Gipuzkoako Foru Aldundiak egindako Bizilekuari lotutako gazteen mugikortasuna Gipuzkoan izeneko txostenak jasotzen duenez, Donostiako 3.375 gaztek Oiartzualdeko eta Buruntzaldeko herrietara jo dute 2010-2020ko aldian. Nabarmen gutxiago izan dira kontrako bidea egin dutenak: bi eskualde horietako 2.510 gazte joan dira hiriburura.
18 eta 34 urte bitarteko gazteekin osatu du ikerketa aldundiak, eta hiri barruan ere, auzoz auzo, ikusten dira aldeak: hiri erdigunetik gertuen dauden auzoek galdu dute gazte gehien. «Badirudi alokairuen prezioak altuak diren eremuetan gazteen etorrerak behera egin duela», jartzen du txostenaren ondorioetako batean. Desazkunde turistikoaren aldeko Bizilagunekin plataformaren esanetan, ikerketak agerian uzten du hiriaren eredua aldatzeko beharra. «Gazteen kanporatzearen fenomeno esanguratsua bizi dugu, eta horrek hiriak bere bizigarritasuna eta bere bizia galtzeko prozesua areagotzen du modu kezkagarrian».
Maddi Juanikorena, Egoi Alberdi, Maria Mungia eta Garazi Castaño dira etxeen prezioengatik Donostiatik alde egin duten gazteetako batzuk.
MADDI JUANIKORENA
«Donostiara itzuli nahi dut, baina panorama beltza ikusten dut»
Donostiako Gros auzokoa da Maddi Juanikorena, eta, hain zuzen, bi urte daramatza Pasaian bizitzen. «Emantzipatzeko hautua egin nuenean, ezinezkoa zen niretzat Donostian geratzea, baina ez Grosen bakarrik, beste auzoetan ere garestiegi zeuden etxeak». Kontatu du Grosen etxeen alokairuko batez besteko prezioa hilean 1.000-1.300 euro artean dagoela. «Berez, Pasaian bertan ere etxe bat lortzeko erraztasun handirik ez nuke izango. Zortea izan dut, eta senide batena zen etxean bizi naiz orain».
Ez du lotura handirik Pasaiarekin. «Lotara etortzen naiz». Izan ere, «trantsizio» moduan ikusten du Pasaiako egonaldia, eta esan du horrek ere baduela eragina. «Donostiara itzultzeko asmoa dudalako-edo, ez dut nire bizitza Pasaian garatu eta bizitza soziala Donostian egiten jarraitzen dut», dio Juanikorenak. Argi du bere asmoa eta erronka noizbait Donostiara itzultzea dela, eta, ahal bada, Grosera. «Ez dakidana da noiz arte luzatuko den trantsizio hau. Donostiara itzuli nahi dut, baina errealista izanda, panorama beltza ikusten dut».
Gaur-gaurkoz, nahiko ondo moldatzen dela azaldu du. «Lana, harremanak eta militantzia Donostian ditut, eta distantzia nahiko laburra denez, ez zait hain deserosoa egiten joan-etorrian ibiltzea». Grosen dituen loturak mantentzeko ahalegina egiten du. Alabaina, ikusten du egunero han ez egoteak komunitate horrekiko atxikimenduan badituela ondorioak. «Lehen, auzoan garatzen nuen aisialdia, erosketak han egiten nituen... Orain, ez».
Gros bera ere asko aldatu dela esan du. «Gaztetxearen sorrera bizi izan dut nik, elkartegintza oso indartsu zegoen auzo bat, jai oso indartsuak zituena, elkar ezagutzeko espazioak eta plazak zituena, taberna herrikoiak zituena...». Orain, berriz, gero eta turismoari bideratuagoa dagoen auzo bat ikusten du. «Hezkuntza paisaiak berak ere gehiago sentiarazten zaitu Europako edozein hiritan, Euskal Herrian baino».
EGOI ALBERDI
«Ni oraindik ere Donostiara itzuliko nintzateke»
«Aukera emango balidate, ni oraindik ere Donostiara itzuliko nintzateke», esan du Egoi Alberdik. Donostiarra da, eta donostiarra du bikotekidea, baina Hernanin bizi dira 2017tik. Babes ofizialeko etxe bat egokitu zitzaien, eta herriarekin aparteko loturarik ez zuten arren, erabaki zuten sortutako aukerari heltzea eta erostea. «Gure gurasoak Donostian bizi dira, eta lagun kuadrillak ere han ditugu. Guretzat errazena eta erosoena zen Donostian geratzea».
Alberdiren esanetan, Astigarragara, Errenteriara eta abarretara joan dira beren lagun asko ere. Hernanin, hutsetik hasi behar izan dutela dio. «Bi ume ditugu, eta parkean muntatu dugu saretxo bat, baina hasieran ez genuen ezagunik inguruan». Haur parkeko lagun talde horretan, erdiak donostiarrak direla esan du. Bizitza Hernanin egiten dute orain. «Nire lagunak orain hamabost egunean behin ikusten ditut. Egunerokoak eramaten zaitu bizitza umeak dituzun tokian egitera. Umeak hernaniarrak dira».
