Espainiako hauteskundeak

Geroa Baik «neurri zehatzak» nahi ditu emakumeen eskubideetan aurrera egiteko

Maria Solana koalizioko diputatugaiak ziurtatu duenez, «ez da nahikoa eskuinak eta eskuin muturrak duten arriskuari buruz ohartaraztea, eta nahitaezkoa da politika eraginkorrak praktikan jartzea». EH Bilduko Kongresurako Nafarroako zerrendaburu Bel Pozuetak, berriz, «irizpide justuak eta demokratikoak» eskatu ditu, trantsizio energetiko eta ekologikoa egiteko.

Maria Solana, Geroa Bai-ko Kongresurako hautagaia. JESUS DIGES / EFE
xabier martin
2023ko uztailaren 12a
12:10
Entzun

Emakumeen eskubideetan aurrera egiteko «neurri zehatzen alde» egin du Geroa Baik, «jarrera alderdikoiei eta lubakian sartuta dagoen eskuinari aurre eginez, edozein aurrerapen sozialen aurka baitaude». Maria Solana Espainiako Kongresurako koalizioaren hautagaiak ziurtatu duenez, «Nafarroan urte askoan egin den lan etengabea, zorrotza eta juridikoki zein sozialki bideragarria ez da egin Espainiako politikagintzan, berdintasun alorrean».

Ohartarazi du nabarmen geratu direla aurrerapen sozialen kontra «lubakietan irmo dauden eskuin politikoa eta mediatikoa», baina Espainiako Gobernua osatu duten bi alderdiei ere erreparatu die: «Benetako aurrerapen zehatzak lortzeko lankidetzan egotetik urrun egon dira, beren artean lehian ibili baitira feminismoaren bandera nork bere egingo erakutsi nahian». Geroa Bairen hautagaiaren aburuz, «Kongresuan egoerak eskatzen zuen neurrian aritzea falta izan zaie bai PSOEri, bai Unidas Podemosi». Solanak esan du eragile horiek ez dituztela jarri ekintza politikoaren erdian «emakumeentzako benetako aurrerapenak». Erantsi du «guztiona izan beharko lukeen kausa modu alderdikoian kapitalizatzeko saioa» egin dutela PSOEk eta Unidas Podemosek. Gaur egun, Sumar koalizioaren barruan da Unidas Podemos.

Solanak goratu egin du Nafarroan Uxue Barkos lehendakaria zela «aldaketaren legegintzaldian» egindako lana, eta lege eta egitasmo batzuk zerrendatu: Emakume eta Gizonen arteko Berdintasunari Buruzko 17/2019 Foru Legea, LGTBI Pertsonen Berdintasunerako 8/2017 Foru Legea, Sexu eta Ugalketa Osasunaren 103/2016 Foru Dekretua eta Skolae hezkidetza programa. «Neurri horiek guztiak gaitzetsi zituzten eskuineko alderdiek, baina Nafarroako gizartean gehienek normaltasun osoz jaso zituen», adierazi du Geroa Baiko hautagaiak.

EH Bilduren trantsizio ekologikoa

EH Bilduko Kongresurako Nafarroako zerrendaburu Bel Pozuetak, berriz, larrialdi ekologiko eta klimatikoaz aritu da: «Iazko suteak, aurtengo lehortea eta euri jasak dira egoera horren froga. Behar-beharrezkoa da trantsizio energetiko eta ekologikoari ekitea, irizpide justu eta demokratiko batzuen gainean».

Zein dira irizpideak? Pozuetak argitu ditu. «Gure ohituretan eta ekoizpen moduetan aldaketak sustatzea, energia berriztagarrien garapen demokratikoa sustatzea eat merkatu energetikoan esku hartezea». Horrez gain, EH Bilduren arabera, «beharrezkoa» da neurri gehiago hartzea lehortea ikusirik: «Biztanleen eta nekazaritzaren hornidura bermatu behar da, eta beharrezko eraldaketak eta berrikuntza bultzatu behar dira nekazaritza sektore kaltetuenetan». Era berean, «energia enpresen gaineko kontrol eta zehapen mekanismoak» gogortzea eskatu du koalizio abertzaleko hautagaiak, eta elektrizitatea merkaturatzeko «enpresa publikoak sortzea», bi helbururekin: «Pobrezia energetikoari aurre egiteko eta konpainia elektriko handiei merkatu boterea kentzeko».

Xede handi horiek bete daitezen, «ezinbestekoa» da, Pozuetak ohartarazi duenez, Madrilen indarrean dauden arauak aldatzea. Hala, zehaztu du aldatu beharra dagoela Espainiako Klima Aldaketaren eta Trantsizio Energetikoaren Legea, «2030rako deskarbonizazio eta igorpenen beharrezko jaitsiera ziurtatzeko».

Azken batean, EH Bilduk «sistema energetikoa demokratizatzeko apustua» egin du, «partaidetza publikoa eta komunitarioa» bultzatuz, herritarrentzat «prezio eskuragarriak» egon daitezen. «EH Bildu Madrilen zenbat eta indartsuagoa izan, orduan eta sakonagoa, justuagoa eta demokratikoagoa izango da trantsizio energitikoa», gaineratu du Pozuetak.

PSN eta gazteak

Javier Remirez PSNko Senaturako zerrendaburuak ere adierazpenak egin ditu gaur. Gazteei zuzendu zaie, eta esan haren alderdiak «guztientzako aukera guztien» alde egiten duela, eta «emantzipatzeko eta bizitza proiektu bat edukitzeko» neurriak hartuko dituztela sozialistek, Espainiako Gobernuan baldin badaude.

Remirezek nabarmendu du gazteen politikak «agendaren lehen lerroan» egon direla 2018. urtetik, «berdintasuna bilatzeko aukerei dagokienez», gazteen jatorritik eta klase sozialetik harago. Helburu behinena gazteen emanzipazioa dela erantsi du. Espainiako azken gobernuak SMI gutxieneko soldata %50 igo duela gogoratu du, «eta neurri horrek gazteei eragin die batik bat». Horrez gain, lan erreforma ekarri du gogora: «Hari esker, gazteek sinatzen dituzten lau kontratutik hiru egonkorrak dira orain».

Era berean, Remirezek helarazi du «buru osasunaren inguruko politikak beharrezkoak» direla herritar guztientzat, «baina batez ere gazteeentzat». Datorren legegintzaldian, PSOEk politika horiek eta gazteei eragiten dien beste guztiak «egonkortu» nahi dituela esplikatu du PSNko senatarigaiak. «Kezka sortu digute Feijooren eta Voxen programak, atzera egitea baitakartzate».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.