erreparatu die, esaterako, EHU Euskal Herriko Unibertsitatean bertan Medikuntza ikasten duten gazteei: «Unibertsitatean zergatik ez dute bukatzen karrera bi hizkuntza jakinda?».
«Ez dugu inor kaleratu nahi, baina bermatu behar dugu Osakidetzako langile guztiek epe baten barruan euskaraz jakingo dutela»
PELLO IGEREGIELA sindikatuko euskara arduraduna
Oldarraldiaz
Ikuskera bi agerian geratu dira azken urteotan euskararen aldeko araudien kontra metatu diren epaien harira ere. ELAk eta EHEk ez dute dudarik: euskararen biziberritzearen aurkako «oldarraldi» baten parte dira. Etxarrik esan du oldarraldia olatu «erreakzionario» zabal batekin dagoela lotuta, eta gizartean zabaldu behar dela ideia hori. «Oldarraldiaren aurrean euskaldunok kontzientzia hartu behar dugu, gure izaeraren kontzientzia, eta aurre egin behar diogu». Ebazpen judizial horietako askoren irakurketa alde bakarrekoa kritikatu du Igeregik. «Ari dira tratamendu bera ematen oso egoera ezberdinetan dauden bi hizkuntzari», salatu du. «Horren atzean ikuspegi supremazista bat dago».
Euskara Denontzat elkarteko kideak, berriz, ukatu egin du erasoaldia: «Gure ikuspegia da ez dagoela oldarraldirik». Esan duenez, urte askotan lan deialdi publikoak geratuta eduki eta gero «egonkortasun prozesu bereziak» sustatu dira, eta horrek ekarri duela jende askok auzitara jotzea beren lanpostuen «defentsan». Era berean, argudiatu du eman diren ebazpenak Euskararen Legeak ezartzen duen lege esparruaren araberakoak direla. Urte askotan eskariak araudi horrek zedarritutako mugetan hartzen zirela esan du, baina aldatu egin dela hori orain zenbait egoeratan, hizkuntza eskakizunak handituta. «Zer aldatu da? Praktikak aldatu dira».