Geroa Bairen aldeko botoa eskatu du Solanak, «eskuina gerarazteko»

Geroa Bairen Kongresurako zerrendaburu Maria Solanak esan du Nafarroak izan behar duela «politika aurrerakoien enbaxadorea».

Maria Solana Geroa Bairen zerrendaburua. JESUS DIGES / EFE
xabier martin
2023ko uztailaren 21a
12:15
Entzun

Geroa Bairen alde bozkatzea zer den adierazi du koalizio horren Kongresurako zerrendaburuak kanpainako azken egunean: «Eskuinak geldiarazteko eta Nafarroa politika aurrerakoien enbaxadorea egiteko aukera bat; eta berme bat estatua ez dadin oztopo izan Nafarroaren moduko erkidegoentzat; Nafarroan ongi egiten direlako gauzak, eta ongi egiten jarraitu nahi dugulako, anbizioarekin, Nafarroako gizon-emakumeen ongizatearen alde». Horregatik guztiagatik eskatu du botoa Geroa Bairentzat.

Uztailaren 23ko bozei begira emandako azken mezua «boto eraginkorrarekin» lotu du Solanak: «Historiak erakutsi digu Geroa Bai dela indar nafar bakarra Madrilen, Nafarroa progresistari balioa emateko, euskaltzaletasunari, feminismoari, eta beti bere ahotsez».

Geroa Bai koalizioak diputatu bat izan zuen Espainiako Kongresuan, 2004tik 2015era: Uxue Barkos. Nafarroako presidente ohiak eserleku hori galdu zuenetik, ez da berriro izan ganbera horretan Geroa Bairen ordezkaririk. Solanak diputatu hori berreskuratzearen garrantzia nabarmendu du: «Eskuinaren eta eskuin muturraren aurkako partida Nafarroan jokatzen da lehenik, eta diputatuak kenduz irabazten zaio eskuinari».

Horretarako, maiatzeko bozetan botoa Geroa Bairi eman zioten «geroabaizaleek» berriro bozkatu beharko lukete koalizioaren alde, Solanaren esanetan. «Eskuinari bost diputatuetatik bat kentzeko gai izango ginateke era horretan. Nafarroan Geroa Bairen alde bozkatuz egin dezakegu hori».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.