Geroa Bai koalizioko zenbait independentek iragarri dute koalizio barruan beste alderdi bat sortzeko prozesua abiarazi dutela, eta urrian amaituko dela alderdi berriaren sorrera. Erakunde politiko berriaren izena Geroa - Nafarroako Sozialberdeak Europan izango da, eta jite «sozialberdea» izango du.
Alderdi berriaren oinarri politikoak honako hauek izango dira: jasangarritasuna, norabide progresista eta sozialberdea, «Nafarroa subjektu politiko gisa» hartzea, tokian tokiko politika erdigunean jartzea eta Europa «estatuen gaineko erreferentzia politiko gisa» hartzea.
Oraingoz, alderdiaren behin-behineko zuzendaritza osatu dute, eta Antso Fernandez Oregi izango da horren burua.
Hiru hilabeteko prozesua
Abuztuan eta irailean, alderdia eratzeko prozesuari ekingo diote, eta aukera emango diete herritarrei alderdi berrian izena emateko. Urrian, berriz, prozesua bukatuko dute, eta alderdiaren biltzar eratzailea egingo dute. Bilkura horretan, behin betikozuzendaritzako kideak hautatzeko asmoa dute.
Geroa Bai koalizioko hamazazpi kidek bultzatzen dute egitasmo berria, horien artean Uxue Barkos, Nafarroako lehendakari izandakoa eta gaur egun Geroa Baik Nafarroako Parlamentuan duen bozeramailea. Nafarroako Gobernuko zenbait kidek ere sustatzen dute egitasmo berria: esaterako, Jose Maria Aierdi bigarren lehendakariordeak, Itziar Gomez Ingurumen kontseilariak eta Ana Ollo Herritarrekiko Harremanetako kontseilariak.
Koldo Martinez senatariak ere bat egin du egitasmoarekin, eta, harekin batera, Nafarroako parlamentuko zenbait parlamentarik ere: Pablo Azkonak, Isabel Aranburuk, Mikel Asiainek, Jabi Arakamak eta Ana Ansak. Udal mailako zenbait hautetsik ere eman diote sostengua Geroa alderdi berriari.
EAJk «errespetuz» hartu du alderdi berria sortzeko erabakia, eta esan du espero duela koalizioa indartzeko balio izatea, eta hura osatzen duten askotariko sentsibilitateek «ekarpena egiten» jarraituko dutela: «Geroa Bai ezinbesteko proiektu politikoa da».
2011ko irailean aurkeztu zutenetik, Geroa Bai koalizioa EAJk, Zabaltzen elkarteak –hango kideak ziren alderdi berria sustatzen dutenetako batzuk– eta Atarrabia taldeak osatu dute, baina koalizioan pisu handia izan dute beti independenteek.
Geroa Baiko zenbait independentek alderdi berria sortuko dute urrian
'Geroa' izango du izena, «sozialberdea» izango da eta koalizioaren barruan arituko da. Uxue Barkos eta Aierdi daude sustatzaileen artean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu