«Geroa Bairi eskuzabaltasuna falta izan zaio»

Txentxo Jimenezek nabarmendu du Geroa Bain dauden gehienak ez zirela egon NaBairen sorreran

Erredakzioa
Iruñea
2011ko urriaren 6a
00:00
Entzun
Geroa Bai osatzen dutenek «Nafarroa Bairen izpirituaz» hitz egitea ez zaio batere gustatzen Txentxo Jimenez Nafarroako Aralarren koordinatzaile eta NaBaiko legebiltzarkideari. Gogora ekarri du Geroa Baiko kide diren gehienak ez zirela egon NaBairen sorreran, eta, beraz, izpiritu hori ez dutela lehen eskutik ezagutzen nabarmendu du. EAJk, Zabaltzenek, Atarrabia Taldeak eta independenteek osatu duten koalizioak ez du etorkizunera begiratzen jakin, eta «Nafarroako etorkizunari eusteko eskuzabaltasuna falta izan zaio», bere iritziz. Info 7 irratianegin ditu hitzok Jimenezek.

Espainiako Kongresurako Geroa Bairen hautagai Uxue Barkosek, bestalde, Amaiurri buruz hitz egin du. Amaiurren parte izatea «beste edozein aukera bezain zilegi» dela esan du;«proiektu berarekin jarraitzearen alde egin dugunona bezain zilegi», zehaztu du.

Soraya Saez de Santamaria PPren Kongresuko bozeramaileak ere hitz egin du koalizio horri buruz. Amaiurrek Diputatuen Kongresuan ordezkaritza lor dezakeela pentsatze hutsak «oilo ipurdia» jartzen diola esan du, eta «inork ez diezaion kanpainarik egin» eskatu du. «Terrorismoa defendatzen eta justifikatzen duenak ezin du instituzio batean egon demokraten alboan», esan du. «Armen edo hitzen artean aukeratu» behar duela esan dio koalizioari, eta gaineratu du hura Gorteetara iristea «atzerapen handia eta gogorra» izango litzatekeela ETAren kontrako borrokan, instituzioetatik ateratzea izan baitzen, «gertatu ziezaiekeen gauzarik txarrena».

Bildu legez kanpo utzi behar al litzakeen galdetuta, Saez de Santamariak erantzun du PP beti egon dela koalizioa legeztatzearen kontra, «Espainiako Poliziak, Guardia Zibilak, Fiskaltzak, Estatuaren Abokatuak eta Auzitegi Gorenak defendatu zuten tesiarekin bat eginda».Gogora ekarri du Hauteskunde Legea aldatu zutenetik modu gehiago daudela alderdi edo koalizio bat erakundeetatik kanporatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.