Negoziazioak azken txanpan sartuta, egiteko zailena geratzen zaie alderdiei. Akordio programatikoko desadostasunak kudeatzeko kontrol mekanismoak eta gobernuaren osaera bera daude oraindik egiteko.
Uztailaren hasieratik negoziazioak komunikabideen arretagunetik at egiten ari direnez, ez dago informazio gehiegirik. Dena den, gaur Parlamentuko Mahaiaren eta Eledunen Batzordea bildu da abuztuan parlamentua gaitzeko asmoz. Izan ere, inbestidura prozesua datozen asteetan egingo da ezinbestean. Halaber, onetsia dute hautagaiak proposatzeko epea abuztuaren 22ra luzatzea. Ordurako, dena eginda egon behar luke, hortaz.
Bilkura amaituta, taldeetako bozeramaileek hitz egin dute. Derrigorrez, negoziazioak izan dituzte hizpide.
Hala, Geroa Baiko Pablo Azkonak aurreratu du oraindik mahai gainean geratzen diren gai nagusietan PSNk kontrol handiagoa izan nahi duela. Parlamentuko emaitzei begiratuta, PSNk 11 ordezkari ditu, Geroa Baik zazpi eta Zurekin Nafarroak hiru. Maria Txibiteren inbestidurari begira zein legealdiari begirako legeei begira, eskuineko ordezkarien gainetik geratzeko, guztien botoak beharko dira, bai eta gutxienez EH Bilduren abstentzioa ere.
Alta, nola neurtzen da talde bakoitzaren baliagarritasuna? Eta nola uztartzen da egungo ordezkaritzarekin eta, batik bat, bakoitzaren interesekin? Hori da negoziazioen gakoa.
Azkonak gaur salatu duenez, PSNk mahai gainean jarri dien azken proposamenean eurek kontrol handiagoa izan nahi dute: «Maiatzean nafarrek eman ziguten boto kopurua —43.660— ez dator bat PSNk egindako azken proposamenean izan nahi duen kontrol organikoarekin eta ekonomikoarekin», ohartarazi du.
Azkonak azpimarratu du 2019an ez zutela negoziatu bakoitzaren «pisuaren arabera», eta orain ere ez dute hori egin nahi. «Ez dugu utziko PSNk pisuaren arabera neurtzea, Geroa Bai bere ordezkaritzaren azpitik utziz eta 43.000 nafar mespretxatuz». Haren irudiko, proposamen horrekin gobernutik kanpo nahi dituzte: «Gobernua uzteko gonbidapen bat da».
PSNren erantzuna
PSNk nabarmendu du maiatzaren 28ko gauaz geroztik pisu handiagoa duela eta horrek bere isla izan beharko lukeela gobernuan. Igandeko emaitzek ikuspegi hori berretsi diote. Dena den, kazetarien aurrean egindako adierazpenetan, Maria Txibite jarduneko lehendakari eta inbestidurarako hautagai nagusiak azaldu du «malguak» direla eta edozein proposamenek bere erantzuna izan dezakeela. «Negoziatzen ari gara, eta ikuspegiak gerturatzen», esan du eta gaineratu: «Ados jartzera behartuta gaude, eta PSNk eskuzabal jokatuko du akordioa erdiesteko».
Ildo beretik jo du Ramon Alzorriz PSNko Antolamendu idazkariak. Gaur adierazi du elkarrizketetan PSN «amore ematen» ari dela eta hala egingo duela aurrerantzean ere. Argudioa indartu nahirik, gogora ekarri du Parlamentuko lehendakaria Geroa Bairen esku uzteko amore eman zutela —PSNk ez zuen ahalmenik, baina, bere hautagaitza aurrera ateratzeko—.
Haren esanetan, beste hainbat kontutan ere amore ematen ari dira, eta, ondorioz, urrats bat atzera egiteko eskatzen dio Geroa Bairi. «Geroa Bai proposatzen ari da zegoen bezala geratzea, eta gaur beste proposamen bat egingo diegu. Ea zer esaten duten alderdiek. Ez dut ikusten Zurekin Nafarroa hainbeste arazo jartzen». Irudi du, beraz, atzera egiteko eskatzen ari zaiela Geroa Baikoei, eta abisua ere igorri die: «Negoziatzen ez duenak herritarrei azaldu beharko die zergatia».
Alzorrizen arabera, akordio programatikoa «ia itxita dago», eta gobernuaren egitura baino ez da geratzen.
Zurekin Nafarroako Carlos Guzman ez da gehiegi sartu polemika horretan. Haren esanetan, «etenik gabe eta presarik gabe» negoziatzen jarraitzen dute akordioa lortzeko helburuarekin. «Ez gara ez baikorrak eta ez ezkorrak».
EH Bildu eta UPN
Negoziazioek aurrera jarraitzen duten bitartean, gainerako alderdiak begira daude. Ezinbestean, akordioa badago, EH Bilduren abstentzioa beharko dute PSNk, Geroa Baik eta Zurekin Nafarroak. Laura Aznal bozeramailearen hitzetan, herritarren mandatu bat utzi zuten maiatzaren 28an, eta oraindik ez zaio eskaera horri erantzun. «Erantzukizunez jokatzeko eta mandatu horri erantzuteko garaia da». Haren esanetan, EH Bildu hitz egiteko prest dago, eta herritarrei EH Bilduren protagonismoa berretsi zuten.
UPNk aukera hori eragotzi nahi du. Asteon Javier Esparzak gobernabidea bermatzeko eskaintza egin dio PSNri, baina hark ezezkoa eman dio birritan. Javier Esparza UPNko presidentearen arabera, Maria Txibite «tematuta dago EH Bilduren menpe geratzeko». Haren irudiko, maiatzaren 28ko emaitzek agerian utzi zuten EH Bildu pisu politiko handiagoa duela: «PSNk eta Geroa Baik kontrol ekonomikoa eta organikoa banatzeko tronuen jokoan jarraitzen dute, eta ez zaie axola zer gertatzen den Nafarroan, gauzak gaizki baitoaz».