Donostiatik alde egindako gazteen datuak entzunda, Alberdik azaldu du Eneko Goia alkateak iaz egindako adierazpen batzuk etortzen zaizkiola gogora: norbere auzoan zahartu nahi izatea mokofin samarra izatea zela esan zuen Goiak. «Amorru handia ematen du hori entzuteak. Zure eguneroko bizitza inguru batean sortu duzu, eta ezin duzu han jarraitu». Amara auzokoa da Alberdi, eta hara itzuli nahiko luke. «Ilusioa egingo lidake noizbait bueltatzeak, baina etxea erosia dugu Hernanin, eta ia ezinezkotzat daukat. Ea ondorengoek behintzat aukera hori duten».
Donostian bezala, Hernanin ere etxeak «izugarri» garestitu direla gaineratu du. Alberdik dio berez ez dela etxea erostearen aldekoa. «Ni alokairuaren aldekoa naiz, baina alokairu sozial baten aldekoa. Gaur egungo prezioak ezin dira ordaindu; beste baten hipoteka ordaintzen duzu».
MARIA MUNGIA
«Lagunak eta familia zaindu nahi baditugu, gertu izan behar ditugu»
Bikotekideak eta biek elkarrekin bizitzera joatea erabaki zutenean, duela hiru urte inguru, hasieran Donostian, Amaran hasi zen etxe bila Maria Mungia, bere auzoan. Lasarte-Oriakoa du bikotekidea, eta hara joan dira azkenean. «Lasarten merkeago daude etxeak, eta ni Donostian oso-oso gustura biziko nintzatekeen arren, hona etorri ginen». Kilometrotan distantzia handia ez izan arren, kontatu du Lasarte-Orian bizitzea ez zaiola hain erosoa egiten. «Adibidez, ostegun batean lagunekin afaldu nahi badut, 22:00etan izaten dut azken autobusa. Edo lantokitik etxera etortzen bazara, normalean gero ez zara Donostiara itzultzen».
Nabarmendu du Donostian bizi nahiak ez duela zerikusirik hondartzatik gertu egoteko gogoarekin. Zaintzaren gaian jarri du azpimarra. «Lagunak eta familia zaindu nahi baditugu, gertu izan behar ditugu, besteak zaintzeko eta norbera zaindua izateko». Eman izan dizkio buelta batzuk gaiari. «Neure buruari galdetzen diot zer sare izango nukeen hemen seme-alabak izatea erabakiko banu. Bikotekidea Lasartekoa da, baina haren gurasoak hilda daude eta arrebak ez dira hemen bizi». Mungiaren ama hilda dago, eta aitaren zaintzak ere arduratzen du. «Beste herri batera joaten zara, sarea galtzen duzu, eta dena konplikatzen da».
Alokairuan bizi dira gaur egun, baina etxea erostekoak dira Lasarte-Orian bertan. «Beti begiratzen dut Donostian zer dagoen, baina han etxe bat erosteak esan nahi du betiko pobretzea eta beti diruari begira bizitzea, Lasarten ere asko garestitu diren arren».
Egoerak amorrua ematen dio. «Etxebizitzaren prezioarekin harrapatuta gauzkate. Ezin dugu lana utzi, baldintza prekarioak izan arren. Gazte pila baten energia guztia zentratu da lanean eta etxean bakarrik». Era berean, iruditzen zaio kontuan hartzekoa dela herritar batzuek ez dutela donostiar gazteek izan dezaketen sarerik, eta horien egoera okerragoa dela.
GARAZI CASTAÑO
«Gurasoen etxera itzultzen ikusten nuen neure burua»
Hiru urte Errenterian egin ostean, hilabete honetan Donostiara itzuli da Garazi Cataño. «Lortu dut Donostiako periferiara itzultzea, baina merkatuko arauetatik kanpo, lagun batek mesedea egin didalako». Altza auzokoa da Castaño, eta Intxaurrondo auzora joan zen aurrena, duela lau urte, pisu partekatu batera. «Hilean 900 euro ordaintzen genituen, kontraturik gabe». Lagun batzuk Errenteriara zihoazenez, haiekin joan zen, etxe merkeago batera. Kontratua amaituko zitzaiela eta, azaldu du Errenterian bertan beste etxe bat hartzeko aukera ere aztertu zuela. «Baina Errenteria ere garestitu da. Pentsatzen dut Donostiatik hainbeste gazte joateak ere izango duela eragina».
Aitortu du bolada batean gaizki pasatu duela. «Ikusten nuen dena oso garesti zegoela, eskaintzarik ez zegoela... 27 urterekin, eta urte batzuk emantzipatuta egon ostean, gurasoen etxera itzultzen ikusten nuen neure burua». Hain zuzen, lagunak «zortez» eskainitako aukera egokitu izan ez balitzaio, gurasoenera itzuli beharko zuela azaldu du altzatarrak.
Castañorentzat garrantzitsua da Donostian bizitzea. «Hemen ditut harremanak, lana... Neure burua Donostia ekialdean kokatzen dut». Horri lotuta, erdiguneko auzoetako prezioei buruz gehiago hitz egiten den arren, gainerako auzoetan ere egoerak okerrera egin duela nabarmendu du. «Jendea periferiara ari da joaten, prezioak garestitu egiten dira, eta periferiakook ezin diegu prezio horiei aurre egin».
Iruditzen zaio etxebizitzaren gaian «arduragabekeria politiko handia» dagoela. «Galdu da etxebizitza eskubide bat izatearen zentzua, eta dirua egiteko bitarteko bat gehiago bihurtu da. Ez da posible». Emantzipatzeak, gaur egun, bizitzako beste alderdi batzuk «hipotekatzea» dakarrela uste du. «Badakizu ezingo duzula ikasten jarraitu, edo hainbeste bidaiatu...».